Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Etxabe

Orain arteko ekarpenak

Esteban Berazadiri elkarrizketa

2004/02/24

Esteban Berazadi Zarautzen jaio zen 1917an, eta txikitatik Batzokiko taldean aritu zen dantzan. Gerra hasitakoan ihes egin zuen iparraldera, eta han Eusko Jaurlaritzak antolatutako "Eresoinka" taldean dantzan aritzeko aukera izan zuen (inork talde honen berri izan nahi badu, irakur dezala Arana Martijak 1986an idatzitako Eresoinka, embajada cultural vasca liburua).

Gehiago irakurri

Orain arteko erantzunak

Xabier Etxabe on Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018)

2019/01/21

Barkatuko didazue atrebentzia. Badakit ez dela oso txukuna norberak egindako artikuluari erantzutea, baina ezin izan diot tentazioari eutsi, eta esango dizuet zergatik.

Zuekin konpartitu nahi nuke, Gabonetako ekitaldien balorazioa eginez, Donostiako Udalak urtarrila hasieran eman zuen prentsaurrekoaren berri. Ernesto Gaskoren hitzak dira: “Gabonetako Azokak, berrikuntza-zama osoarekin, bidea ireki du gure hiriari ospea eta aitorpena ematen dioten ekitaldi ezberdinen urteko programazioan, Donostiako herritarren eta bisitarien artean oso ondo hartua izan baita eta baita ere, alderdi ekonomikoari erreparatuta, hiriarentzat inpaktu garrantzitsua ekartzeagatik. Gainera, bizipen handi horretan, Donostia egun horietan Gabonetako izpirituz betetzea lortu dugu”. Artikuluan aipatzen denez, 2 milioi eurokoa izan omen da inpaktu ekonomiko hori.

Artikulua, Donostiako Udalaren web gunean daukazue, helbide honetan: https://www.donostia.eus/ho[…]OpenDocument&idioma=eus

Nire artikuluaren konklusioetan nioena, hortaz, azkar ari da betetzen. Azkarregi, zoritxarrez.

Ondo izan,

Xabier Etxabe.

Xabier Etxabe on Zarautz: San Pelaio 2018 Oilasko biltzea

2018/07/10

Ohar bat besterik ez: oilasko-biltzea ez da San Pelaio egunez egiten (ekainaren 26a), San Pelaio bigarrenean baizik (ekainaren 27an). San Pelaio egunekoa, soka-dantza izaten da.

Xabier Etxabe on Folklorea uda garaian

2017/11/01

Oier eta Amaiur, konforme nago egin dizkidazuen komentarioekin, eta eskertzen ditut zuen hitzak.

Nahiz eta artikulua laburra ez izan, hainbat ideia kanpoan utzi behar izan ditut; egia da, Amaiur, zuk esan bezala, aristokraziako "beraneante" klase hori Deban ere egon zela; izan ere, ez Zarautzen bakarrik, inguruko kosta-herrietan ere antzeko fenomenoa ezagutu baitzen XIX. mendearen erditik XX. mendearen erdira bitarte, gutxigorabehera: Deba, Zarautz, Donostia, Biarritz... Fenomemo hari zor diogu, neurri handi batean, orain kostak duen erakarpen indar hori (nahiz eta, nola diren gauzak, hasieran "baiñua" hartzeak eta hark zekartzak onurak izan, honuntza aristokratak ekarri zituenak).

Oier, zuk diozun moduan, nik ere uste dut aste barruko erritmoetan gertatzen ari dena, artikuluan aipatu dudanaren beste adierazpen bat besterik ez dela. Egia esateko, pintxopotearena ez neukan gogoan artikulua idatzi nuenean, baina bat dator azken aldian sortzen ari diren jan-edanaren inguruko festen espirituarekin. Sikiera aprobetxatuko balitz, pintxoak jan eta gero, kantuan edo dantzan egiteko... Zarautzen hamar urtez aritu ginen hiru laguneko taldetxo bat kultur ekitaldiak antolatzen taberna batean, hilean behin, eta badakigu zenbat kostatzen den jendea horrelako ekimenetara animatzea. Ekimen horiek funtziona dezaten, antolatzaileen lanaz aparte, babes instituzionala eta pazientzia handia behar baita, urteen poderioz, jendea ohitzen joan dadin. Baina, noski, errezagoa eta ekonomikoki errentagarriagoa da pintxopotearen ohitura sortzea.

Ondo izan,

Xabier.

Xabier Etxabe on Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko

2017/09/13

Orioko irudi horiek direla-eta, pare bat gauza nahi nituzke esan.

Urtebete edo izango da argazki horiek aurrenekoz ikusi nituela; Orioko Eneko Dorronsoro dantzariak erakutsi zizkidan, Orio aldean gerra ondorenetik gaur arteko dantza-sueltoaren inguruko bilketa lana egiten ari baitira, eta bilaketa horretan, argazki hauek ere aurkitu baitzituzten. Protagonisten izen gehienak ere badakizkite. Ea ba, lan horren emaitzak laster ikusten ditugun!

Nesken aurreskua izateaz aparte, niri atentzioa ematen didate beste kontu batzuek: iruditzen zait argazki horietan antzematen direla dantza-tradizio zaharraren zantzu batzuk. Esaterako: besoak gerrian jasota dantzan egiteko ohitura, edo, espazioaren erabilera (iruditu baitzait, oraindik Zarautzen egiten den moduan, binakako desafioan mugimenduak aurrera eta atzerakoak ere badirela, eta elkar gurutzatzen direla). Eta, noski, akademizazio urriak ematen duen soltura, aurpegietan eta gorputza kolokatzeko moduan antzematen dena. Detaile horietan ere arreta jarri beharko genukeela iruditzen zait, eta ez dantza-pausuetan bakarrik.

Ospakizunari dagokionez, nahiago nuke nik orain egiten dituzten ospakizun arranditsu horien partez argazkien parekoak egingo balituzkete. Baina, hori beste kupeleko sagardoa izango da. Edo, beharbada ez!

Xabier Etxabe.

Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan

2017/07/26

Egun on denoi.

Zahagi-dantzak bezainbeste, "dantzaurrea"k eman dit ba niri atentzioa. Xabier Alberdi lagunak ohartarazi ninduen Zarautzen "dantzaurria" ere esaten zitzaiola garai batean, gerora "aurreskua" deitu izan diogunari. Eta halaxe jaso genuen "Zarauzko folklorea" liburuan. Orain arte ez dut haren erreferentzia gehiago aurkitu Zarautz inguruan, eta poza eman dit lerro horiek irakurtzeak eta Zestoan ere erabiltzen zela jakiteak.

Gaian gehiegi sakondu gabe, ematen du "dantza" eta "aurre" hitzak direla "aurre" eta "esku"ren baliokide, alegia, sokaren aurrean doan dantzariak ematen diola izena koreografiari.

Hitz hori liburuaren glosarioan jaso genuen, eta interesa duenarentzat, hona hemen zer idatzi genuen:

---------------------------------------------------
dantzaurria: "Dantzaurriya" edo "dantzaurria", soka-dantzari Zarautzen ematen zaion izenetako bat da. XX. mende bukaeraz geroztik "aurreskua" izan da gehien erabili den hitza; XX. mende hasieran "soka-dantza" edo "dantza-soka" ere erabili izan dira. "Dantzaurriya" hitza ez zaio aspaldian askori entzuten Zarautzen.

Xabier Alberdi eta Xabier Etxabe, "ZARAUZKO FOLKLOREA" 396. orrialdea

---------------------------------------------------

Ondo izan,

Xabier.

Xabier Etxabe on Santibate edo Martin beltza gogoan

2017/02/03

Ez neukan testua hau lehendik irakurria eta... hori da hori lezioa! Antton Lukuk beti eramaten baikaitu ondo ezagutzen ez ditugun, baina, noiz edo noiz geureak izan direla iruditzen zaizkigun bidezidorretatik.

Xabier.

Xabier Etxabe on Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza

2016/01/05

Hiru Errege datoz
Kale Nagusitik,
tripa ardoz beteta,
ezin egon zutik;
Meltxorrek heltzen dio
Gasparri besotik,
ez muturrez aurrera
eroritzeagatik.

Gipuzkoa aldean, antzekoak diren hainbat bertsiotan, XIX. mendearen bukaeraz geroztik zabaldua dagoen bertsoa da hori, Zarauzko moldean.

Hemen bakoitzak dauzkagunez gure bataila txiki edo handiak (parekidetasuna, inmigranteak nola gure ohituretan sartu, infantilizazioari nola aurre egin...), nik ere neurea botako dizuet: "Hiru Errege datoz...", "Erregeak datoz Bretxan barrena...", "Trakatan, trakatan, hiru Errege..."... nekez aurkituko duzue orain, komunikabideak tarteko, hain zabaldua dagoen "Errege Mago" esamoldea.

Niri beti iruditu zait oso esamolde baldarra, "Errege Magoak"; berriki egindako erdarazko itzulpen kaskarra, batere jatorra iruditzen ez zaidana. Seguru asko, horren motiboa izango da ezagutu dudan Erregeen tradizioan beti "Erregeak" edo "Hiru Erregeak" erabili eta entzun izan dudala, bai etxean, bai kalean, eta bai kantu nahiz bertsoetako tradizioan (Erregeak euskaldunak izan diren herrietako tradizioaz ari naiz, Zarautzen, esaterako). Eta Erregeak izan dira guretzat erregaloak ekarri izan dituztenak (hitz joko polita!), besterik ez. Badaezpada esan egingo dut, aurreko esaldia gaizki uler baitaiteke, erregaloak Erregeek edo Olentzerok edo Papa Noelek ekarri, nik horretan ez daukadala problemarik.

Gainera, komunikabideek "Errege Magoak" erabiltze horretan, ikusten dut ustezko "magia" hori nabarmentzeko ahalegin bat, batere gustatzen ez zaidana; ETBk Olentzeroren urteroko anuntzioetan egiten duen moduko zerbait: metaforak diren Olentzero nahiz Erregeen beste alderdiak ezkutatuz, eta "mago" izaera hori neurrigabe goratuz ("Harry Potter"en antzeko irudia ez al dute ematen!).

Noski, ondotxo dakigu denok tradizioa zer den: norberak (edo kolektiboak) bere interesen arabera (ber)interpretatzen duen zerbait, komeni zaizkion alderdiak goratuz, eta gustukoak ez direnak alde batera utziz. Baina, horretan ari garenez, hor utzi dizuet nire erreibindikazioa.

Ondo bukatu Gabon garaia, eta eman ondo-ondo lustrea zapatei, Erregeak datoz-eta!

Xabier Etxabe.

Xabier Etxabe on Zarautz: Dantza soltea 1952

2015/11/19

Ia seguru esango nuke irudi horiek Zarauzko Euskal Festetakoak direla. Garai horretan indar handia izan zuten dantza-suelto txapelketek Euskal Festetan, eta Zarautzen sortu berria zen Irrintzi dantza taldearen izenean ere aurkeztu izan ziren bikoteak txapelketa horietara; 1953an, esaterako, talde horretako Anjel Gereka eta Izaskun Garrastazu izan ziren irabazleak, eta jaso genuen horren argazki bat ere Xabier Alberdi lagunak eta biok idatzitako "Zarauzko Folklorea" liburuan, bideoko irudiak bezala Zarauzko Musika Plazan hartuak (ikus 332-337 orrialdeak).

Testuan egiten duzuen erreferentzia, alegia "uda Zarautzen pasa zutenak agurtzeko egindako festa" zela, oso ohikoa izan zen Zarauzko Euskal Festen sorrera esplikatzeko (alegia, festa hori sortu zela, 1924an, Zarauzko beraneante aberatsei gure kultura ezagutarazteko eta udako azkeneko festa egiteko, irailaren 9an, Arantzazuko Amaren eguna aprobetxatuz). Bideoaren data irailaren 22koa izanik, ez zait iruditzen duda handirik dagoenik. Konturatuko zineten, baita ere, jende asko dagoela garaiko "baserritar" jantziarekin ikusleen artean.

Esanak esan, dokumentu ederra da berriro ere eskaini diguzuena, nik behinik behin jasoko dudana nire artxiboan. Eskerrik asko,

Xabier.

Xabier Etxabe on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako

2015/05/09

Poza ematen du oraindik ere taldeak era horretako abenturetan murgiltzen direla ikusteak. Animo, Aritz eta konpainia, eta eutsi goiari!
Xabier Etxabe

Xabier Etxabe

Zarautz (1974).

Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.

Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).