Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Amuña Dantzaren garaia, 'Amuña'ren garaia

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren garaia, 'Amuña'ren garaia

Zarauzko 'Txaparro' aldizkariaren 12. alean argitaratua

Xabier Etxabe, 2002/06/04.

El pueblo vasco ha cultivado el arte de la danza con todo el fervor que lo hizo el pueblo heleno; aún subsisten vestigios de aquel culto, que aquí, en Zarauz, se ostentan en las ocasiones en que el viejo Amuña siente renacer los bríos de su lejana juventud. Es un caso superviviente de una época que supo otorgar al baile todos los honores debidos a su elevado rango. 1925eko Euskal Jaiak Zarautzen, esku-programa

Manuel Txapartegi zuen izena, baina Amuña gotizenez ezagutzen zuten denek. Horrela deitzen zieten zarauztarrek Txapartegitarrei. Bere esanahiak amuarekin du zerikusia, itxuraz: Amu-egiña esan nahi du. Amuak egiten dituena, alegia. Hori baitzen Amuñaren ofizioa. Amuak egiten zituen arrantzaleentzat. Makinak sartzean jo zuen ondoa negozioak, gisa hartako beste artisau-lanbide gehienei gertatu zitzaien antzera. Industri Iraultzaren garaia zen.

1920_Amuna-Eibarren-I-Ojanguren.jpg
Eibarren, San Juanetan, Aurresku txapelketa batean (1920ko hamarkada). Indalecio Ojangurenen argazkia


Ez zen izan artisau-lanbidetza Industri Iraultzarekin desagertu zen gauza bakarra. Bizimoduaren aldaketa etorri zen. Orriaren hasieran agertzen den testuan garbi agertzen da, 1925ean, ez zuela dantzak iada aintzinako prestigiorik idazlearen ustetan. Gaurko aldean handia, hala ere.

1843an jaio zen Amuña Zarautzen. Noizbait dantzaren garaia izan bazen, garai hau aitatu beharko. Orduko idatzitan ere agertzen da hori: ez zen festarik ospatzen ez ekitaldi garrantzitsurik egiten dantzarik gabe. Dibertsio modua zen garai hartan, gainera. Akaso horregatik ez dute gaur egun erromeria indartzeko ahaleginek frutu nabarmenik; gaur egungo dibertsio modua bestelakoa delako.

Hona hemen 1850ean, Zarautzen, iturri baten inaugurazioari buruz idatzi zena:

...Por la tarde se corrió un novillo con plaza cerrada, después del cual se bailaron los sorcicos de costumbre en el país al son del tamboril.[1]

Zortzikoak ziren, hortaz, garaiko dantzarik ohikoenak Zarautzen. Zortzikoak eta dantza-sueltoa, nola ez. Horretan Zarautz ez zen probintziako gainontzeko herrietatik gehiegi desberdintzen. Festa egunetan Txakoli izeneko dantza dantzatzen omen zuen Amuñak. Izan ere, badakigu hori zela garai hartako dantzarik ezagunenetakoa probintzia osoan, gerora galdu zen arren.

Amuña dantzari porrokatua zela esaten dute ezagutu zutenek. Berari buruz ditugun erreferentziek ere hori baieztatzen dute. Dantzaria eta festazalea. Ez zuen izaten inoren beharrik dantzan hasteko. Nahikoa izaten zuen musika entzutea dantza-pausuak egiten hasteko.

Festa non, Amuña han. Gaur Tolosan txapelketa batean eta bihar Donostian Ihauterietan. Nahiz oinez joan behar, distantziak ez ziren muga beretzat.

Aspaldi desagertutako dantzari klasea zen Amuña. Ez talde bateko dantzaria, eta ezta ere dantzari-kirolaria, gaur egun txapelketetarako buru-belarri prestatzen direnak bezalakoa. Dantzari herrikoia zen. Idatziek ere horrela gogoratzen dute beti: “el popular Amoña, …”. Behin herriko musika-banda plazan jotzen ari zela, ohetik jaiki (plazan bertan bizi baitzen) eta behera jaitsi omen zen. Ez zegoela pieza haiek dantzatu gabe uzterik, eta dantzan hasi omen zen ikusleen algara artean. Bere semea ere han izan nonbait, musikarien artean, eta lotsa-lotsa eginda jarraitu omen zuen musika jotzen.

Izugarri gustatu behar dantza, bestela ezin ulertu nolatan egin zuen dantza hil arteraino. Hirurogeitamar urtetik gora izanda ere aurresku-txapelketetara aurkezten zen. Horren hiru adibide badaude dokumentatuta (Zarautzen, Tolosan eta Eibarren).

*"Terminado nuestro festival, hubo concurso de aurreskularis en el que lució sus habilidades el popular Amoña, de Zarauz, quien a sus ochenta[2] años se siente aún con ánimos y facultades para entretener al público haciendo difíciles piruetas."* EUSKALERRIAREN ALDE elkarteak antolatutako Jaia Zarautz, 1912

"En la Plaza de los Fueros, a las cinco, se verificó con gran animación el concurso de aurreskularis, en el cual obtuvo el premio primero el popular Amoña, de Zarauz, quien a pesar de sus ochenta años conserva bríos para vencer a los jóvenes. El segundo premio fue para el ágil Zumeta; el tercero para Pujana (hijo), para Arrue el cuarto, y el quinto para Chomin, de Hernani." EUSKALERRIAREN ALDE elkarteak antolatutako Jaia, Tolosa, 1913

Amuñaren bidez ezagutu ditugu bere garaiko dantzarik ezagunenak: zortzikoak, sueltoa eta aurreskua. Sueltoan arin-arina; fandangorik ez. Oraindik sartu berria zen gure folklorean, eta ez omen zuen nahi izaten dantzatu kanpoko pieza zelako.

1926an hil zen Amuña, 83 urte zituela. Zarautzen gaur egun hain ezagunak diren Euskal Jaiak ezagutzera iritsi zen. Inon ezagutzen den erromeria giroko festarik herrikoiena dela esatera ausartzen naiz: dantzak herri-mailako protagonismoa hartzen duelako, herri osoak parte hartzen duelako, inprobisatua delako eta batez ere dibertsio modua delako zentzu guztietan. Garai bateko giroaren isla egun bakarrean.

Gainontzean, aspaldi bukatu zen dantzaren garaia. Amuñaren garaia bukatu zenean.

[1] Zarauzko Udaleko Akta liburutik jasoa.

[2] Larogei urteak orientatiboak dira. Egiaz hirurogeitamar urte zituen.

Dokumentuaren akzioak