Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ezpata-dantza eta brokel-dantza Irunen errotzeko asmoz plazaratu ditu Kemenek

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantza eta brokel-dantza Irunen errotzeko asmoz plazaratu ditu Kemenek

2022/06/28 07:40
Ezpata-dantza eta brokel-dantza Irunen errotzeko asmoz plazaratu ditu Kemenek

Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-23. Argazkia: Kemen

“Egun borobila izan da, suertea izan dugu; euririk ez, kaleak lehor eta jendea lagun izan dugu”, dio Eder Valladares Irungo kemen dantza taldeko kideak ezpata-dantza aurkeztu eta biharamunean. San Martzial aurreko igandean, ekainak 26, ezpata-dantza eta brokel-dantza egin dituzte Irungo kaleetan Kemen dantza taldeko dantzariek eta musikariek. Lehenengo aldia izanda beti daudela gauzak hobetzeko dio, baina oso txukun atera dela eta oso gustura agertu da Valladares.

Irun ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

Badira urte batzuk ezpata-dantza kaleratzeko ideia buruan zutela Kemeneko kideek. Dantza taldearen betebeharra zein den edo ze ekarpen egiten dion herriari bezalako kezken eta galderen inguruan hausnartu dute sarri eta hari horiei tiraka San Martzial jaien bueltan ezpata-dantza eta brokel-dantza kaleratu eta urteroko liturgiaren barruan finkatzeko nahiari forma ematen hasi ziren.

Gipuzkoako dantzak oholtzatik kalera

Ikusita Kemenen indargunea edo altxor kuttuna Gipuzkoako dantzak direla, horiei denbora eskaini eta lantzeko aukera zutela ikusi zuten ezpata-dantzarekin eta brokel-dantzarekin. Dantza horiek Gipuzkoako plazetan ikusteko aukera gutxi daudela ohartuta, iazko batzarrean bozkatu eta onartu zen Kemenek dantza horiek plazaratuko zituela urtero. Taldeko partaideek lan taldea osatu eta bakoitzak buruan zeukana nola gauzatu pentsatzen hasi ziren. “Pandemiaren ondoren zuzendaritzak apustua egin zuen brokel-dantza eta ezpata-dantza atera behar genituela, taldea biziberritu eta kaleak hartu behar genituela”.

Irun ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

Udaberri aldera proposamena finduta eta finkatua zuten eta Udalera jo zuten, “gure asmoa zen San Pedro egunean egitea. Udalbatza jaisten da Junkal elizara, mezaren ondoren udalbatzak agurra dantzatzen du eta prozesioa egiten dute musika bandarekin eta txistulariekin. Proposatu genuen gure segizioa egin eta beraienean sartzea eta laguntzea egun horri beste indar bat emateko”. Hasiera batean begi onez ikusi zuten ideia, baina gero ez dakite zergatik okertu egin zen kontua eta hasierako ideia moldatu behar izan dute. Horrela, San Martzial aurreko igandean egitea dantzak erabaki zuten.

Irun ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

Bereizketarik gabeko dantzak

2003. urtean Irungo Euskal Jaiaren mendeurrenean 50 dantzarik osatutako ezpata-dantza kaleratu zuen Kemenek. Orduan bi argi piztu zitzaizkion Valladaresi, “lehenengoa generoena, 50 mutil dantzan eta neskak itxoiten, eta 50eko taldea osatzeko lanak. Bigarrena, zerbait bizia egitea eta ez postal bat”. Ordutik ia 20 urte igaro badira ere, azkenean, lortu dute orduko kontraesanei aurre egitea. Gipuzkoako zein Nafarroako ereduak ikusi eta hango eta hemengo elementu koreografiko edota jantzietatik edanda osatu dute genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza.

Irun soka-dantza
Neska-mutilek osatutako San Joan bezperako soka-dantza, Irun, 2022-06-23. Argazkia: Kemen

San Joan bezperako sokan ere izan da aurrerapenik. Suaren bueltan dantzatu ohi dute Kemeneko dantzariek aurreskua, “orain arte mutilek gidatua izan da soka eta aurten genero bereizketarik gabe egin dugu. Herritar askorentzat sorpresa izan da, baina erantzun oso polita jaso dugu”.

Ezpata-dantza Irun
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.