Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzak barne dituzten herri antzerkiak Zuberoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Nafarroako Erriberan

Dokumentuaren akzioak

Dantzak barne dituzten herri antzerkiak Zuberoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Nafarroako Erriberan

2023/07/27 12:00
Dantzak barne dituzten herri antzerkiak Zuberoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Nafarroako Erriberan

Abdelkader pastorala, Urrustoi-Larrabilen, 2021-07-25. Argazkia: Amaiur Aristi CC-BY-SA

Euskal Herrian badira dantza, antzerkia, musika eta bertsoak uztartzen dituzten tradiziozko ikuskizunak. Eremu geografikoan arabera izenak, egiturak eta moldeak aldatzen dira, baina funtsean gauza bera dute oinarrian: dantza, musika, antzerkia, umorea eta kritika. Erriberako paloteadoez, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko kabalkadez eta Zuberoako pastoralez ari gara. Uda honetan Euskal Herria alderik alde hartu eta bada zer ikusi eta gozatua.

Paloteadoak, makilakadak handik eta hemendik

Paloteadoa edo zenbait lekutan Dance deituak Nafarroako Erriberan plazaratzen diren ikuskizunak dira. Dantza eta antzerkia uztartzen dituzte. Errioxako eta Aragoiko herrietan ere oso ohikoak dira gisa honetako eszenaratzeak. Badira XVII. mendeko testigantzak, baina ez dakigu zehazki noiztik egiten diren. Nafarroako herri gehienetan desagertu egin ziren XIX. eta XX. mendeetan, baina azken 40 urteetan berreskuratzen ari dira han eta hemen, baita berriak sortzen ere.

Fustiñanako paloteadoa
Fustiñanako Paloteadoa, 2012-08-06. Argazkia: Barde-Ribera

Eskema bertsua dute guztiek oinarrian. Plazan sartzen dira segizioan parte hartzaileak eta oholtzaren gainean eskaintzen dute ondoren emanaldia herriko gazteek. Dantzarien eta antzezleen parteek osatzen dute emanaldia. Dantzariek trokeo-dantzak egiten dituzte, hau da, makila-dantzak, arku-dantzak eta zinta-dantzak. Antzerkiari dagokionez, nagusia (mayorala, gazteleraz) eta artzaina (rabadán, gazteleraz) dira protagonista nagusiak. Ondoren, deabrua eta aingerua ere agertzen dira eta ongia eta gaizkiaren arteko borroka antzezten dute. Pertsonaiek urtean zehar herrian gertatu diren kontuak ipintzen dituzte mahai gainean umoretik kritika soziala eta salaketak eginez.

 

Fustiñanako paloteadoa
Fustiñanako Paloteadoa, artzaina eta artzain-burua, 2021-08-06. Argazkia: Barde-Ribera, Karlos W. Zuberoa

Udako festetan hainbat paloteado aurkezten dituzte. Denak baieztatu ez baditugu ere honakoak izan ohi dira udako paloteadoak: abuztuak 6 Fustiñana, abuztuak 15 Murchante, Abuztuak 16 Piapon, Monteagudo eta Cabanillas eta abuztuak 24 Ribaforada.

Kabalkadak herri-epaiketen oinordeko

Dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia biltzen dituen herri antzerkiak dira kabalkadak. Herri-antzerki hauek garai bateko tobera-mustren oinordekotzat jo daitezke. Toberak, xaribari, astolaster, zintzarrots, karrusa edo galarrots izeneko ekitaldi horietan auzi edo epaiketa publikoa egiten zen, garai batean bikote inguruko auziak aztertuz, eta XX. mendean zehar auzi sozial eta politikoen eztabaidak plazaratzeko baliatuz. XX. mendean beherakada izan bazuten ere, azken urteetan hainbat herritan ari dira antolatzen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren indarra galdu eta luzaroan dantza zatiak bakarrik plazaratu dira, dantza mantendu izan da, baina ez hitza eta antzerkia. Azken urteetan, ordea, ia urtero antolatu dira Nafarroa Beherean eta Lapurdin.

Kabalkada
Kabalkada, Urruña, 2014-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Itsasu Kabalkada 2007 114
Kabalkada, Itsasu, 2007-08-19. ARgazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Zaldizkoak buru dituztela, martxan desfilatzen dute, kalez-kale eta era dotorean plazara sartzen dira partaideak. Epaiketaren itxura duen gizarte kritika da eta plazan epaiketa bat antzeztu ohi da. Epaiketako pasarte artean dantzariek eskualdeko dantzak eskaintzen dituzte eta bertsolariek herritarren ahotsa agertarazten dute.

Itsasu Kabalkada 2007 034
Kabalkada, Itsasu, 2007-08-19. ARgazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Kabalkada
Kabalkada, Urruña, 2014-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Aurtengo udarako lau herrik prestatu dituzte kabalkadak: Arrosak (ekainak 17, uztailak 9), Heletak (uztailak 30, abuztuak 5), Mehainek (abuztuak 13, 15) eta Luhusok (abuztuak 26, irailak 2).

Pertsonaiaren bizitzaren bueltan herria batzen da pastoraletan

Pastoralak Zuberoan egiten diren herri-antzerkiak dira. XVIII. mendekoak dira lehen idatziak, baina aditu gehienen arabera Erdi Aroko antzerkietan du jatorria. Süjeta edo pertsonaia nagusi baten bizitza kontatu ohi da eta bi bandoren arteko gatazka izan ohi du oinarrian. Mundu dualista bat irudikatzen da. Pertsonaiak onak edo gaiztoak dira, normalean, bertakoak eta kanpokoak.

Abdelkader pastorala
Abdelkader pastorala, Urrustoi-Larrabilen, 2021-07-25. Argazkia: Amaiur Aristi CC-BY-SA

Abdelkader pastorala
Abdelkader pastorala, Urrustoi-Larrabilen, 2021-07-25. Argazkia: Amaiur Aristi CC-BY-SA

Kantua da pastoralaren ezaugarri nagusienetakoa, izan ere antzezleak bertsotan adierazten dira ikuskizun osoan zehar. Dantzak ere hartzen du bere lekua. Satan-dantzariak oholtzaratzen dira jelkaldi batetik besteetarako tarteetan, koreografia ere aurkeztu ohi dituzte eta bukaeran jauzi bat ere dantzatzen da. Egun osoko festa izan ohi da. Goizean meza, desfilea eta bazkal ondorenean emanaldia.

Abdelkader pastorala
Abdelkader pastorala, Urrustoi-Larrabilen, 2021-07-25. Argazkia: Amaiur Aristi CC-BY-SA

Herri osoa elkartzen da pastoral bat antolatzeko. Zenbait kasutan herriak elkartu ere egiten dira eta urte guztiz aritzen dira prestaketetan. Errejentak zuzendu ohi du taldea. Aurten Urdiñarbeko herritarrek hartu dute pastorala plazaratzeko ardura. Jauregiberri anai-arreben historia ardatz duen testua idatzi du Maritxu Negeluak eta Battitta Berrogain arituko da errejent lanetan. Hiru emanaldi izango dira: uztailak 30 (15:30), abuztuak 4 (20:30) eta abuztuak 6 (15:30).

Gerra garaiko borrokak eta erresistentzia ditu oinarri Sibastarrak izeneko pastoralak. Madeleine eta Jean de Jauregiberri anai-arreben historia plazaratuko dute. Argentinan hazi ziren biak. Madeleine Zuberoara itzuli zen gerora. Irakasle izan zen eta Iparraldeko lehen elkarte feminista sortu zuen. Piarres Lafittek bultzatu "Euskal Herriaren alde" elkarteko kide ere izan zen anaiarekin batera.

Pastoralak, Paloteadoak eta Kabalkadak 2023

Uztailak 30 igandea

  • Urdiñarbe: Pastorala, 15:30ean.
  • Heleta: Kabalkada, 16:00etan.

Abuztuak 4 ostirala

  • Urdiñarbe: Pastorala, 20:30ean.

Abuztuak 5 larunbata

  • Heleta: Kabalkada, 16:00etan.

Abuztuak 6 igandea

  • Urdiñarbe: Pastorala, 15:30ean.
  • Fustiñana: Paloteadoa, 20:00etan.

Abuztuak 13 igandea

  • Mehaine: Kabalkada, 16:30ean.

Abuztuak 15 asteartea

  • Mehaine: Kabalkada, 16:30ean.
  • Murchante: Paloteadoa, 20:00etan.

Abuztuak 16 asteazkena

  • Piapon: Paloteadoa, 20:00etan.
  • Monteagudo: Paloteadoa, 20:00etan.
  • Cabanillas: Paloteadoa, 20:00etan.

Abuztuak 24 osteguna

  • Ribaforada: Paloteadoa, 20:00etan.

Abuztuak 26 larunbata

  • Luhuso: Kabalkada, 18:00etan

 Irailak 2 larunabata

  • Luhuso: Kabalkada, 17:00etan

Dokumentuaren akzioak

Ei, adiskideok. Sanmigeletan Corteseko paloteadoa ere sonatua dugu, ez?
Eta oker ez banabil, Tuteran ere berreskuratze lana burutu da azlen urteotan.
Zerezkoak ote jan eta hemen, batean eta bestean, makilak?
2023/07/28 16:23
Eskerrik asko Txema! Bai, abuztukoak jaso ditugu sarrera honetan, baina ondo esan duzun moduan, badira gehiago San Migel eta bestelako.

Makilak zerezkoak diren, badago hor zer kontatua ere, hasiko zara zeu?
Ai ama. Jakin-min handia eta ezagutza txikia dugu dantza-zurginrzaz.
Beheko helbideko blogean badira zantzu interesgarriakbukaera aldera. Bai, behintzat, paloteduei dagokienez. Pastoral eta kabalkadetako egurren istorioak gehituta, susmoa dut gure herriko arboladirik ederrenak zeharka genitzakeela.
Eutsi makil hotsari.
https://www.google.com/url?[…]OvVaw0iP7x1-BcsBDjayt0p9r0P
2023/08/04 17:17
Jakin-min handia eta ezagutza txikia? Guk bai!
Bidalitako artikulua oso interesgarria da, bai, mila esker. Mikel Aranburu Urtasun du egile, eta jatorrizko argitaratze tokia hauxe izan zuen lan horrek: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/[…]/

Eutsi makilakadari zeuk ere eta uda on!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.