Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haurrak, haurrak... Folklorearen infantilizazioaren ajeak agerian... hamaikagarrenez...

Dokumentuaren akzioak

Folklorearen infantilizazioaren ajeak agerian... hamaikagarrenez...

2025/05/16 08:50
Folklorearen infantilizazioaren ajeak agerian... hamaikagarrenez...

Akelarre txikia - Hernani (CC-BY-Sa Kronika)

"Azken aldian ikusten dut umeak nahi ditugula denean sartu, eta ez da normala hori. Lehen, adibidez, ekainaren 23an suaren inguruan aurreskua dantzatzeko 18 urte behar izaten ziren. Orain berdin du adinak. Akelarrean berdin. Akelarrea helduena da eta ez umeena. Gu desiratzen egoten ginen urteak kunplitzeko, halako lekuetara sartzeko edo halako gauzak egiten hasteko. Orain umetatik helduen gauzak egiten hasten dira. Horrela, arriskua ikusten dut umetan hasita gero ilusiorik ez izatekoa." (Pepi Arrospide - San Joan Konpartsa)

Ez al zaigu hau denoi ezaguna? Eta halere, intertzia horrek jarraitzen du, gero eta goiztiarrago. Guraso askok sei, bost, lau, hiru (?) urteko umeak 'euskal-dantzan' apuntatzen, eta hainbat musika-eskola eta dantza-eskola publiko eta pribatuk inertziari (edo eskaerari) men egiten, haien eskaintza gero eta adin goiztiarragoetara zabaltzen.

Eta zer egin behar dugu joera horrekin? Ez al du hausnarketa serioa merezi?

 

ITURRIA: Pepi Arrospide (San Joan Konpartsa); dantzan.eus-en elkarrizketa

Dokumentuaren akzioak

2025/05/19 13:14
Beste hainbat gaitan bezala, kontraesanak eta inkoherentziak azaleratzen dizkigu gai honek. Umeekin goizegi hastea eta gehiegizko protagonismoa ematea kaltegarriak gertatzen dira, baina egungo gizarte honetan euskal dantzaren "kultura", erritmoak, formak, gorpuzkerak ez badituzte dantza talde eta eskolen bidez jasotzen, asko iristen dira helduarora horiekin batere zipriztindu gabe eta heldutan zenbaitek aurrerabide handia egin arren, umetan batere aritu gabeko gehienek zailtasun handiak izaten dituzte guztiz arrotza zaien erritmo eta formetan trebatzeko.

Euskal dantza gorputz hizkuntza bezala aldarrikatzen dugunez, berbazko hizkuntzen adibidea ere erabiliko dugu hemen. Euskara umetatik jasotzen dutenek askoz errazago bihurtzen dute bere komunikazio hizkuntza (eskolatik bakarrik jasotzen duten askok horrelakorik lortzen ez badute ere, baina beste hainbatek bai) heldutan hasten direnek baino (heldutan hasitako hiztun trebeak badira ere, bide malkartsuagoa da gehienentzat).

Goiz hasteak ez du esan-nahi protagonismoa osoki haiengan uztea, noski. Helduak izan behar dira eredu umeentzat eta asmatu behar dugu helduei begiratzeko irrika bizirik mantentzen eta beraien txanda iritsiko dela ikustarazten. Batez ere gurasoei! ;-)
2025/05/23 12:47
Denok daukagu gogoan, konturatzen ez bagara ere, nolakoa zen gure txikitako "paradisu galdua": dantza taldeetan jendea erruz, adin guztitakoak, irakasleak sobran, txistulari talde sendoa... eskema hark ere bazituen hutsuneak, noski, baina irudi harekin gabiltza, sarri, oraingo errealitatea ulertu eta juzgatu nahian.

Oierrek aipatutako kontraesan horiek nonahi aurki ditzakegu: Musika Eskoletan, musika ikasten zaharrak (alegia, nire adin bueltakoak eta are zaharragoak) eta ume gero eta umeagoak (ume-kotxeak ikusten ditugu Donostian). Gazte eta gaztetxoak falta.

Nahiko genioke egoerari buelta eman, eta ez dakigu nola. Zaharrei eta umeei ez diegu nahi uko egin, bestela jenderik gabe geratuko garelako; gazteak erakartzen lanak ditugu, eta haiei erreferentzia egokiak erakusten ere bai.

Lehendabiziko gauza: jabetu behar gara zer garaitan bizi garen. Ez gaude inor kanpoan uzteko moduan, baldin eta gure biziraupena aintzat hartzen badugu.

Bigarrengo gauza: gure indarrak mugatuak dira. Oso mugatuak. Gure ahalegina ondo neurtu beharrean gara, ez baitaukagu eremu guztietan indartsu aritzeko modurik.

Hortaz, egoerari buelta emango diogun erabateko soluzioaren faltan, elkarren kontra dauden interesen oreka egokiaren bila jarri behar dira taldeak, dauzkaten baliabideak neurtuz, elkarlana bilatuz, eta neurriko espektatibak jarriz, ilusio faltsurik gabe.

Erraza da esatea.

Xabier Etxabe.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haurrak, haurrak...

Haurrak, haurrak...

Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.

Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.

Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...

Arduraduna: Patxi Montero