Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hondarribia Dantzan bertan behera geratu da taldekide baten heriotzaren ondorioz

Dokumentuaren akzioak

Hondarribia Dantzan bertan behera geratu da taldekide baten heriotzaren ondorioz

2023/05/03 07:30
Hondarribia Dantzan bertan behera geratu da taldekide baten heriotzaren ondorioz

Sanjoanetako soka-dantza, Kemen, Irun, 2022-06-23, Irun. Argazkia: Kemen

[Eguneraketa 2023-05-04] Kemen dantza taldeko kide baten heriotzaren ondorioz bertan behera utzi ditu Irun-Hondarribiko dantza taldeak asteburu honetarako aurreikusita zituen Hondarribia Dantzan programaren ekitaldiak.

-----------

Hondarribia-Irungo Kemen dantza taldeak 50 urte bete ditu aurtengoan, eta urteurren borobilaren aitzakian aurreko belaunaldietako eta oraingo dantzariak elkartu eta etorkizunerako bideak elkarrekin marrazteko ahaleginean dabiltza. 2007. urtetik Hondarribia dantzan jaialdia antolatzen du taldeak eta aurten 50 urteei begira ipini dira. Bestalde, sanjoanetako soka-dantza eta sanmartzialetako ezpata-dantza indartu nahi dituzte eta udazkenean jaialdi bat antolatzeko asmoa dute.

Hondarribia Dantzan 50 urteei begira

Maiatzaren 2tik 7ra hainbat dantza ekitaldi antolatu ditu Kemenek Hondarribia Dantzan jaialdian. Maiatzaren 2tik 6ra, 50 Urte urte 50 une erakusketa ikusgai egongo da Zuloaga Etxean. Taldearentzat esanguratsuak izan diren 50 une bildu dituzte argazkitan eta testuez lagundu dituzte. Maiatzaren 4an 50 urteri begirada mahai-inguruan hainbat belaunaldietako taldekideak elkartuko dira Unai Oiartzunen gidaritzapean, "pixka bat nondik gatozen gogoratu eta planteatu nahi da etorkizuneko Kemen, nondik jo daitekeen edo bakoitzak ze ikuspegi duen"; aurtentengo jaialdia bereziki talde barrura begira antolatu dutela azaldu digu Eder Valladares taldeko dantzariak.

Hondarribia Dantzan 2023

Historiari eta etorkizunari begiratzeaz gain, dantzarako tartea ere izango da maiatzak 5eko erromerian. Maiatzaren 6an, Kemen eta Adaxkako gazteek emanaldia eskainiko dute eta 7rako dantzari txiki eguna antolatu dute; Iruñea, Tolosa eta Hendaiako dantzariak gonbidatu dituzte.

Soka eta ezpatak bizi-bizirik

Sanjoanetako soka-dantza eta sanmartzialetako ezpata-dantzak aurreko belaunaldietako dantzarien parte hartzearekin indartzea dute asmoa, "erabakia izan da taldekide ohiengana hurbiltzea, gertutik ezagutu eta bizi dezatela egungo Kemenen bidea". Izan ere, Kemenek hainbat urtetako hausnarketen ondoren beren apustua plazaratu zuten aurreko urtean. San Joan bezperan genero bereizketarik gabeko soka-dantza kaleratu zuten eta, jarraian, San Martzial jaien bueltan, ezpata-dantza eta brokel-dantza estreinatu zituzten, horrela, urteroko liturgiaren barruan finkatzeko nahiari forma ematen hasi ziren. Bide horren parte izatera gonbidatu dituzte garai bateko dantzariak eta oraingoz ia 50 bat ezpata-dantzari elkartu dituzte, soka-dantzan ere antzera.

Irun ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

Elkarrekin etorkizunera

Hondarribia Dantzan jaialdiko ekintzekin eta soka-dantza eta ezpata-dantzarekin jendea aktibatu nahi dutela dio Valladaresek, "indarrak hartu udazkenerako denak elkartuago egoteko, urte zail hauen ondoren beharra dugu eta". Oraindik data zehaztu gabe badago ere, udazkenean jaialdi bat egin nahi dute herriari begira, "ospatu nahi dugu urteurrena herriarekin. Dantza jaialdi bat dugu buruan, musika, jaia. Konturatu dadila herria hor gaudela eta bizirik gaudela".

Kemen
Kemen Euskal Herriko Dantza Agerketean, Basauri, 2018-09-15. Argazkia: Kemen

Kemen inauteriak
Kemen, inauteriak, 2008-01-22.

Data horretarako Kemen dantza taldearen historia eta etorkizunerako begirada biltzen duen dokumentala aurkeztea aurreikusten dute, "Horrelako dokumentalek izan ohi dute nostalgia puntua, baina helburua da nondik joko dugun zabaltzea. Iritsi gara urteurren borobilenera, baina hemendik aurrera zer?"

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.