Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eire Vila Korpus jaia Kuartangon

Dokumentuaren akzioak

Korpus jaia Kuartangon

2018/06/01 08:40
Korpus jaia Kuartangon

Nikolas txikia gaztelu gainean. 2016. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Korpus egunaren ondoko igandean, Kuartangoko trinitate-dantza eta gaztelua edo giza dorrea egingo dituzte Kuartangon bertan. Añanako kuadrilla edo Añanako eskualdea, Arabako zazpi kuadriletako bat da eta hego-mendebaldean kokatzen da. Añanako eskualdea 10 herriz osatua dago; Gesaltza, Aramiñon, Oka Iruña, Beranturi, Lantaron, Erribera Goitia, Erribera Beitia, Uribarri Gaubea, Zanbrana eta Kuartango.

Arabako kuadrillak Añana

Trinitateko erromeria gaur egun: dantza eta gaztelua

Hasteko, Kuartangoko Trinitate jaia igande bakarrean egiten da, Korpus egunaren ondoko igandean Kuartangoko ermitan. Ermita kuriosoa da bertan dagoena, izan ere, altare ondoan dagoen atea zabaldu eta kobazulo batekin egin daiteke topo. Trinitate ermita, errekatxo bat duen kobazulo baten gainean dago eraikita. 

2016-05-29_Kuartango_EV_7667
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Meza aurretik, herriko dantzariek harrera-dantza eskaintzen diote udalbatzari, horretarako baselizara heltzen den bidexkan bikoteka dantza egiten dute, zapi batez lotuta saltoka eta zubiak osatuz dantzatzen dute.

2016-05-29_Kuartango_EV_7709
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Meza ondoren, ermita ondoan dagoen zelaian elkartu eta trinitate-dantza egiten dute borobilean. Amaitu ostean, gertu izango dira giza-dorrea osatuko duten partaideak.

2016-05-29_Kuartango_EV_7800
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

2016-05-29_Kuartango_EV_7807
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Sei pertsonek osatzen dute oinarria, gainean beste hiru kokatzen dira eta azkenik punta-puntara igotzen denak Kuartangoko bibak botatzen ditu. Erromeriak musika eta dantzarekin jarraitzen du.

2016-05-29_Kuartango_EV_7839
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

2016-05-29_Kuartango_EV_7852
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

1980an, Kuartangoko Trinitate dantza eta gaztelua berreskuratu ziren eta horri buruz aritu ziren Begoña Intxauspe eta Eduardo Martinez de Santos-ek 1983ko apirilean argitaratu zen Dantzariak aldizkariko 25. alean (Romería y Danza de la Santísima Trinidad, pdf 4,34MB). Orduko datu bilketa eta testigantzak jasotzen, Begoña Intxauspe eta Eduardo Martinez de Santos-ekin batera, Gloria Ugarte eta Genaro Zamalloa ere aritu ziren. Haiek jaso zituzten orduan bizirik zeuden Eugenio Ruiz, Teresa Ibañez, Sebastiana Aguinaco eta Obdulia Ruiz de Zarate herritarren testigantzak, oraindik ere dantza nolakoa zen oroitzen zutenak. 

2016-05-29_Kuartango_EV_7856
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Gaur egun, Trinitate jaia igande batez bakarrik ospatzen bada ere, garai batean, hiru igandez luzatzen zen ospakizuna. Korpus eguna edo Besta Berri jaiaren aurreko igandea eta ondoko biak. 

Horrela, Begoña Intxauspe eta Eduardo Martinez de Santos-ek jasotakoaren arabera, Trinitate festa Korpus egunaren aurreko igandean hasten zen. Kontuan hartu behar da, Korpus eguna edo Besta Berri eguna osteguna izaten dela, nahiz eta egun herri askotan ospakizuna Korpus egunaren ondoko asteburura pasa. 

Deboziozko eguna

Korpus egunaren aurreko igandeari Deboziozko eguna deitzen zitzaion. Egun horrek funtsean izaera erlijiosoa zuen, Kuartangoko Trinitate ermitara inguruko herritarrak eta udalbatza hurbiltzen baitziren meza entzutera.

Besta Berri egunean ez zen elizkizunik ospatzen ermitan. Aldiz, Santa Eulalia herrian jaien azken prestaketak lotzeko bilera egiten zuten eta eskualdeko mutiko gazteek parte hartzen zuten. Gazteek, hitzordu hori probesten zuten gazteluaren azken entsegua egiteko, eta giza dorrean parte hartuko zuten mutilak izendatzeko. 

2016-05-29_Kuartango_EV_7644
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Erromeria eguna

Erromeria eguna, Korpus egunaren ondoko igandean ospatzen zen eta guztietan egun jendetsuena zen. Egun hori, Zoroen eguna bezala ere ezagutzen zen. Baina jaia, bezperan hasten zen musikarien etorrerarekin. Gaiteroa eta kutxa ziren jaietako musika instrumentu protagonistak.

Gesaltza Añanako musikariak izan ziren 1920 arte Trinitate jaietan festa girotzeko ardura zutenak. Santa Eulaliara hurbiltzen ari zirela hasten ziren musika jotzen eta orduan, herriko neska-mutilak egiten ari zirena utzi eta Santa Eulaliara hurbiltzen ziren ongi etorria emateko.

Igandean, mutikoak goizean goiz esnatzen ziren inguruetako herrietan etxez etxe joateko eta behin ibilbidea amaituta, mutiko guztiak etxe berean elkartzen ziren denek elkarrekin gosaltzeko. Ondoren, ermitara igotzen ziren azken gauzak prest uzteko.

2016-05-29_Kuartango_EV_7683
Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Egun horretan, udalbatza Trinitate ermitara hurbiltzen zen meza entzutera, gehienetan zaldi gainean. Horiek iritsi ahala, idazkariak mutikoei abisua pasatzen zien eta gazteetako batzuk haien zaldiak gordetzen zituezten besteak bikoteka ermita parean prestatzen ziren bitartean. 16 bikote inguru biltzen ziren, bi lerrotan zapiez helduta eta ermitarainoko azken metroak udalbatzaren aurretik egiten zituzten. Bazkalostean, kanpai hotsekin batera, ermitara itzultzen ziren eta bertan gaztelua egiten zen ondotik dantzaldiarekin jarraitzeko. 

Nagien eguna

Korpus egunaren ondoko bigarren igandean festa zen nagusi berriro Añanako eskualdean. Nagien eguna zen Trinitate ospakizunetako azken eguna. Erromeria egunean bezala, egun horretan ere festa bezperatik hasten zen musikariak Santa Eulaliara iristen zirenean. 

Igandean, berriro ere ermitara igotzen ziren herritar guztiak eta meza ostean neskatilek dantzaren lehen zatia egiteko ardura zuten.

Bazkalostean, herritarrak Santa Eulalian elkartzen ziren berriro ere festarekin jarraitzeko. Bertan, berriro egiten zen dantza, baina oraingoan mutikoek zuten dantza gidatzeko ardura. Horren ostean ohitura zen dantza ezkonduek egitea eta amaitzeko umeek ere dantzatzen zuten.

Hori guztia, Begoña Intxauspe eta Eduardo Martinez de Santos-ek Dantzariak aldizkarian jasotako idatzian dago.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eire Vila

Eire Vila

Elgoibarko dantzaria Haritz dantza taldean. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan ere aritzen naiz. Dantzan ez banago, kamara eskuan daukadalako da.

@eirevila


Babestu dantzan.com