Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Aire zahar huntan

Dokumentuaren akzioak

Aire zahar huntan

2021/12/20 08:00
Aire zahar huntan

Juan Antonio Urbeltz, Ama Lur filmean

Hondarribia, 1965, Arma plaza. Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea Ama Lur filma grabatzen ari dira. Soka-dantzaren eszenarako Goizaldiko dantzariak deitu dituzte. Argi naturalarekin filmatu nahi dute eta hodei eta eguzkiari beha dira, zain. Jorge Oteiza ere bertan da. Euskal kulturaren isla izanen den arte propioa sortzeko erakunde bat darabil buruan. Horregatik da filmaren akuilatzaileetako bat. Juan Antonio Urbeltz Jorge Oteizarengana hurbildu da, bere burua aurkeztu eta solasean hasi dira.

Oteiza Arte Garaikidearen Euskal Eskola horrekin ari zen amesten. Bi orduz aritu ginen eleketan. Hizlari trebea zen. Uste dut nire atzerriko erreferentziek, nire ausardiak eta hizketagaiak konplexurik gabe mahaigaineratzeko nire nolabaiteko inozentziak Oteizaren arreta deitu zutela. Solasaldiaren ondotik, bere koadernoan, pintura, eskultura edo arkitektura bezalako alorren ondoan, herri-arteen atala sortu zuen eta haren arduradun gisa nire izena idatzi zuen.

Bion arteko harremana estutzen joan zen hortik aurrera. 1967an Marianek Hondarribiko festetako dantza-solteko txapelketan parte hartu zuen. Oteiza Irunen zen, eta Marianek dantzatu-eta Jorge bisitatzera joan ginen. Marianek harreman oso sentikorra zuen berarekin. Urte hartan berean Xabier anaia eta biok ere izan ginen Oteizarekin. Xabier Alemaniatik itzuli berria zen Wuppertaleko eta Hanburgoko balletetan dantzan aritu ondotik. Zuberoako zamaltzainari buruzko elkarrizketa interesgarria izan genuen Jorgerekin, baina baita Carl Gustav Jung psikologoari buruz ere.

Gure arteko harremana luzea izan da, baina 1960ko hamarkada hartan, bereziki intentsoa izan zen. Argiaren hainbat entsaiotara etorri zen Jorge, Jose Luis Zumeta margolariarekin, besteak beste. 1969an, Jaurrietako Axuri-beltzaren estreinaldian izan zen. Luis Peña Gantxegi arkitektoa ere bertaratu zen. Oteiza, Zumeta, Peña Gantxegi… denak Arte Garaikidearen Euskal Eskolaren bileretan izaten ziren eta kultura erreferentzia anitz partekatu genituen bilera haietan.

Espiral izeneko altzari dendan bildu dira Arte Garaikidearen Euskal Eskolako kideak. Han dira besteak beste Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta eta Rafael Ruiz Balerdi margolariak, Remigio Mendiburu eta Nestor Basterretxea eskultoreak, Luis Peña Gantxegi arkitektoa… Giroa jasoa da bilkuran, Juan Antoniori arrotz zaiona neurri batean.

Hitzaldi bat eman nuen bilera haietan, baina niretako giro bitxia zen, erabiltzen zuten hizkera sobera abstraktoa. Nik ez nuen ikasketa akademikorik eta gainera, dantza ez zen modu sistematikoan ikasten. Euskal Eskolako gainontzeko kideek, bai, goi mailako ikasketak zituzten eta Argiaren lana ez zuten lan akademiko gisa kontsideratzen. Aintzat hartzen zuten, noski, baina ez zuten ikusten osotasun bat berritzeko funtsezko adierazpen gisa.

Oteizak aldiz oso ongi ulertzen gintuen. Argia dantzari taldearen leitmotiva Aire zahar huntan bi berset berririk izan da. Lehenagokotik hartu, gauza berriak egiteko. Oteizak idea bera irudikatu zuen traineruaren metaforarekin. Arraunlariak atzera begiratuz aurrera egiten du. Baina Euskal Eskolako gainontzeko kideak haien gauzetan kateatuta zeuden buru-belarri, margotzen eta garaikide izan nahian, horrek zer esan nahi zuen ongi ulertu gabe, nire ustez. Ez dut garbi proiektu hartako gainontzeko partaideak guztiz engaiatuak ote ziren, euskaldun nortasun eta izatearen konzientzia aldarrikatzen zuen siglarik gabeko egitasmo politiko harekin.

Edozein gisaz, Arte Garaikidearen Euskal Eskolarekin izandako hartu-emanak Argiaren lana indartu zuen. Oteiza oso eskuzabala izan zen gurekin eta beste pertsonen aurrean beti aurkezten gintuen laudorio handiak eginez. Argiarekin burutu dugun lanaren helburuetako bat izan da Oteizak gure lanean jarritako konfidantzari kale ez egitea. Orain, harro esan dezakegu Jorge Oteizaren proiektu handi hartaz jarraitzen duen adierazpen kolektibo bizi bakarra Argia dantzari taldea dela.

 

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa