Eszenatik Gardeko plazara

2024/03/19
Eszenatik Gardeko plazara

1968an Iruñeko Hiru Erregeen hotelean zita egin genuen Izabako Justa Labairu 80 urteko emakumearekin eta bere semearekin. Pepe Estornesek eman zigun bere kontaktua eta, Marian eta biok, Mikel Lizartza eta Xabier Zuazu irundarra bildu ginen Labairurekin. Zuazuk super 8ko kamera batekin grabatu zuen elkarrizketa. Justa Labairuk eman zizkigun Ttun-ttunari buruzko lehen zertzeladak, baina semearekin arazoak izan genituen. Ez zuen bere amak dantza egiterik nahi. Hortik gutxira, kotxea erosi genuen eta Erronkarira abiatzea deliberatu genuen.

1969. Uztarroz. Errege egunaren bezperetan Sastre etxeko Ricarda Perez-en atea jo dute. Alabak galdetu die ea euskarari buruzko galderak eginen ote dizkioten amari, gai horrekin oso urduri jartzen baita. Ezetz, dantzekin dutela interesa. Orduan, Ricarda eserita dagoen aulkitik jaiki eta dantzan hasi da. 

Ricarda Perezekin arratsalde bakarra pasa genuen. Ordurako bagenuen nahikoa oinarri eta kontu batzuk zehaztu baino ez genuen egin berarekin. Ricardarekin egon-eta, ostatura joan ginen eta han ezagutu genuen Leonides Mayo. Ustekabean agertutako informatzailea izan zen. Ostatuko mahaiak baztertu eta kanta-marmarrean, dantzan hasi zitzaigun han berean. Bagenuen ttun-ttunaren oinarria eta berari ere zenbait xehetasun hartu genizkion. Esaterako, mutilek bizkarrez dantzatzen zutela parteetarik bat, Azkarateko edo Bedaioko ingurutxoetan bezala.  

Argia dantzari taldea, Donostiako Trinitate plazan Erronkariko Ttun-ttuna ematen. 1971-09-11. Argazkia: Javier Garayalde, Gure Gipuzkoa

Estreinaldia beranduago eginen dute, ez 1969an berean, eta horrek zenbait kontu argitu eta xehatu ahal izateko tartea eman die. Iruñeko Oberena dantza taldeko sortzaile Maxi Aranbururekin jarri dira harremanean. Gerra bukatu-eta, ondoko urteetan dantza zenbaiten bilaketa lanari ekin dio Aranburuk. Tartean Erronkari aldeko Ttun-ttunen biltzeari. 

1947an ikasi zuen Aranburuk eta fresko zuen egitura. San Telmoko gure errepiketara etorri zen eta boleroa eta aldeetaranzko desplazamendua zuzendu zizkigun.

Ez dira, baina, koreografiarenak askatu beharreko korapilo bakarrak. Oso berezi eta aberatsak dira Erronkariko jantzi zibilak eta Argiako kideek bi arazori egin behar izan diote aurre. Batetik, jatorrizko eredu faltari, eta bestetik, jantziak jostea duen kostu handiari.

Iruñeko Txapileta karrikan jostun bat bazen, New York-eko 1965eko Nazioarteko esposizioan erakutsi zituzten erronkariar jantziak atondu zituena. Baina jantzi bakoitzak 25 mila pezeta balio zuen, eta hura astakeria zen. Denbora batez ez genuen sosik izan jantziak egin ahal izateko. Azkenik Donostiako Sakramentuaren monjek josi zizkiguten. Jantziak argazki zaharretan oinarrituz atondu genituen. Iruñeko argazkilari José Roldanen erretratuak genituen, baita Joaquín Sorolla margolariaren lanak ere. Erronkariko emakumeek ez zuten ibarreko jantziarekin dantzatzen jadanik, poliki-poliki galduz joan zen. Hala ere,  jatorrizko janzki batzuk lortu genituen; emakumezko gerruntze bat eta gizonezko jaka bat. Gure gerruntzeen apaingarrien diseinuak Marianek egin zituen, oso ongi marrazten zuen-eta.

Maxi Aranbururen Oberenak egin bezala, Izaba eta Uztarrozeko ttun-ttunen txatalak batuz josi dute Argiako kideek Erronkariko ttun-ttun gisa ezagutzen duguna. Sección Femeninaren eredutik urrundu nahiz, neskei mantelina kendu diete burutik eta mutilei jaka era ezberdinetan jantziaraziko diete —guztiz jantzita, sorbaldatik dilindan…—. Estreinaldiaren ondotik ere, 1988tik aurrera, esaterako, Zortziko ikuskizunerako hautatutako dantzetako bat izanen da ttun-ttuna. Baina Argiaren lana ez da eszenako erakustaldira mugatu. 

Ttun-ttunaren berreskuratzearen kronologia batzuetan gure ekarpena ahantzia izan bada ere, zeregin horretan gure alea jarri genuen. Josema Mendiolak gurekin dantzatu zuen Erronkariko ttun-ttuna eta berak eraman zuen Gardera. Gaur egun, herrian ttun-ttun hori dantzatzen dute.