Dokumentuaren akzioak
...eta Argia egin zen
Jerusalemgo Hebrear Unibertsitateko dantza taldea, 1965, Lefkas-eko (Grezia) folklore jaialdian. Argazkia: Urbeltz-Arregi familia
1965ko uda, Lefkasen, Grezian da Goizaldi dantza taldea. Goizaldirekin dira Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi. 1958tik ari dira Donostiako dantza taldearekin. Eszenatokian Jerusalem-eko Hebrear Unibertsitateko dantza taldea dago. Bere folklorea berregin eta nortasun aparta erakusten duen herri baten dantzei eta kantuei darien indarrak liluratuta du bikotea.
Bidaia garrantzitsua izan zen hura. Haren ondotik utzi genuen Goizaldi taldea, bizitzako beste proiektu batzuei ekiteko. Baina handik aste batera Mikel Lizartzak deitu gintuen Argia dantzari taldean parte hartzera gonbidatuz. Argia martxan zen dagoeneko, haren estreinaldian izanak ginen Marian eta biok. Lehenago ere aholku eman eta materiala utzia genien.
Argia talde xumea da une horretan. Zerikusirik ez Iztueta eta Pujanatarren oinordeko eta Gipuzkoaren ordezkari nagusi papera jokatzen duen Goizaldiarekin.
Dantzariak oso gazteak ziren, dantzan egin nahi zuten. Ez ziren konsziente haien taldea aita kaputxinoen eta gaztedi antonianoaren gerizpekoa zela. Dantzan egin nahi zuten, bizi, mundua kurritu.
Donostiako aita kaputxinoen menekoa da Argia dantzari taldea, garai horretan Zeruko Argia aldizkaria den bezala. Emanaldiak bukatu eta desordutan heltzen dira Argiako kideak kaputxinoek Okendo kalean duten egoitzara. Materiala gordetzeko atezaina iratzarrazi behar izaten dute. Okendo kalea utzi gabe, Okendoko eskoletara aldatuko dute taldearen egoitza, bertako haurrei dantzan irakastearen truke eta jadanik fraideen gainbegiratzerik gabe. Taldeari beste aire bat emanen diote Marianek eta Juananek.
Izena aldatzea ere bururatu zitzaigun. Uliazpi toponimoa izan zen aukeretako bat. Baina garai horretan Urriko Iraultzari buruz irakurtzen nuen irrika handiz eta erabiltzen zituzten izenetako asko Argiaren izenaren antzekoak ziren. Boltxebikeen egunkari batek Iskra izena zuen, txinparta edo tximistargia esan nahi duena errusieraz. Beraz, taldearen izena bere horretan uztea erabaki genuen.
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi Argia dantzari taldean lanean hasi direnean, Goizaldin pilatutako eskarmentu guztia izan dute lanabes, baina jakitun dira ezagutza hori ez dela aski izanen. Konturatu dira bai Jerusalemeko Hebrear Unibertsitateko kideekin edo baita atzerrian ezagututako bestelako dantzariekin izandako solasaldietan, denek kurritu dituztela haien herri-zokoak, jatorrizko iturrien bila, dantza, doinu, jantzi, dantzakera… zaharrak ezagutuz, haien ondarea birsortu eta berritzeko kapaz izateraino. Lefkasetik bueltan, Euskal Herrian ere gauza bera egiteko lan-plan berezia atondu du Urbeltzek; herriz-herriko landa-lana egin, dantzak aditu bihurtu arte ikasi eta gerra osteko dantza taldeen eredu zurruna gainditzeko.
1965. urte horretan bertan, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen Amalur filmean dantzatzeko gonbidapena jaso du Juan Antoniok —Goizaldirekin hasieran. Argiarekin, gero—, eta filmazio hartan egin du Jorge Oteizaren ezagutza. Argiaren lanean nolabaiteko katalizatzaile izanen den txinparta.
- Hurrengo atala: 3 - Aire zahar huntan
- Aurreko atala: 1 - Argiaren itzala
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi