Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Uzbekistango eta Ekuadorreko dantza taldeak izango dira Foklore Bizia jaialdian

2019/07/17

Uzbekistaneko Sabo folklore elkarte nazionala eta Ekuadorreko Somos cultura viva folklore elkartea izango dira aurtengo Galdakaoko Folklore Bizian jaialdiko talde gonbidatuak. Galdakaoko Andra Mari taldeak antolatzen duen jaialdia uztailaren 17tik 22ra izango da. Atzerriko taldeen erakustaldi...

Gehiago irakurri

Lasala: Luz

2019/07/17

Lasala konpainiak Dferia azokan aurkeztu zuen Luz piezaren zatitxo bat duzue irudietan. Judith Argomanizen gidaritzapean lau dantzari ditugu oholtzaren gainean, bi mundutan, iluntasunaren eta argitasunaren munduan. Konpainiaren zuzendariak azaldu digu mundu batean samurtasuna, purutasuna lantzen dela eta bestean basakeria, zakarkeria. Itzalpekoaren argitzea eta aldi berean sakratua denaren iluntasuna irudikatu nahi dute dantzariek. Hori horrela, dantza pieza honetan gauza sakratuei, garbitasunari, gauza fin eta makalei heltzen die, baita gauza gordinei, basatiei eta astakeriei ere. Bereizketa hori dantzakera eta musika aldaketen laguntzaz nabarmen ikusiko da. Zuzendaria eta koreografia: Judith Argomaniz. Dantzariak: Jaiotz Osa, Carla Diego, Garazi Etxaburu eta Paula Parra. Irudiak: Eire Vila. Lasala, Luz, Dferia, 2019-03-12.

Lesaka: San Fermin 2019 zeharkakoa

2019/07/16

San Fermin egunean Lesakako Plaza Zaharrean dantzatutako zeharkakoa jaso dugu bideo honetan. Hamabost ezpata-dantzariak ikus ditzakegu dantzan, elkarri lotuta makila bidez. Alde bakoitzean zazpi dantzari kokatzen dira eta bi ilarak aitzineskuak lotzen ditu, bera kokatzen da aurrena. Zeharkakoa hiru aldiz dantzatzen da goizean zehar. Lehenengo biak Zubigainekoaren aurretik, bata Plaza Zaharrean eta bestea Ziobiko Plazan; azkenengoa, Zubigainekoa dantzatu eta jarraian egiten da Plaza Zaharrean eta dantza horrekin amaitzen dituzte goizeko lanak ezpata-dantzariek. Plaza Zaharrean dantzariak zabal kokatzen dira V formako irudia osatuz, Ziobiko Plazan, berriz, bi ilara paraleloetan jarrita dantzatzen dute.

Aitzineskua eta txistularien koordinazio keinuen ondoren dantza aitzineskuaren hiru jauzirekin hasten da eta horien jarraian dantzari guztiek burua makurtuta erreberentzia egiten dute. Dantzaren izenak dioen moduan zeharka dantzatzen da, alboetara, eskuinera eta ezkerrera egiten dituzte urratsak, beti abiatzera doazen aldeko oinarekin puntua markatuz. Alde batera eta besterako mugimenduak dantzan zehar moztu egiten dira, momentu batzuetan dantzariek deiak markatzen baitituzte hiru jauzi eginez. Dantza amaitu eta segidan plaza barruan makil-gurutzeak egiten hasten dira eta horrela ateratzen dira ezpata-dantzariak plazatik txistularien aurretik.

Ezpata-dantzariak: Unai Gurrutxaga, Igor Gurrutxaga, Fernando Etxegarai, Martin Etxegarai, Mikel Arriola, Andoni Arriola, Xabier Arriola, Bittor Etxabide, Jon Erro, Alaitz Etxabide, Maddi Taberna, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos eta Leire Pastor.

Irudiak: Eire Vila, Oier Araolaza. San Fermin ezpata-dantza, zeharkakoa, 2019-07-07.

Munduko dantzak haurren urratsetan Gauargi festibalean

2019/07/16

Palestinako, Argentinako, Boliviako, Txetxeniako eta Ukrainiako haur dantzariak izango dira Euskal Herrikoekin batera Gauargi Festibalean. Munduko musika eta dantzak izango ditugu uztailaren 17tik 23ra gurean. Ezpeletan izango dira ekitaldi nagusienak, baina Lapurdiko beste zenbait herri ere bisita...

Gehiago irakurri

Malandain Ballet Biarritz: Marie Antoinette

2019/07/15

Ezkondu zen egunetik, torturatu eta hil zuten egunera arte, Maria Antonieta erregina edo "Zorigaitzaren erregina" deiturikoaren bizitza pasarteak taularatu ditu Thierry Malandainek Malandain Ballet Biarritzekin. Maria Antonietak gortean ikuskizun ugari antolatu ohi zituen eta artista asko babestu zituen bere bizitza gorabeheratsuan. Oraingoan, bera eta bere bizitza izango dira oholtza gaineko protagonistak. Malandainek erreginaren alderdi ezberdinak ikertuko eta erakutsi nahi izan ditu dantzaren bitartez. Ikuskizuna martxoan estreinatu da Versailleseko operan eta orain uztailaren 31tik abuztuaren 3ra Donostian izango da ikusgai Victoria Eugenia antzokian, egunero, iluntzeko 20:00etan. Koreografia: Thierry Malandain. Musika: Joseph Haydn eta Christoph Willibald Gluck. Dekoratua eta jantziak: Jorge Gallardo. Malandain Ballet Biarritz, Marie Antoinette, 2019.

And then we danced (2019)

2019/07/12

Georgiako dantzari gazte baten historia kontatzen du Levan Akin Suediako zine zuzendariaren hirugarren pelikula honek. Merab dantzari familia bateko semea da eta ume-umetatik Georgiako Ballet Nazionaleko kide izatea izan du helburu. Gogor dabil lanean, irakaslea zorrotza da oso eta entseguak exigenteak dira benetan. Hala ere, aurkaririk gogorrena, taldera iritsi berri den kidea izango da. Merab eta Mary lagunak hamar urte zituztenetik dantzatu izan dituzte dueto tradizionalak; bikote sentimental direla ere esan daiteke. Irakli mutil gaztea konpainiara etortzen denean, ordea, dena aldatzen da. Irakli Meraben dantzari arerio nagusia izango da, baina aldi berean guztiz erakarrita sentitzen da. Dantza eta homosexualitatearen bidez, Georgiako kultura tradizionala eta gizarte aurrerakoiago baten arteko talka erakusten du pelikulak. Globalizazioaren eraginak iritsi badira ere, georgiar gizarte kontserbadorea ageri zaigu, tradizioa kolokan jartzera ausartzen diren hiritarrak baztertzeko boterea duen gizartea. Baloreen arteko txokea eta egungo gizarte georgiarrarekin batera, dantza irudi ederrak erakusten dizkigu pelikulak. And then we danced, Levan Akin, 2019.

Iruñea: San Joan bezperako soka-dantza 2019

2019/07/11

San Juan bezperan Iruñeko Duguna dantza taldearen soka duzue bideo honetan. Dugunakoek 2013. urtean soka-dantza berezia moldatu zuten San Blas egunean eta San Joan bezperan dantzatzeko. Aurten aldaketa batzuk egin dituzte, besteak beste, genero bereizketarik gabeko soka atera dute, Dugunako dantzariak denak batera, zuriz eta apaingarriek gorriekin dotore. Sua piztu aurretik kantuan eta dantzan aritu dira dantzariak Kosterapean. Nafarroako zenbait soka-dantzatan egin ohi den bezala, sokan hasi eta ingurutxoan bukatu dute dantza. Hemen soka-dantzaren zatiak:

  • Irteera
  • belauntxingoa
  • Axeri-dantza
  • Zortzikoa
  • Inguru txiki
  • Inguru handi

 

Irudiak: Guillermo Arbeloa. San Joan bezperako soka-dantza, Iruñea, 2019-06-23.

Berriz: San Pedro 2019 dantzari-dantza eta erregelak

2019/07/11

Berrizen dantzari-dantza eta erregelak dantzatzen dituzte San Pedro eta Santa Isabel egunean. San Pedro bezperan donien-atxa plazaren erdian igo ondoren irteten dira dantzariak lehenengo aldiz jende aurrera, entsegu nagusira. Ondoren, herriko bi jai egun handietan dantzatzen dute zuriz jantzita. Aurtengo San Pedro eguna berezia izan da Berrizen, lehenengo aldiz emakume batek dantzatu baitu ezpata-dantzari taldean. Dantzari-dantzaren ondoren, eguna borobiltzeko, aurresku aritu da erregeletan. Argazkiak: Maite Irizar, Oier Araolaza. San Pedro, dantzari-dantza eta erregelak, Berriz, 2019-06-29.

Arantzazu 2008 Apostoluen dantza

2019/07/10

Oteizaren apostoluek 50 urte betetzen dituzten egunotan 2008an Arantzazun egin zen Apostoluen Dantza berreskuratu dugu. Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunetan, 2008ko abuztuaren 27an, dantzak eman ziren apostoluen aurrean. 

Musika Hamabostaldiaren baitan, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Argia dantzari taldearen eskutik Argia, Duguna, Maritzuli, Arkaitz eta Kezka dantza taldeetako dantzariak eta txistulariak aritu ziren soka-dantzan. Soka-dantzan, Oteizak egindako apostoluak adina dantzari irten ziren, hamalau. 

Sokan desafioa, abarketak eta banango zaharra dantzatu zituzten eta biribilketan irten ziren oholtzatik. Ondoren, oñatiarrek, San Migel dantza eta uztai-dantza egin zituzten.

Irudiak: Eire Vila. Soka-dantza eta Oñatiko Korpus dantzak, Arantzazu, 2008-08-27.

Itziar: Kopraixak 2018 bikoteen aurreskua

2019/07/09

Itziarko jaietako bikoteen aurreskua dugu bideo honetan. Itziarren Kopraixak ospatzen dituzte abuztu hasieran. Jaietan bikoteen eguna osapatzen da eta arratsalde horretan bikoteek aurreskua dantzatzen dute herriko plazan. Bederatzi mutil irten dira sokan plazara eta segituan zerbitzariak aurreskuaren bikotearen bila abiatzen dira. Aurreskuak bere bikoteari agurra dantzatzen dio, dantza bukatzean neska sokara sartzen da. Orduan zerbitzariak atzeskuaren lagunaren bila abiatzen dira eta atzeskuak ere agurra dantzatzen dio; dantzaren ondoren atzeskuarekin batera bikotea ere sokan sartzen da. Bi agurrak dantzatuta, gainerako dantzarien bikoteen bila joaten dira zerbitzariak eta sokan tartekatzen dira aurreskura gonbidatutako neska guztiak. Denek borobila osatu eta mutilak banan-banan borobil erdira sartu eta bikoteari begira banangoaren puntu bat dantzatzen diote bere kideari eta bukaeran denek batera dantzatzen dute azken puntua. Amaitzeko fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte denek elkarrekin borobilean eta kalejiran irteten dira plazatik. Irudiak: Maite Irizar. Bikoteen aurreskua, Itziar, 2018-08-06.

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Dantza-kontuak Irulegi irratian

2019/11/07

Ez da ideia txarra. Ea gauzatzeko gai garen! Eskerrik asko Iker.

Dantzan on Zein da Madonnak Eurovisionen eskaini zuen euskal kanta?

2019/05/22

Halaxe da bai, Patxi eta Aitor, "Oihaneko Zuhainetan" da Madonnaren abesbatzeko monjeek hitzik gabe ematen duten kantaren doinua. Hemen hitzak, Jean Mixel Bedaxagarrek kantatu ohi dituen eran:

Oihaneko zuhainetan eder zuhainik gorena
Europako popülietan famatürik üskaldüna
Hura da zaharrena Kantabriaren semia
Lorius bere lurretan beti libre egon dena.

Leheneko üskaldüneri fama zaio baratü
Fidel zela herriari eta legetan argitü
Hura izan da gerlari, üsü odolak ixüri
Fidelitatian etxeki eta legia hareki.

Haritx piala bildürik üskal herri orotarik
Bakotxak bere botza emanik eta legia zen egin
Orai ezta legerik ez eta ere juntarik
Fidelitatia galdürik eta legia saldürik.

Dantzan on Barry Lyndon (1975): Goizeko ihintza dantzan

2019/04/24

Eskerrik asko zuzenketagatik Aitor! Bistan da oker jarri dugula.

Dantzan on Inauteriak 2019 oinarrizko egutegia

2019/01/22

Eskerrik asko ekarpenagatik!

Inork hitzordurik faltan botatzen badu, idatziguzue mesedez dantzari@dantzan.com helbidera informazioa eta argazkiren bat bidaliz eta gustora gehituko dugu inauteri egutegian.

Dantzan on Biarritz 1934 Euskal dantza jaialdia

2019/01/17

Durangaldeko dantzarien saioa xehe aztertuta honako argibide, zalantza eta xehetasunak aipatu dizkigu Durangaldeko dantzari batek:

"Durangaldekoak direnarekin guztiz seguru ere ez nago, baina pausukeragaitik oso gureak ikusten ditut. Bestalde Garaiko taldearen inguruan banderaren antzekotasuna (https://pbs.twimg.com/media/DjBgm-nXsAA0Rjo.jpg) eta 'eskas'etan hartzen duten kokapenak (https://www.youtube.com/watch?v=WCzNVC7mi78) kontuan hartuta kointzidentzia gehiegi iruditzen zait Garaikoak ez izatea.

Berriztarrekin, aldiz, zalantza asko ditut zeren haien bandera, antza gerra garaian desagertu zen, gainera 'Durangerriko banderak' liburuan aurkitu dudan argazkian beste kolore bat ikusten diot. Agian Izurtzako bandera izan daiteke? Izurtzakoena ere antza gerra garai inguruan desagertu zen. Honetan denean hobeto dakiena Jon Irazabal Agirre liburuaren autorea da egia esateko.

Pausoen xehetasunen inguruan lehenik, lehenago erakutsi zenuten bideo honekin konparatuz: https://dantzan.eus/[…]/berriz-dantzari-dantza-1923-1928. Alde ugari ikusten dizkiot. Hasteko Biarritzekoan askoz leku txikiagoan ikusten ditut (gaur egun egiten den bezala) eta bideo zaharragoan, bai eta hainbat argazki zaharretan askoz ere espazio zabalagoan daude kokaturik.

Hastean ezpatekin agurtzean Biarritzekoan bata bestea zapalduz dabiltzala esan daiteke. Orokorrean koordinazio gutxiagorekin edo egiten dute dantzan. Bandera eragitearena, aldiz, gaur egun guk jaso dugun bezala egiten dute: 3 buelta ezkerrera, 3 eskumara eta 3 ezkerrera musika doinua jarraituz. Aldiz, bandera eragitean ezpata bandereroaren makila dagoen lekuan uzten dute. Bestetik puntapioa jasotzean batzuetan ez dute guztiz jasotzen, Berrizko bideo zaharragoan aldiz bai. Eta 'buelta' ere batzuek gaur egundaino heldu zaigun 3 pausuetan egiten dute (berrizko bideo zaharragoan bezala) eta beste batzuek aldiz edonola.

Puntapio eta grabiletetan barietatea ikusten bada ere, nik dantza hauek errekuperatzen ibili zirenei beti entzun izan diet jende zaharrak beti puntapioa denbora bitan (lehenengo belauna altxatuta) eta grabiletea aurretik egiten zela ziotela.

Bestalde, 5:05 ean eta 5:41 eta 5:44 etan behean golpea jotzean saltorik ez egitea ere bitxia iruditu zait. Berrizkoek (https://www.youtube.com/watch?v=eSYw1--zlwM) ( 2:19 segundoan) antza bai egiten dutela horrela.

Azkenik, janzkera garai horretako argazkietan ageri dena da. Txalekoa, 'siemprebibie'... galduak. Ezpaten eta makilen luzera Durangaldean ohikoena izan den bezala ikusten ditut."

Dantzan on Oñati 2018 Eusko Ikaskuntzak 100 urte: aurreskua

2018/11/28

Eskerrik asko zure iruzkinagatik Patxi. Desafio gurutzatuari buruz Oñatikoek eman dezakete argibide gehiago, baina Oñatiko aurreskuan ohikoa den koreografia da hori, alegia, horrela egiten dela normalki, ez zen ezer berezirik egin agintariei begira. Kasualitatea izan zen agintariak parean egotea, ze teorian, hor ez, baizik eta sokan izan behar ziren.

Dantzan on Zarautz: San Pelaio 2018 Oilasko biltzea

2018/07/10

Eskerrik asko Xabier abisuagatik, despistea izan dugu. Aldatu dugu.

Dantzan on Dantzei buruzko aipu bat Belako zaldunaren bi eskuizkributan

2018/06/18

Xabier Itzainak Ekaitz Santaziliaren lan honen haritik sarrera bat egin du: https://dantzan.eus/kidea/itzaina/kanbo-1727

Dantzan on Altzürükü 1982 Urdiñarbeko maskaradak

2018/04/18

Marcel Bedaxagarrek bideoari buruzko honako oharra bidali digu: "1982ko maskaraden bideoan (Urdiñarbetarrak Altzürükün) Gabota emaiten düen dantzariak Altzürükütarrak dütük (ahatzerik nüan hori eman züela). Urdiñarbeko gatüzainak ez dik seküla bunet gorririk üken! interresgarriena dük zibilez ari den dantzaria Jakes Abehera (Jaragoyhen) dela, Xiberoko dantzari ejerrenetarik eta hoberenetarik izan dena!"
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com