Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Besta Berri edo Gorpuzti jaia dantzan

Dokumentuaren akzioak

Besta Berri edo Gorpuzti jaia dantzan

2023/06/08 07:40
Besta Berri edo Gorpuzti jaia dantzan

Besta Berri, Armendaritze, 2009-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Dantzariak, musikariak, banderariak, zaldikoak, erraldoiak, herensugea... izan dira garai bateko Korpus prozesio arranditsuetako elementu nagusiak. Gisa horretako erakustaldi handiak galdu ziren, baina zenbait herritan prozesioek eta dantzek ikusgarritasun handiz jarraitzen dute. Donoztiri, Heleta, Lekorne, Donamartiri, Oñati, Lakuntza, Kuartango, Zangoza, Iruñea, Sestaon... asteburu honetan egingo dira Besta Berri, Gorpuzti, Gorputz edo Corpus Chisti ospakizunak.

Lapurdi eta Nafarroa Behereko zenbait herritan ospatzen da Besta Berri. Prozesioan eta mezan dantzatzen dira garai bateko militarren janzkeran oinarritako koloretako jantzi eta banderekin. Oñatin (Gipuzkoa) ere jai handia izaten da korpusetan, hiru egunez aritzen dira korpus-dantzariak herriko baserri, auzo eta kaleetan deskantsurik gabe. Kuartangon (Araba) Trinitateko ermitan ospatzen da erromeria Korpus igandez eta ermitaren bueltan egiten dituzte trinitate-dantzak eta giza dorrea. Lakuntzan (Nafarroa) alkate-dantza plazaratzen dute Korpus igandean eta Iturenen (Nafarroa) soka-dantza egin izan da. Zangozan (Nafarroa), berriz, ezpata-dantzan ateratzen dira dantzariak Besta Berri prozesioan. Iruñean (Nafarroa) ere bada dantzarik korpusetan; Iruñeko Besta Berriko prozesioa San Lorentzoko dantzariek irekitzen dute eta Katedraleko Seikoak haurrek bilantziko bat dantzatuko dute. Sestaon (Bizkaia) ere korpus jaien bueltan egu-dantzak plazaratu berri dituzte.

Oñati Korpus
Korpus-dantzariak, Oñati, 2019-06-03. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Pazko ondorengo 60. egunean da Gorpuzti eguna. Luzaroan ostegunez ospatu izan da jaia, hau da, ipar hemisferioko udaberriko lehen ilargi betetik bederatzigarren igande ondorengo ostegunean. Egun, ordea, korpus osteguneko hurrengo igandean egiten dira jai, prozesio eta dantza gehienak. Eliza katolikoak VIII. mendetik bere egindako jaia da eta eukaristian edo Ostia Santuan Jesukristoren presentzia dagoela ospatu edo berresten du sinbolikoki. Hala ere, argi dago festa hau guztiz lotuta dagoela udako solstizioarekin eta nabarmenak dira izadia eta naturarekin lotutako sinbolo eta ezaugarriak: eguzki sinboloak, kaleetan ihitza, lizarra, loreak...

Besta Berri Nafarroa Beherean eta Lapurdin

Zapurrak, oilarrak, sarjentak, kaporalak, alabardariak, banderariak, makilariak... dira Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Besta Berriko segizioko partaideak. Musikarien martxaren erritmora, militar kutsuko jantziekin desfile ikusgarria osatzen dute. Elizara sartu aurretik ibiltzen dira desfilean, baina elizan bertan ere dantzatzen dira. Kaskarot-martxaren hainbat bertsio dantzatzen dituzte prozesioan eta ondorengo festan dantza-jauziek eta zenbait lekutan dantza-kordak ere leku garrantzitsua izan dute. Nafarroa Beherean Armendaritze, Bithiriña, Donamartiri, Donoztiri, Heleta, Iholdin... eta Lapurdin Lekorne, Itsasu, Kanbo, Luhuso, Makean... izan dira ezagunak Besta Berriko ospakizunak.

Besta Berri
Besta Berri, Armendaritze, 2009-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Jaia Besta Berri igandez eta Oktabaz edo Zortziurrenez egin izan da. Aurten Donoztiri, Heleta, Luhuso eta Lekornen ekainaren 11n eta ekainaren 18an Itsasun, Heletan eta Donamartirin ospatuko dela konfirmatu ahal izan dugu. Badirudi herri guztietan 10:00ak inguruan hasten direla desfileak. Posible da beste zenbait herritan ere Besta Berriko prozesio eta dantzak egitea.

Besta Berri
Besta Berri, Armendaritze, 2009-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Oñatiko korpus jai handia

Korpus eguna erreferentziatzat hartu eta ondoko ostiral, larunbat eta igandean ospatzen dute Korpus jaia Oñatin. 500 urte baino gehiago duen ohitura da hau eta hiru egunez, dantzariek herriko kaleak eta auzoak zeharkatzen dituzte dantzan eta eskean.

Oñati Korpus
Korpus dantzariak Oñatiko San Migel Elizako aldarean, Oñati, 2021-06-06. Argazkia. Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ostiral goizean herriko ikastetxeak bisitatzen dituzte korpus-dantzariek eta eguerdi bueltan eta arratsaldean auzoetan eta baserrietan ibiltzen dira eskean. Larunbatean, goizeko 9:00etan ekiten diote lanari Foruen plazan eta egun osoan zehar kalez kale dantzatzen dira. Igandekoa izaten da egun handia; Oñatin kaleratzen den prozesio ikusgarriari laguntzen diete dantzariek goiz osoan zehar eta arratsaldean, korpus-dantzak eta aurreskua plazaratzen dituzte.

Oñati Korpus
Korpus dantzariak Oñatikoplazan prozesioari laguntzen, Oñati, 2021-06-06. Argazkia. Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kuartangon Trinitate erromeria Korpus igandez

Korpus egunaren ondoko igandean, Kuartangoko Trinitate ermita inguruan erromeria ospatzen da. 12:00etako meza aurretik, herriko dantzariek harrera-dantza eskaintzen diote udalbatzari eta meza ondorenean zelaian elkartu eta trinitate-dantza ematen dute. Dantzatu ondoren, giza-dorrea osatzen dute. Gaur egun, Trinitate jaia igande batez bakarrik ospatzen bada ere, garai batean, hiru igandez luzatzen zen ospakizuna; Korpus eguna edo Besta Berri jaiaren aurreko igandean eta ondoko bietan.

2016-05-29_Kuartango_EV_7709
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Iturenen eta Lakuntzan sokan

Korpus igandez Lakuntzako kintoek alkate-dantza dantzatzen diete udaleko ordezkariei. Alkate-dantza soka-dantza bat da eta honako zati hauek osatzen dute: ezpata-dantza, alkate-dantza, zubia, bi ingurutxoak, jota, arin-arin eta amaierako biribilketa. Urtean hiru aldiz dantzatzen dute; Besta Berri aurretik urtarrilaren 20an, San Saastianetan, egiten dute alkate-dantza urtean lehenengoz Lakuntzan. Abuztuko Ama Birjinaren ondoko igandean ospatzen den Pertzaren festan ere egiten dute.

Besta Berri igandez dantzatu izan da soka-dantza edo dantza-luzia Iturenen. Hainbat urtez galduta egon ondoren 2000. urte inguruan berreskuratu zuen herritar talde batek. Orduan, Migel Makuso txistulariak gordetako doinuak eta adineko dantzarien testigantzei tiraka irakaspenei esker birsortu zuten. Covid garaian soka eten zen eta adierazi digute ordutik ez dutela berriz plazaratu, aurten ere ez da egingo.

Ituren soka-dantza
Soka-dantza, Korpus, Ituren, 2013-06-02. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Zangozan korpusak ezpata-dantzan

1999an sortu zituzten Zangozan Besta Berriko prozesiorako dantzak. Zangozako dantzariak goizeko 10:00etan elkartuko dira San Nikolaseko komentuan, arropaz aldatzeko, kapeletan ipiniko diren loreak ibai ertzeetan hartu eta gero. 11:00etan Komentuaren elizan dantzatuko dira eta gero kanpoaldean. Meza baino lehen Santa Mariako zubitik sarrera egingo dute. Meza Santiago elizan izango da 12:00etan; mezaren irteeran eta gero prozesioaren bukaeran dantzatuko dira. Ezpata-dantza plazaratzen dute eta honako zatiak bereizten dituzte: aria, ezpata-dantza, zortziko eta ezpata-jokoa.

Zangoza korpus-dantzak
Korpus ezpata-dantza, Zangoza. Argazkia: Rocamador dantza taldea

Iruñeko Besta Berri prozesioak eta dantzak

Iruñeko Besta Berriko prozesio San Lorentzoko dantzariek irekiko dute. Iruñeko prozesiorik zaharrena den honek Pizkundetik XIX. mendera arte bertako eta kanpotik etorritako dantzarien presentzia izan zuen eta San Lorentzoko Danzanteen Kofradiak ohitura hori berreskuratu zuen 1999an. Horrez gain, Katedraleko Seikoak haurrek edo Infantikoek Sakramentu Santuaren aurrean Hilarion Eslabaren billantziko bat dantzatzen dute katedraleko presbiterioan eta ondoren, prozesioan ere parte hartzen dute. Meza 11:00etan izan ohi da eta jarraian prozesioa.

San Lorenzoko danzanteak
San Lorenzoko danzanteak, Gorpuzti eguneko prozesioa, Iruñea, 2008-05-24. Argazkia: San Lorenzoko danzanteak

Sestaon eguzkiaren erritmoan dantzan

Sestaoko Eusko Lorak taldeko kideek 2022an plazaratu zituzten egu-dantzak. Uda hasieran dantzak plazaratzeko Besta Berrik eskaintzen duen testuinguru eta sinbologia hautatu zuten: dantzariak, erraldoiak, bandera, zaldikoak eta boboa. Egu-dantza izena eman diete ekainerako sortutako dantza sortari, egua edo eguna, eguzkiaren argia, aro edo eguraldi onari erreferentzia eginez. Ekainaren 10en kaleratuko dute dantza zikloa eta 12:30 aldera hasiko dira Hiru Kontzejuen plazan.

Egu-dantzak
Egu-dantzak, Sestao, 2022-06-04. Argazkia: Asier Alonso Ordoñez.

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.