Dokumentuaren akzioak
Ezpatak dantzan Sestaon udaberriaren atarian
Ezpata-dantzari eta danbolinteroentzat goiz hasi zen eguna; elkarrekin jantzi ginen, baita azkarrenek geldoenei elkarri lagundu ere. Maiordomoak bakoitzari bere domina eman eta urteko argazki oroigarria egitera joan ginen.
Taldearen lokalean batu ginen berriro 12:30ean bertatik irten gintezen. Martxa labur baten ondotik, iaz jarritako taldearen oroigarriaren inguruan paratu ginen eta bertan hasi zen ospakizuna; hauxe izan zen eguneko une hunkigarriena. Azkendariek zortzikoa eta ezpata-jokoa eskaini zizkioten omenduari eta, jarraian, guztiok batera kantatu genituen honetarako ondutako bertsoak, Xalbador II.aren bat-batekoak moldaturik:
Aurtengo negu hau ere izan
da hotza eta bortitza,
arras gogorra izaiten da maiz
garai horretan bizitza.
Baina martxoan gira ta orai
Bada zerbait esperantza,
bihotza bero jauzika hasiz
egin zagun orai dantza.
Honen ostean, ezpata-dantzarien buruzagiak, domina ezarri zion Roberto Etxebarriari trikitilariari taldearen izenean. Omenaldia bukatuta, kalerik kale joan ginen plazara gindoazela iragartzeko, ezpatez loturik. Kalejira luzea amaituta San Pedro plazara iritsi ginen, eta berriro ere azkendariak izan ziren lehenak danbolin hotsari segitzen. Gero, denok, ezpatez arrosa osaturik, buruzagia altxatu genuen. Dantzariek inguruan ostera ere kantatu aurretik, taldearen bandera dantzatu zuen maiordomoak.
Hurrengo plazara kalejiran iritsi ginen ere, aurrekoa errepikatzera. Dantzak amaitu ziren, eguna ordea ez. Jaiak segi zezan, taldera itzuli ginen arropak uztera, datorren urtean berriro janzteko asmoz. Urte askoan!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Eusko Lorak
Sestaon 1957an sortutako euskal dantza taldea.