Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Ingurutxoen lurraldean

Dokumentuaren akzioak

Ingurutxoen lurraldean

2024/03/05 11:15
Ingurutxoen lurraldean

Leitzako ingurutxoa - Beñauntxingoa. Argia dantzari taldea. Argazkia: Dantzak liburua

Marianen etxean sarri aipatua zen Leitzako ingurutxoa. Batez ere bere amak, Brigida Sarasolak eman zigun horren berri, eta beraz, ezaguna genuen. Marianek berak ingurutxoa nahikoa menperatua zuen, udaro joaten baitziren amaren herrira. Lehen informatzaileak senideak izan genituen. Marianen izeba Antonia Sarasolarekin eta bere senar Ignazio Azpirozekin ikasi genuen ingurutxoa. Beste familia batek belauntxingoa erakutsi zigun Leitzako kafetegiaren gibelaldean. Argiako dantzariei ingurutxoa erakusteko lehen saiakera bat egin genuen baina ez zuen fruiturik eman.

1968. Donostia. Hilabete eman dute Leitzan eta bertan ikasitakoa taldekideei irakasten saiatu badira ere, emaitza ez da Urbeltzen eta Arregiren gustukoa izan. Erreprimitutako gizartea da frankismo beteko hura, agintari politikoen eta erlijiosoen eraginez. Argiako dantzariei kosta egiten zaie bikotearengana hurbiltzea. Inoiz ez dute bikoteka dantzatu eta ez da naturaltasunik.

Europa osoa kurritua genuen ordurako, dantzan. Esaterako, Txekiarren dantzatzeko eta harremanatzeko manera ikusia genuen eta zoragarria zen, xarma handikoa. Halako herri bat amesten genuen. Ametsa zen. Bikotekidearekin pega-pega eginda dantzatzea, hori beste ingurutxo bat da!

Ingurutxoaren erritualaren egitura orokorra barneratu dute, soka-dantza, bilantziko, inguru-handi, inguru-txiki eta abarrekoak. Baina xehetasun txikienei ere erreparatu diete, dantzaren lilura, horietan gordea dagoela sinetsita. 

Inguru-handiko balts urratsak, atxurketak deitzen zioten pasarte bat zuen. Oinekin zorua aitzurrarekin nola, kemen handiz, jotzean zetzan. Bestetik, balts urrats hori, apal-apal egiten zuten, herrestan eramana, geroago Argiak horrenbeste erabili duen urrats gliseatuaren oso antzekoa. 

Leitzako dantzariak 1920 hamarkada
Leitzako dantzariak, 1920ko hamarkadan. Argazkia: Argia DT-ren fondoa

Geroagoko beste saiakera batean, lortu dute arestiko amets dantzatu horretara hurbiltzea eta 1970ean estreinatu dute Leitzako ingurutxoa Iruñeko Gaiarre antzokian. Leitzako ingurutxoa eredu bilakatuko da Argiarendako. Bere oinarria menperatuta, gainontzekoen gakoak barneratzea askoz errazago eginen zaie. Aranon eta Azkaraten ere izan dira. 

Jesus Elosegi ezagutzen genuen. Eresoinkarekin argazkilari ibilitakoa zen eta maite zituen gure dantzak. Azkaraten etxea zuen eta berak alkatea ezagutzen zuen, Goikoetxea izenekoa. Urte asko zeramatzaten dantzatu gabe, baina gazte zelarik, Goikoetxea honek, ingurutxoa dantzatua zuen eta berari hartu genizkion oharrak. 

Leitzako ingurutxoa ezaguna dute esan bezala. Ezagutza hori aski zaie, bi punturen arteko beste lerro bat marrazteko. Koreografiak antzekoak egin zaizkie, doinuak antzekoak direnez gero. Ondare hori harat-honat kurritzen ziren ttunttuneroena zela, ziur da Urbeltz.

Azkarateko ingurutxoa, beste ingurutxoen tankerakoa zen. Doinuak ere beretsuak. Bedaioko txistulariak jo ohi zuen bertan. Doinuak musikariarenak izaten ziren eta herriz-herri karreatzen zituen berekin. 

Doinu eta koreografia antzekoak bai, baina ez igualak, hala ere. Azkarateko ingurutxoak baditu berezitasunak.

Azkaraten mutilek bizkarrez dantzatzen zuten eta emakumezkoak ziren dantza gidatzen zutenak. Bestela egitura, orokor samarra zen, hasierako soka-dantzarekin, inguru-handi eta inguru-txikiarekin. Inguru-handia biko konpasean dantzatzen zen eta inguru-txikia, hirukoan, baltsean. Koreografiatu gabeko fandango eta arin-arin kaotikoa izaten zuten akaberan. Azkaraten, Iribasen, Gorritin, Leitzan, Auritzen, Goñerrin… izan ginen ingurutxoen peskizan. Posible da Irurtzun eta Izurdiaga aldean ere, dantzatu izana.

Ingurutxoen ibilbideak Larraun ibarreko Iribas herrian izanen du hurrengo geltokia. 

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa