Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Indartsu dator Indarra 50. urteurrenera

Dokumentuaren akzioak

Indartsu dator Indarra 50. urteurrenera

2023/04/11 07:30
Indartsu dator Indarra 50. urteurrenera

Indarra dantza taldea, Galdakao, 2009-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Gasteizko Indarra dantza taldeak aurten 50 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko urtean zeharreko egitaraua antolatzen dabiltza. 1973an sortu zen taldea, eta hasieratik "Arabako eta Euskal Herri osoko ohiturak dantzen bidez aztertzea, kontserbatzea eta erreproduzitzea" izan du helburu. Egitaraua ez dute guztiz itxita, baina egungo dantzariak eta taldeko garai bateko kideak buru-belarri dabiltza urteurreneko ospakizun ekitaldiak prestatzen.

Indarra
Indarra, Ezpeleta, 2012-10-13. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Indarra hainbat komisiotan dago antolatuta eta 50. urteurrena antolatzeko propio beste bat sortu dutela azaldu digu Aizkoa Madinabeitia (Gasteiz, 1982) Indarrako dantzariak. Zabalkunde edo komunikazio taldea, ikuskizun eta ekintzen taldea edota historia taldea deiturikoak dabiltza lanean. Dantzari ohien kontaktuak, taldearen historia, argazkiak, bideoak... bildu dituzte azken taldeko kideek. 50. urteurrena aprobetxatu dute Indarrako logo berria sortzeko eta horrekin zapiak eta abar egingo dituzte.

Indarra batzen urteurrena ospatzen

Urteko egitaraua guztiz zehaztu gabe badago ere hainbat egun eta ekintza finkatu dituzte. Maiatzaren 27rako, larunbata, festa antolatzen ari dira, “Indarran gaudenak gaur egun eta ibili direnak elkartu nahi ditugu, 1000tik gora kontatu lortu ditugu eta gonbidapena pasa diegu. Asmoa da denok elkartzea, goizean dantzaldia, ondoren bazkaria eta gero gerokoa...”

Indarra dantza taldea Polonian
Indarra dantza taldea Polonian, 2019-07. Argazkia: Indarra

Indarra kultur elkartea dantzariek, fanfarreak, gaiteroek eta txistulariek osatzen dute. Gaiteroek Euskal Herriko gaiteroen topaketa bat proposatu dute, “asmoa da gonbidatzea Gasteizera Euskal Herriko gaiteroak eta egitea egun-pasa, kalean zehar jo eta bazkaritxoa”. Data, ordea, oraindik zehazteke dago. Bestalde, umeen taldeekin ere antzeko egun bat antolatu nahi dute; oraindik forma ematen ari dira, urri alderako pentsatu dute. Urtean zehar ekintza gehiago zehazten joango dira eta urteurrena azaro aldera jai handi batekin borobilduko dute. Gasteizen leku bat hartu eta kontzertu, hitzaldi edota erakusketa antolatzea dute buruan, “disfrutatu eta urtea isteko helburuarekin”.

Urteurrenaren hasiera inauterietan

Indarrak inauterien bezperan egin zuen urteurreneko lehen emanaldia. Otsailaren 17an aurkeztu zuen Topagure ikuskizuna eta bertan Indarra taldeko talde guztiak elkartu ziren (fanfarrea, gaitariak, txistulariak eta dantzariak). “Elkartearentzat oso potenteak dira inauteriak. Normalean elkarte osoak hartzen du parte, eta aurten berezia izan denez gure inauterietako ikuskizunen bilduko moduko bat aurkeztu dugu”. Gasteizko inauterietako konpartsen galdutako ohiturari jarraituz 1979an Indarrak inauteri-konpartsa antolatu zuen. Ordutik inauterietan konpartsa eta ikuskizunak plazaratzen dituzte, besteak beste, Godaleta, Sasi guztien gainetik, Naturaren indarra, Indarteriak eta Gora inauteriak! Aurtengo ikuskizunean urteetan plazaratu diren ikuskizun horietan parte hartu duten hainbat dantzari elkartu dira.

Topagure
Topagure ikuskizuna, Indarra, Gasteiz, 2023-02-17. Argazkia: Beto Carrillo

Berreskurapenak eta aitortzak

Sorreratik gaurdaino, 50 urte hauetan, Indarrak bere helburuarekin jarraitu duela eta jarraituko duela diote elkarteko kideek: "Folklorea zabaldu, irakatsi eta jaioterrira itzuli, hau da, herrira itzuli". Abuztuaren 5ean Andre Maria Zuriaren omenez dantzatzen den Gasteizko zortzikoa da horren adibideetako bat. Zortzikoa XVIII. mendean zehar dantzatu zen iturrien arabera eta uneren batean tradizioa galdu zen. Indarrak 1988an berreskuratu zuen eta egun jarraitzen dute ohiturarekin.

Gasteizko zortzikoa
Gasteizko zortzikoa, 2008-08-05. Argazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan CC-BY-SA

Instituzioek indarraren lana aitortu izan dute behin baino gehiagotan. 1978an Urrezko Zeledon saria jaso zuen; Gasteizko Hiriak euskal folklorea zabaltzeko eta berreskuratzeko egindako lan handiari esker eman zion saria. 1993an, euskal kultura zabaltzeko eta berreskuratzeko lanarekin jarraitzeagatik, Arabako Foru Aldundiak Indarrari Kultura Saria eman zion.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.