Haurren euskal-dantza taldeak eta haur abesbatzak: parekotasunak?
ITURRIA: Puntua 439. zkia (2025-01-17) / Goiena - Tokikom
"Gero eta gazte gutxiago abesbatzetan" dio Debagoieneko Puntua aldizkariak urtarrilaren 17ko zenbakiko erreportai nagusian. Azalerako ere gai hori hautatu du: "Haur eta gazte abesbatzak: indarberritzeko nahia eta beharra". Euskal-dantzaren ikuspegitik, gertuko egin zaizkit baieztapenok, eta erreportaia irakurtzeko gogoa piztu dit. Hara:
"Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak urrian aurkeztu zuen EAEko haur eta gazte abesbatzen jarduerari buruz egindako lehen txostena. 6 eta 23 urte arteko koralistekin lan egiten duten 134 abesbatzari buruzko informazioa bildu dute ikerketan."
"Bildutako datuetatik eta sektoreko profesional esanguratsuekin egindako elkarrizketatik ondorioztatu dute gazteen kantu korala 'krisi egoeran' dagoela, eta konplexutasun handiko errealitatea dagoela oinarrian [ezaguna al zaizue hau euskal-dantzan?]. Guztira, 4.719 koralista zenbatu dituzte [zenbat haur eta gazte dantzari dira euskal-dantzan?], eta datu aipagarrienek adierazten dute:
- alde handiak daudela probintzietako parte-hartzeari dagokionez, [ezaguna?]
- desoreka nabarmena dagoela generoari dagokionez, [ezaguna?]
- jarduera koral gutxi dagoela irakaskuntza orokorretako ikastetxeetan, [ezaguna?]
- eta dinamizazio eta profesionalizazio maila txikia dagoela egituretan." [ezaguna?]
"Debagoienera etorrita, haur zein gazte koruekin lanean diharduten abesbatzetan ez dute txostenean jasotakoarekin sorpresarik hartu, eta antzerako irakurketa egiten dute gehienek. Gizartea asko aldatu da, azken hamarkadetan familien aisialdiak garrantzi handia hartu du, eta, eskolaz kanpoko eskaintza askoz ere zabalagoa izateaz gainera, kirola nagusitu da."
Euskal-dantzaren eremutik ere diagnosi edo ondorio beretsura iritsi ohi gara...
Erreportaiak haur edo gazte abesbatzetan zuzendari lanetan diharduten edo jardun duten Debagoieneko zazpi lagunen adierazpenak jaso ditu. Gertukoen egin zaizkidanak ekarriko ditut hona:
- Ikerketa egiteko elkarrizketa-errondan parte hartu duen Aitor Biain oñatiarrak argi du aurrera begirako estrategien artean lehentasunezkoa zein den: "Ez da erraza izango, ohituta gaudelako nork bere abesbatzan eta bere herrian jardutera, baina jabetu behar dugu komunitate oso handi bat osatzen dugula -kulturaren sektorean handienetakoa–, eta lehenengo gakoa da guk erreakzionatzea. Elkartu eta erreakzio-plan bat diseinatu beharko genuke." [Ezaguna? Dena den, euskal-dantzaren eremu atomizatu eta polizefalikoan, ez dakit halako irtenbiderik posible ote den gaur-gaurkoz.]
- Instituzioen aitortza eta babes ekonomikoa: "Zuzendariak formatzeko, trukeak egiteko, eskolak bultzatzeko...". [Ezaguna?]
- Komunikazio plan egokiagoak: "Agian ez gaude modan, eta irudi horri buelta eman behar zaio". [Ezaguna?]
-
Marije Ugalde bergararrak mutikoen parte-hartzean sumatu du jaitsiera nabarmenena, eta nerabeetan, bereziki. "Gauzak asko aldatu dira, eta berehalako emaitzak behar dituen gizarte honetan ahalegin luzeko ekintzak ez dira hain popularrak. Eskola dinamikoak prestatu behar dira, eta energia handia eskatzen du". [Ezaguna?]
-
Azkenik, zazpi zuzendariotatik lauk, egoeraren irtenbidean laguntzeko funtsezkotzat ikastetxeak (hezkuntza) azpimarratu dituzte: "Abesbatzen mundua ikastetxeetan sustatzea", "ikastetxeetan musikaren eta abesbatzaren presentzia indartzea", "ikastetxeetan abesbatzak sustatzea", "kantu korala sustatzeko ezinbestekoa dela ikastetxeetako Musika ikasgaian gehiago abestea." [Ezaguna?]
Euskal-dantzaren eremuan ere Hezkuntza begi puntuan jarri izan da; Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskal-dantza txertatzeko aldarrikapena, alegia. Urrutira joan barik, Dantzan Ikasi azken topaketetan.
Ohiko aterabidea da alor ezberdinetatik Hezkuntzara begira jartzea. Baina... Euskara hizkuntzarekin ere Hezkuntza izan zen estrategia nagusia, belaunaldi batetan derrigorrezko hezkuntza jasotako euskal herritar gazte guztiak euskaldun oso izango zirelakoan... Baina ezagun denez eta emaitzetan plazaratu zenez, ez da halakorik lortu. Oraindik ere euskara 'krisi larrian' dago, baita derrigorrezko hezkuntza jasotako gazteen artean ere.
Euskal-dantzarekin parekotasunak
Haur abesbatzen eta haurren euskal-dantzen artean bada parekotasunik (goian aipatutako diagnosiez gain):
- Biak ala biak, barneko berezko arte espresioen (abestea, dantza) forma egituratuak dira (ez bapateko espresio hutsak).
- Lanketa teknikoa dute oinarri. Teknikan trebatzen dira.
- Goitik beherako hierarkia: zuzendaria / abeslariak, Zuzendari - monitore - irakasle / dantzariak
- Errepertorio bat lantzen dute (abestiak, dantzak)
- Jendaurreko emanaldiak izan ohi dituzte lana kanporatzeko helburu (ikus / entzungai)
- Baita ere, entseguetatik haratago, emanaldietarako konpromezua (lotura).
- ... eta 'krisian' daude.
Azken hausnarketa bat: Zenbateko ardura dagokio formatuari berari? Bere eduki eta moduari?
Helduleku bila kanpora begira jarri barik (gure gizartean ohiko jokabidea), zenbateraino ez ote dago erantzuna gure barnean, ekialde urruneko ipuinek sarritan azpimarratu ohi duten gisan? (edo erantzunaren parte esangurastua, behintzat). Hausnarketa da, galdera; ez baieztapena.