Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923

2022/07/14 07:05

Bi bikote dantzari soltean dantzan Donostiako II. Erakusketa Azokako oholtzan. 1923ko irailaren 15etik 31ra egin zen azoka eta irudi hauek 22koak edo 23koak izan behar dute, bi egun horietan egin baitziren dantza solteko erakustaldiak.

Lau dantzari ari dira oholtzan dantzan, bi gizonezko eta bi emakumezko. Gizonezkoak zuriz jantzita daude, koloretako (gorria seguruenik) txapela, lepoko zapi, gerriko eta abarketekin. Emakumezkoak, berriz, arropa beltzak eta lepoko zapi zuria daramate eta badirudi abarketa zuriak zinta gorriekin.

Elkarrengandik distantzia luze utzita dabiltza dantzan, tranpaldoa okupatu nahian edo. Erritmo ternarioan dabiltzala dirudi, fandangoa edo jota deitzen duguna gaur egun. Bideoaren izenburuan trikitixa terminoa ageri da; egun kopladun piezetarako erabiltzen da hitz hori; ezin jakin koplarik abesten ari ote diren tarteren batean.

Urratsei dagokienez, aurrena bueltak ematen ari dira, alde batera keinu egin eta beste aldera jiratuz. Lekuan markatutako urratsak ondoren (0:17). Pauso honen bukaeran (00:23), buelta eman aurretik, ezkerreko mutilak bi pauso egiten ditu: artazia eta grabilleta, molinetea edo belauneko gurpila. Ez-ohiko pausoak dira dantza soltean, baina noizean behin, dantzari jolasti batzuk erabili izan dituztenak, bereziki esaldi aldaketetan, buelta aurreko keinuen unean.

Bueltaren ondoren (0:25) Bizkaia aldean hara honakoak deiturikoak, edo paseoak, pauso luzeak egiten dituzte. Momentu batean (0:32), sekuentziak mozketaren bat duela dirudi, baina pieza beraren jarraipena dela ematen du. Edozelan, neskek urratsa behe xamar markatzen dituzten bitartean gizonezko biek mugitu behar duten alderako hankarekin kanporako gurpil antzeko bat markatzen dute ostiko batekin bukatzen dena. Besoei dagokienez, berriz, gehienetan ez dituzte sorbaldatik gora igotzen, ireki xamar, are gehiago, beherantz kokatzen dituzte, ukondoak flexionatuta besaurreak goranzko joeran.

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu.  Donostia, trikitixa dantzariak, 1923-07-22,23. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma, Eusko Ikaskuntza.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak