Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Yang Liping dantzari eta koreografo baitarrak idatzi du 2023ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezua

Dokumentuaren akzioak

Yang Liping dantzari eta koreografo baitarrak idatzi du 2023ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezua

2023/04/28 08:00
Yang Liping dantzari eta koreografo baitarrak idatzi du 2023ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezua

Yang Liping

"Gorputz-hizkuntza da gizateriak duen komunikazio-modurik berezkoena", horrela hasi du Yang Liping (EryuanDali Bai, 1958) dantzari eta koreografo baitarrak 2023ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezua. Txinako Herri Errepublikak barne hartuta duen Yunnan probintziakoa da Liping eta Bai da bere etnia eta hizkuntza. Bere herrialdeko kulturaren esentzia eta dantza tradizionalak presente ditu oso; egiten duen artearen eta dantza lanen jatorria azpimarratu nahi izan ditu. Liping-entzat bizitza dantza da, munduarekin komunikatzeko tresna eta dantzaren bidez naturarekin eta bizitzarekin harremanak sendotzeko deia luzatu du.

Dantza – Munduarekin komunikatzeko bidea

Gorputz-hizkuntza da gizateriak duen komunikazio-modurik berezkoena. Jaioberritan gure eskuak eta oinak dantzaren antzeko keinuak egiteko erabiltzen ditugu, baita hitz bat esaten ikasi aurretik ere. Orduan sortzen da hizkuntza primitibo honen dantza.

Gauza askok bultzatzen dute jendea dantza egitera. Nire jaioterrian nire amonak noizbait esan zidan dantza eguzkiari eskerrak emateko modu bat zela gure bizitzetara beroa eta argia ekartzeagatik. Uzta ona dagoenean, bihotz alaiarekin dantzatzen dugu soroetan lurrari gure esker ona adierazteko. Maite dugun norbait ezagutzen dugunean, maitasuna irabazteko bere lumak zabaltzen dituen indioilar bat bezala dantzatzen gara. Gaixotzen garenean ere, dantza erritual misteriotsuetara jo dezakegu deabruak gaitzetik uxatzeko. Nire munduan, dantza gure bizitzan eta existentzian korapilatzen eta lotzen da txikitatik. Dantza beti izan da gizakiak naturarekin eta gainerako izaki bizidunekin komunikatzeko giltza. Nire jaioterrian esaera bat dago: “Hankak badituzu, baina ezin baduzu dantzatu, alferrik galdu duzu bizitza”.

Niretzako dantza, bizitza eta natura gauza bera dira: bere benetako esentzia da. Pertsona batzuk seme-alabak ekartzera iristen dira mundu honetara, beste batzuk bizitzaz gozatzera, beste batzuk esperientziak bilatzera. Ni bizitzaren begiralea naiz; lore bat nola loratzen eta zimeltzen den ikustera nator, nola hodeiek flotatzen duten eta ihintza kondentsatzen den ikustera... Beraz, nire inspirazio sortzaile guztia bizitzatik eta naturatik dator: ilargiaren argiaren distira, indioilarraren lumak erakustea, beldar baten metamorfosia tximeletan, sorgin-orratz batek uraren gainazala urratzeko duen modua, beldarra bihurritzeko modua, inurriek ilara bat osatzeko duten modua...

Duela urte asko agertoki batean, publikoari aurre egin nion eta sortu nuen lehen koreografia dantzatu nuen: Indioilarraren arima. Indioilarrak oraindik munduan dauden animaliak dira. Sakrosantua sinbolizatzen du eta edertasuna irudikatzen du Ekialdeko munduan, bere itxurak fenix hegaztiarenaren antza baitu, herensugearen antzeko jarrera egoskorrarekin. Dantzan ari nintzela, indioilarraren arima aurkitu nuen.

Gizateriaren dantzarako kultura ugaria da ezaugarri eta puntu komunetan. Dantzaren esentzia natura, bizitza eta inguruan ditugun izaki bizidun guztiak behatzean aurkitu dugu. Nire herrialdeak ere dantza kultura oparoa du, herentzia bat bezala pasioz bultzatzen duena. Antzinako dantza tradizional batzuk eszenara eraman ditut, hala nola, Yunnan Impression, Tibetan Riddle, Pingtan Impression eta beste asko.  Dantza horiek guztiek lurrean dute jatorria, eta gure arbasoek utzi zizkiguten oinordetzan  eta horrek esan nahi du gure ahalegina behar dela horiek zaintzeko eta munduari aurkezteko. Obra horiek antzeztu ondoren, jendea txundituta geratu zen beren edertasun eta kultura liluragarriarekin. Dantzari gisa, dantzaren erresuma mugagabea aztertzen jarraitu dut hamarkadetan, eta mundu mailako Under Siege—The Full Story of Farewell My Concubine eta Rite of Spring lan esperimental garaikideak sortzera gonbidatu naute.

Nire artea nire jaioterriaren izaeran, nire esperientzia pertsonalean eta Ekialdeko zibilizazio sakonean oinarritzen da; Ekialdeko zibilizazioa munduko zibilizazioaren zati integrala baita, aniztasuna, aberastasuna eta batez ere, inspirazioa bultzatzen ditu.

“Naturarengandik ikasi” eta “Gizakiaren  eta unibertsoaren batasuna” da Ekialdeko filosofia, estetika eta jakinduria. Doktrina horiek nire artearen muin espirituala ere badira. Gizaki gisa natura errespetatu behar dugu, naturatik ikasi eta naturarekin harmonizatu, lurrak, mendiek eta zeruak egiten duten bezala. Dantzariek eta koreografoek adiago entzun behar dituzte munduko pozak eta tristurak, dantza erabiliz, milaka urtez naturarekin eta bizitzarekin izan dugun elkarrizketa osatzeko.

Bizitza ez da inoiz amaitzen eta dantza ez da inoiz eteten.

 

Aurreko urteetako mezuak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.