Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

Dokumentuaren akzioak

Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

2024/01/23 09:00
Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

Lesakako ezpata-dantza Argiako dantzariek emana. Argazkia: Anton Egiguren, Dantzak liburua

Vicente Telletxea zen Lesakako alkatea garaitsu hartan. Bere ama Lintzoaingoa zen, nire aitaren aldeko familiaren herrikoa. Horregatik eta Donostiatik gertu baitzen joan ginen Lesakara, bertako dantzak ikastera. Euskal dantzaren alorrean, Nafarroa erdigune kultural bilakatzeko gure gogoa ere hor zen, esan bezala. Guillermo Agara, Guillermo Sarobe eta Manolo Igoarekin egon ginen ezpata-dantza ikasten. Igoa ezpata-dantzarien kapitaina zen eta ehizazale porrokatua zen. Ez zegoen etxean harrapatzeko modurik!

1966. Berriz-en egiten ari diren landa-lanarekin batean, Lesakara joan dira Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi eta Mikel Lizartza, Argiako kideak. Udazkena da. Mikelek arropen xehetasunak hartzen ditu, Marianek doinuenak, bertako txistulari Santiago Irigoienengandik. Juan Antoniok, dantzari dagozkionak, bertako dantza-maisuen eskutik.

Santiago Irigoien txistulari lesakarra
Santiago Irigoien txistulari lesakarra. Navarra, las cuatro estaciones. 1971

Lesakako dantzak ikasi genituenean, ez generaman denbora asko dantzan, ez eta dantzak ikasten. Errepertorio hura berria eta ezberdina gertatzen zitzaigun, guri eta jendeari. Oso erakargarria zen. Garai hartan ia inork ez zituen Lesakako dantzak ematen. Nik noizbait ikusiak nizkion Dugunari, Donibane Lohizunen egiten ziren “zazpiak bat” izeneko dantza alarde haietakoren batean. Ez gehiago.

Herrian harrera izugarri goxoa egin ziguten. Bertako eskoletan ematen zizkiguten azalpenak eta oso ongi ikasi genuen.

Sei edo zortzi astez, joan dira Lesakara. Aldiro bi orduko errepika egiten dute herriko dantzariekin. Gogo biziz entseatzen dute eta begirada zorrotzez. Xehetasunendako, lupa eta testuinguruarendako, angelu handia.

Mikel Lizartza oso arretatsua zen bere lanean eta xehetasun handiz hartu zituen jantziei buruzko oharrak. Esaterako, Lesaka bereko serorek egin zizkiguten eskapularioak, jatorrizkoen berdin-berdinak. Banderaren erreplika ere egin genuen. Lesakarrek erabiltzen zuten banderak kolorea galdua zuen eta Guillermo Agararen bitartez, kutxa batean erdi ahantzia zegoen bandera zaharra lortu genuen. Josturetan jatorrizko koloreak ageri ziren eta horietan oinarritu ginen. Pauen zetazko ehunetan espezializatutako denda bat zegoen eta han erosi genituen oihalak. Arizkungo mojek josi ziguten eta Lesakara eramatean, txundituta, haiek eskatu ziguten erreplika guri. Denboraz larri baitzebiltzan, sanfermin festa haietan Lesakako balkoian zintzilik egon zen bandera, Argiarena izan zen. 

Lesakako bandera arbola, 1971
Lesakako bandera arbola. Navarra, las cuatro estaciones, 1971

Tokiko dantzak ikasten ari badira ere, Argiako kideek ez dute ikuspegi orokorra galtzen. Sistema zabalago baten piezak identifikatzen eta kokatzen hasten dira, batean falta daitekeena beste batean ageri daitekeela ohartuz. Dantza sistema hauek, ordura arteko dantzak probintziaka ulertzeko ikuspegi zurruna gainditzen zutela ohartu ziren, eskarmentua pilatu ahala. 

Lesakako dantzak ikasten ari ginela konturatu nintzen makil-gurutzean egiten zituzten ezpata zubi horiek zirela, hain zuzen, Iztuetak Gipuzkoako ezpata-dantzarendako aipatzen zituen berberak. Gerora, 1968an lau ezpata-dantzari lerroz osatutako Gipuzkoako ezpata-dantza aurkeztu genuenean, halaxe atondu genuen ezpaten arkua.

Ordura arte folklore dantzen behaketan ohikoa zen partikulartasunean, tokiko bereizgarrietan jartzea arreta. Argiaren begirada berriak xehetasun horri adina dantza-sistemari eskaintzen dio atentzioa. Horrela, Lesakan dantzariek makilak erabili arren haien dantza-sistema ezpata-dantzaren familiakoa zela ohartuta aldaketa horren historia bera ezagutzeko ahalegina egingo dute. 

1960ko hamarkada hartan Lesakan egin genuen lanari esker ere, perspektiba zabalagoa izan dezakegu egun, konparaketak egiteko eta konturatzeko, adibidez, Lesakako hainbat urratsek Gipuzkoako dantzen tradizioarekin duten antzekotasunez. Esaterako, zubigainekoaren urratsa eta Gipuzkoako txingo luzekoarena berdin-berdinak dira kasik. 

Landa-lana egiteaz gain herriko artxibategietako dokumentazio zaharra ere aztertu dute dantzen nondik-norakoak hobe konprenitzeko asmoz. Eta koreografikoki ezpata-dantza dena makilekin dantzatua izatera nolatan heldu den azaltzeko arrastoari segiko diote. 

Dokumentazio zaharrean topatu genuen, Trentoko kontzilioaren ondotik hainbat debeku gertatu zirela Lesakan. Errege mairu erraldoi bat elizan sartzea galarazi zuten eta segur aski garai hartakoa da ere ezpaten desagertzea eta makilekin ordezkatuak izatea. Gauza bera gertatuko zen, seguraski, garai batean dantzarako armak erabiliko zituzten beste hainbat herritan: Beran, Berastegin, Lizartzan…

1967ko Donostiako Euskararen festetan aurkeztuko dituzte Lesakako dantzak Baztango dantzekin batean, besteak beste. Baina horretarako, noski, Baztanera ere joan behar…

 

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa