Dokumentuaren akzioak
40 alpargata bata bestearen segidan
Aurreskua dantzatu dute Loinatz jaietako asteartean Beasaingo 40 gaztetxok. 13 eta 5 urte bitarteko 40 haurrek plazaratu dute aurreskua eta beste 40 gonbidatu dituzte sokara; guztira 80 haur dantzan plazan.
Soka plazaratu eta desafioa dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak. Eta jarraian, 40 dantzarik bana-banan alpargatak dantzatu dituzte, ordu erdi inguru igaro da dantzari zaharrenetik gazteenaren txanda iristerako. Ordu erdi aritu dira txistulariak doinu bera jotzen, 40 aldiz bata bestearen segidan. Ondoren, aurreskuari gonbidatua atera diote eta agurra dantzatu dio, eta jarraian atzeskuak berdin. Bi agurrak eginda, gainerako dantzarien gonbidatuak sartu dira sokara eta aurrendariak eta azkendariak bigarren desafioa dantzatu dute. Horrela, 80 dantzari sokan direla fandangoa, arin-arina eta biribilketa dantzatu dituzte.
Hemen duzue Goierriko Hitzak argitaratu duen bideoa:
Plazara ateratzeko prestaketak
Aste Santua baino bi aste lehenago hasi ohi direla entseguekin azaldu digu Izaskun Salazarrek; bera aritu da Joseba eta Oihane Sarriegirekin batera umeak prestatzen. Astean lau egunetan, egun bakoitzean ordubeteko entseguak finkatzen dituzte. Dantza maisuak zain egoten dira eta haurrak nahi duten egunetan agertzen dira. Aurten bereziki haur guztiek entsegu askok egin dituztela nabarmendu du Salazarrek eta hori plazan igarri dela.
DBH2ko ikasleak, 12-13 urtekoak, izan dira parte hartu duten zaharrenak eta bost urte ditu dantzari gazteenak. Ez dago zehaztuta parte hartzaileen adina eta haurrak behin adin batera iritsita uzten joaten dira. Aurten inoiz baino talde zaharragoa atera da plazara, badirudi gaztetxoak gustura dabiltzala urteroko ekitaldian parte hartzen; badira 7-8 urtean segidan dantzatu direnak. Parte hartzen duten haur asko Beasaingo Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeetako kideak dira, baina beste asko ez dira dantza taldeetan aritzen; propio Loinatz jaietako aurreskurako prestatzen dira.
Dokumentuaren akzioak