Dokumentuaren akzioak
Ahaide zahar huntan: Sestaorako dantzak erakusleihoan
Ahaide zahar huntan... erakusketa, Eusko Lorak, Sestao, 2023-03-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Ahaide zahar huntan... erakusketa ireki du Sestaoko Eusko Lorak dantza taldeak martxoaren 23tik apirilaren 23ra, "duela urte batzuetatik abiatu dugun proiektua hezur-mamitzen duen guztia ekarri nahi izan dugu hona, jendeak ulertzeko zertan ari garen". Izan ere, Eusko Lorak taldeak, taldearen zein herriaren egutegi tradizionala oinarri hartuta, Sestaorako dantzak eta errituak sortzeko bidea abiatu du. Orain arte eginiko lanaren inguruko azalpenak, argazkiak eta egin dituzten jantziak Sestaoko Musika Eskolako erakusketa gelan daude ikusgai. Erakusketan barneratu gara Xabier Gonzalezen eskutik.
Kristalezko atea zeharkatu eta taldeko logoa eta hiru argazki zaharrekin egin dugu topo: lehena, taldearen lehendabiziko dantza emanaldikoa, 1957ko martxoaren 10ekoa, denak mutilak. Bigarrena, 1962koa, neska-dantzarien taldea; eta hirugarrena,Eusko Lorakeko gizonezkoak San Migel ezpata-dantzan. "Nahi genituen argazki hauek erakutsi ikusteko ez duela zerikusirik orain egiten hasi garenarekin, ikusteko kontrastea, bilakaera".
Ahaide zahar huntan bi berset berririk
Aurrera jarraitu dugu erakusketan eta ikus daitezke azken urteetan sortu dituzten erritu dantzen inguruko azalpenak, argazkiak eta jantziak: ezpata-dantza, aurreskua eta egu-dantzak. Sarri, Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantzari taldekoek euren sorkuntzaren formulan aipatu bezala, sestaoarrek ere Ahaide zahar huntan bi berset berririk koplaren oinarriari heldu nahi izan diote, "hau da, zerbait berria egin nahi dugu gure ingurune geografikoaren barruan, eta dantza tradizionalean kokatzen den zerbait izan behar da".
Bide honekin 2017an hasi zirela dio Gonzalezek, "Eibarko Arrateko Amaren dantzak ikustera joan ginen eta hor ikusi genuen bazela aukeren mundu bat, guk genituen kezken eta interesen aurrean aproposa. Ikusi genuen emakume-gizon bereizketarik ez zela, denak dantzariak zirela". Eibarren ikusi zutena eredu oso aproposa egin zitzaien, "guk egia esan ez dugu beste zenbait taldetan gertatzen den mutil faltaren arazoa izan, beti izan gara gizonezkoak eta emakumezkoak nahiko pareko, baina banatuta ibiltzea jasangaitza zen". Horrela, lehen urratsa eman zuten 2018an: genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza kaleratu zuten.
Udaberriarekin batera ezpata-dantza
"2018ko martxoan atera genuen lehenengo aldiz. Argazkian ikusten da Argiaren Zortziko ikuskizuneko edo Arrateko ezpata-dantzarien eredua jarraitu genuela", lehenengo aldi hartan aipatutako iturrietatik hartu jantziaren oinarria eta apaingarria propioak gehitu zituzten: lazoa eta medaila.
Ezpatak erosi zituzten eta bandera ere egin zuten, Durangaldeko, Erronkariko edota Nafarroako banderen ezaugarriak beren eginez. Medaila, berriz, Eusko Loraken logoan inspiratuta dago, "gure logoan eta aldi berean gudariei ematen zitzaien medailako irudian. Horrela itxiko genuke nazionalismoaren zirkulua, ze gurera dantza nazionalismok ekarri zuen". Ezpata-dantzan kantuak behar zuela erabaki zuten eta ikusi zuten Xalbador II.aren bertso batzuk bat egiten zutela beraiek egin nahi zutenarekin: "Aurtengo negu hau ere izan da hotza eta bortitza, arras gogorra izaiten da maiz garai horretan bizitza. Baina martxoan gira eta orai bada zerbait esperantza bihotz bero jauzika hasiz, egin dezagun orain dantza".
Martxoan plazaratu zuten taldearen sorrera data hartuta erreferentzia, 2018ko martxoaren 10a larunbata suertatu zen gainera, hala behar zuen. Aurten, martxoaren 11n kaleratu berri dute eta arropa berriak estreinatu dituzte.
Santa Agedako soka-dantza
Eusko Lorakeko taldeko kide berriei ongietorria egiteko ohitura izan da aurreskua dantzatzea, "Bizkaiko erregeletan oinarritutako urratsekin egiten genuen, baina aspaldi ari ginen pentsatzen behar genuela egin zerbait propioagoa, esentzia gehiagorekin eta orduan hau sortzen hasi ginen". 2021eko irailean edo hasi zirela dio aurresku berriarekin, "antzekoak dira, baina baditu berritasunak koreografian. Desafioa berria da, aurresku eta atzeskuaren erregelak, abarketak aldatu genituen eta egin genuen hibrido bat Barakaldo, Santurtzi eta Bilboko bakarkako aurreskuetatik hartutako urratsekin". Eta 2022an plazaratu zuten.
Argi izan dute otsailean egiten jarraituko zutela, Santa Agedan, "taldea sorrerako garaitik Santa Agedako koruaren bueltan biltzen hasi baitzen, taldea batu izan duen data da Santa Ageda. Koruen ohiturari buelta bat eman behar zitzaion eta aurreskuarekin uste dut lortu dugula. Funtzioa berdina du, baina forma propioa eman diogu, dantzari eta jantziari".
Egu-dantzak ekainean
Ikusi zuten dantza taldeak bazuela beharra uda hasieran dantzatzekoa eta testuinguru egoki bat sortzeari ekin zioten, "gero sinbologia bilatu genion, baina uda garaian dantzatu ahal izatea zen helburua. Ikusten genuen une egokia dela, jendea ikasketak amaituta... eta, gainera, garai horretan lehen korpus jaia ospatzen zen, dantzatzeko aitzakia ederra". Beraz, 2022an plazaratu zituzten egu-dantzak eta korpusaren inguruko iruditeria barneratu dute: dantzariak, erraldoiak, bandera, zaldikoak eta boboa.
Egu-dantza izena eman diete ekainerako sortutako dantza hauei, "Egua edo eguna, eguzkiaren argia da, baita aro edo eguraldi ona ere". 2022an atera zituzten lehen aldiz kalera, baina oraindik buruan duten dena ez dutela plazaratu dio Gonzalezek, "apurka-apurka osatzen ari gara".
Gorputzak eta ideiak janzten
Hasi besterik ez direla egin dio Gonzalezek, pixkanaka, bai koreografikoki bai jantzien sorkuntzari dagokionez ere. "Hastapenetan gaude. Orain arte bilatu ditugunak izan dira Bizkaiko dantzak eta doinuak. Egu-dantzetarako, adibidez, Galiziako bat, Gaztelako bat eta Bilboko erraldoiek darabilten bat. Sestao galiziarrez eta gaztelarrez betea dago eta hori irudikatu nahi genuen". Hasierako puntua hori izan zela dio eta orain hasiko direla erritmoak eta urratsak zertxobait konplikatzen. "Lehen dantzatzen ginen, baina ulertu gabe zertan ari ginen, eta orain ari gara apur bat janzten, eta ez bakarrik jantziekin".
Urtetik urtera berritzen eta moldatzen ari dira egutegian finkatuta dituzten hiru dantza nagusiak eta jantziak. Beren jardunari eta dantzei zentzua eman nahian dabiltza, eta horretarako jantziei ere garrantzia berezia eman diete, "jantziek oinarri berdina dute eta dantza eta garai bakoitzeko apaingarriak aldatzen ditugu". Nahiko argi zuten nolako jantziak nahi zituzten, oinarrian zer behar zuten, eta Maritzuli konpainiako dantzari eta jostunei enkargatu diete lana, "haiek badute barruan sinboloen mundu guztia, beraz beraien esku utzi dugu, fidatu gara guztiz. Bilatzen genuena zen jantziak urrundik ezagutzea, baina aldi berean kode zehatz batzuk izatea. Eta uste dut lortu dutela, batez ere gonekin".
Herrian txertatzearen erronka
"Santa Agedako aurreskua arrakastatsua izan zen. Doinuak ezagutzen zituzten, baina aurreskua sokan ez. Orain martxoko ezpata-dantzarekin jendea flipatuta geratu da. Ezpata-dantzak badute indar hori kalean dabilen jendea geldiarazten dutela. Egu-dantzekin berdin; ikusten zuten bazela zerbait, identifikatzen zutena, baina ez zekiten oso ondo zer". Eta horixe da bilatzen ari direna, "ikustea betikoa dela, baina oso forma ezberdinekin".
Erakusketa: Ahaide zahar huntan...: Sestaoko herriarentzako dantzak
- Non: Sestao, Musika Eskolako erakusketa gela.
- Noiz: Martxoaren 23tik apirilaren 23ra. Astelehen-ostiral: 12:00-14:00 eta 17:00-21:00. Larunbatetan: 12:00-14:00.
- Antolatzailea: Eusko Lorak.
Dokumentuaren akzioak