Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Eusko Ikusgayak 14: Otsagabiko dantzak 1924

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikusgayak 14: Otsagabiko dantzak 1924

2022/07/22 08:05

1924an grabatutako Otsagabiko dantzak jasotzen dira Manuel Intxaustiren irudi hauetan. Irailaren 7an eta 8an dantzatzen dira, baina irudi hauek ez dira festetan hartuak, badirudi propio grabaziorako dantzatu zituztela. Ikuslerik apenas ageri den eta musikariak ere ez dira ikusten. Frontoi inguruan haur batzuk jolasean ikus daitezke eta ertz batean momentu batean gero dantzan ere ageriko diren emakumeak, Erronkariko jantzi tradizionalak soinean.

Dantzei buruzko informazioa ere ageri da dantza irudiekin tartekatuta, baina ez dute bat egiten irudietan ageri diren dantzekin. Lehen dantzaren tituluetan "Errekeadantza (Emperador)" jartzen du, baina dantzariek Modorro makila-dantza egiten dute. Jakina da Modorro (Burunba-dantza deitua filmean euskaraz, Burrunbu moduan ageri da garaiko beste agiri batzuetan) izeneko makila-dantzan aldaketak egin zirela 1970eko hamarkada hasieran eta makilekin lurra kolpatzeko mugimendua errepikatzea ezarri zela, itzuli bakoitza norabide batean. Grabaketa honetaz molde zaharreko eredua ikusten da, lurrean makilak kolpatuz bira bakarra egiten zutenekoa, bira hori ordulariaren aurkako norabidean zelarik.

"Katxutxa" (1:00) izenburuaren ondoren painelu-dantzako irudiak ikus daitezke. Segidan "Neska-mutil artekoen dantza" (1:39) iragartzen da eta kasu horretan bai, neska eta mutilak bi lerrotan kokatuta ari dira dantzan, aurrena soltean eta jarraian lotuan hasteko elkar lotzen direnean eta lehen mugimenduarekin batera eteten da filmaren pasarte hori.

"Pañuelo-dantza" (2:00) izenburuaren jarraian, berriz, Enperadore dantza egiten dute. Aipagarria da zirikak deritzen mugimenduak egiterakoak gaur egun egiten denaren aldean taldea nabarmen ireki eta zortziko formazioa hautsi edo gutxienez zabaltzen dela.

Ondoko dantza-tituluarekin ere aurrekoetan bezala gertatzen da, "Burunba-dantza (Baile modorro)" (2:48) iragarri arren ageri den dantza Katxutxa da. Makila-dantza honetan Boboa oso aktibo ageri da dantzarien inguruan, bai dantza pausoak eginez, bai keinu nabarmen eta barregarriak eginez, bai eta makila eta horri lotuta daraman larruzko poltsarekin inguruan dabiltzan umeak kolpez uxatuz.

Aipatzekoa da 100 urte beranduago Otsagabian egiten diren makila-dantzen artetik Danza izenekoa ez dela ageri filmean. Rosa Villafrancak eta Angel M. Aldaiak idatzi zuten Danzas de Ochagavía. 300 años de historia liburuan honen inguruak proposatu zuten azalpena da garai horretan oraindik ez zela Danza izeneko makila-dantza egiten, hori beranduago gehitu zitzaiola Otsagabiko dantzen sortari. 

Azkenik, (3:39) Boboaren irudiak erakusten dira. Izenburuak dioenez, "Dantzen artezkarri barregarria" da berau, hau da, dantza gidatzen du, baina aldi berean zorakeriak eta zirikatzeak egiten ditu. Gaztelerazko tituluetan "hace el papel de bufón" jartzen du, eta bufoiaren irudi hau bat dator 1924ko Bobo honek jokatzen duen antzerki-paperarekin. Irudietan Mariano Sagardoi ageri da Bobo jantziak soinean bere arropak erakusten, baita maskara ere, eta biratu egiten da kameraren aurrean mozorroa atzetik eta aurretik erakusteko.

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:

 

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu. Otsagabiko dantzak, 1928. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma, Eusko Ikaskuntza.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak