Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Hungariar poeten kantuak primaderari

Dokumentuaren akzioak

Hungariar poeten kantuak primaderari

2023/03/02 12:00
Hungariar poeten kantuak primaderari

Marta Sebestyen, Ferenc Novak, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, 2009ko abenduaren 4ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Budapesten elkarrekin afaldu genuen guztiok eta biharamunean Szeged-era eraman gintuzten. Han, ondoko urtean dantzatuko genuen gune guztiak ezagutarazi zizkiguten eta nik nire kaierrean emanaldi bakoitzaren iraupenak notatu nituen. Aurreko edizioetako bideoak jarri zizkiguten jaialdiaren kalitateaz ohar gintezen.

1984. Szeged (Hungaria). Talderik gabe, bakarrik joan da Juan Antonio Urbeltz, jaialdia urtebete beranduago ospatzekoa baita. Jaialdia 1985ean izanen da, baina urtebete lehenago —hitzorduaren garrantziaz ohartarazteko ere balio digu— jaialdiaren zuzendariak talde parte-hartzaile guztietako koreografoak bildu ditu Hungarian, heldu den urteko festibala prestatzeko: eszenatokiak ikusi, oholtzen dimentsioen kontzientzia hartu, saioen iraupenak zehaztu, sarrera-irteerak eta emanaldien dinamikak lantzen hasi dira. Ferenc Novak da jaialdiaren zuzendaria, hungariar dantzaren maisu handienetakoa.

Bisita hark balio izan zidan jaialdiaren dimentsioaz ohartzeko eta pentsatu nuen 1967tik egiten ez genituen zenbait koreografia berreskuratzeko momentu egokia izan zitekeela, Durangaldeko ezpata-joko nagusiaren lerro bakarreko hasiera kasu. Gure emanaldietako hutsarteak desagerraraziko genituen, dantza batek aurrekoa ordezkatuko zuen. 

Szeged-1985_02
Argiako dantzariak, Szeged-eko jaialdiko eszena nagusian dantzan

1985. Szeged (Hungaria). Joan dira uda eta udazkena, bai eta negua eta udaberria ere, eta Argiako espedizio osoa gertatu da oraingoan Hungariako hirian. Orotara, 40 bat dantzari eta musikari. Etorkizun hurbilean garrantzia hartuko duten zenbait egin-molderen probatoki izan da Szeged-eko esperientzia.

Szeged-1985_01
Argiako dantzariak, Szeged-eko jaialdian, 1985ean

Jaialdi hartara bi talderekin joan behar genuela proposatu nuen, sartu-irteerak bizkortzeko batetik, eta balizko lesioei aurreratzeko, bestetik. Zein talde izan zitekeen ere buruan nuen, baina ezetz deliberatu zen eta bakarrik joan ginen. Tamalez, lesioak izan, izan genituen. Dantzarietako batek hegazkinean itzuli behar izan zuen etxera eta beste batek belauneko zaintiratua izan zuen. 

Bizkaiko ezpata-dantza, Otsagabiko makil-dantzak, Axuri-beltza, Zuberoako dantzak, Lizarrako larrain-dantza… eman genituen, besteak beste. Orotara ordu bete inguruko emanaldia. Ferenç Novak-ek zorionak eman zizkigun gure emanaldiagatik. Hungariarrak dantzari bikainak ziren. Ferdinand Van Altenak behin esan zigun beti saiatzen zela dantzari hungariarrak beregana ekartzen, dena dantza baitzezaketen. Esaterako, Novak-en dantzariek gurekin dantzatu zuten larrain-dantzaren jota lasaia eta ehun ere eskaini zizkigun ezpata-dantza erraldoia egin genezan. Szeged-en aire zabalean eta teloirik gabe dantzatu genuen tarteka, eta aldi horietan hungariar dantzariak beraiek ziren teloiaren funtzio hori betetzen zutenak, horretarako espreski prestatutako koreografia eginez. Desagertzen zirenean, eszenan jadanik beste talde bat zegoen prest. Ikaragarri iradokitzailea egin zitzaidan eta ideia berrien uholdea izan zen jaialdia.

Szeged-1985_04
Argiako dantzariak, Szegeden, entsaiatzen

Ez dira dantzariak Urbeltzi Hungariatik arreta deitu dioten bakarrak. Jaialdiaren antolaketak, kalitateak, hunkidurak… xarmatu dute Urbeltz.

Jaialdia hura xoratzekoa izan zen, izenburutik beretik hasita: Hungariar poeten kantuak primaderari izena jarri zion Novak-ek. Izenak bakarrik kalitatea adierazten zuen. Eszena sei bat etxe hungariar tradizionalekin apaindua zen, lastozko teilatuekin eta abar. Eszenatokia ikaragarria zen, gainaldean pasarela bat zuen eta han ere dantza zitekeen. Eszena hartzen zuen plazak zazpi mila ikuslerendako edukiera zuen. Jaialdiaren antolakuntzan 24 lagun ari ziren. Egunero izaten ziren errepikak eguerdiko ordubietatik hiruetara. Novak-ek entseguak mikrofono batekin zuzentzen zituen eta bere laguntzaileek eszena gainekoa kudeatzen zuten. Jaialdiaren goxotasunari Novak-en seriotasuna bateratzen zitzaion. Dena zuen garbi eta autoritatea aitortzen zioten. Goitik behera menperatzen zituen Hungaria eta Errumaniako folkloreak.

Ferenc Novak
Ferenç Novak, Szeged-eko jaialdian bozgoragailuarekin oharrak ematen

Szeged-en ezagutu dute ere, Marta Sebestyen kantaria. Zoltan Szabo-rekin batera ari da. 

Hunkigarria izan zen haien emanaldia. Urte hartako bertako Udazkenean Folk jaialdira ekarri genituen, Donostiara, eta Martarendako berezia izan zen, bere abizena tarteko. Euskaldunonganako lotura berezia zuen.

Szeged-1985_03
Argiako dantzariak Szeged-eko kaleetan dantzan

 Euskaldun gisa agertzeak, hain zuzen, berriz ere tentsioak ekarri dizkio Argiari Szegedeko bidaia prestatzen ari direla. 

Espainiako bandera eramateko iradoki ziguten eta nik erantzun nien baldintza horietan ez gindoazela Hungariara. Telefonoz bestalde nuen pertsonari adierazi nion euskaldunok gure berezko bandera, parlamentu, polizia, telebista, hizkuntza eta baita moneta ere bagenituela! Harritua geratu zen. Ez zen bakarra izan! Telefonoa eskegi eta Marianek galdetu zidan: gure berezko moneta ere badugula? Pezetak eta frankoak!! erantzun nion nik. Hungariarrei ikurriña bidali genien azkenik.

Bidaia bat beste bidaia baten iturburu izan daiteke. 1985eko Szeged-eko bidaian ezagutu dute Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek Henri Coursaget, Argiaren ondoko espedizioaren xede izanen den Confolens-eko (Frantzia) jaialdiko zuzendaria…

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da. 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa