Dokumentuaren akzioak
Esteban Berazadi: "Dantza eta kantu, gure herriaren berri eman genuen Europan"
Txaparro, Xabier Etxabe / Zarautz, 2004/02/20, 2004/02/20.
Iaz Irrintzi taldekoek berrogeita hamar urteak ospatu zituztenean, Esteban izan zuten gogoan: gerra-ondoko urte zailetan laguntzaile izan zutelako, batik bat. Lehenagotik ere ibilia zen dantzan, ordea; Euskal Herrian gerra galduta, Jose Antonio Agirre lehendakariaren iniziatibaz sortutako Kulturaren Euskal Selekzioan aritu zen: kantuz, dantzaz eta antzerkiz Europako antzoki inportanteenetako txaloak jaso zituen Eresoinka taldean.
Zarautzen "Esteban Berazadi" esanez gero, gehientsuenek badakite zein zaren. Gazteenek ere zeozer jakin dezaten, Esteban, txikitako kontuak esaten hasi beharko duzu.
Ze nahi duzu nik esatea... Zarautzen jaio nintzen aspaldi. Gure aitak-eta tela-fabrika bat zuten zu bizi zaren kalean bertan, Txerrikalen. Gure anaia zaharrena eta aita biajante ibiltzen ziren bertan. Gerora, apartatu egin ginen eta “Textil Berazadi Hermanos” izeneko fabrika jarri genuen.
Gazterik hasi zinen dantzan, Esteban.
Bai horixe! Garai hartan dantzarako zaletasun handia zegoen. Dantzarako, antzerkirako, kanturako... Zer ez genuen egiten orduan? Batzokian biltzen ginen denak. Ni, artean, mutikoskorra nintzen dantzan hasi nintzenean; hamabost bat urte izango nituen.
Oraindik hogei urte konplitu gabeak zenituela, gerra hasi zen. Kanpora alde egin zenuen, ezta?
Bai. “Hemen ez zegok gauza onik” eta... anaia Sabinok eta biok frontera pasa behar genuela! Sabinok Getariatik ateratzekoa zen barku bateko patroiarekin tratua egin zuen, eta poltsa bana bizkar gainean hartuta Donibane Lohitzunera abiatu ginen, goizaldera. Ez dakit ze egun zen; ordurako Molak-eta mendean hartua zuten Irun, eta haiek Zarautza etorri baino egun batzuk lehenago alde egin genuela gogoratzen naiz.
Jende sail handia izango zineten ba barku hartan?
Bai. Jende ezaguna ere bai: Escudero tartean zen, gurekin. Gauean ez genuen batere lorik egin, eta jan ere apenas. Donibane Lohitzunera ailegatu ginenean txertoa eman ziguten, eta gero Udaletxera bidali gintuzten.
Ondo hartuak izan al zineten han, Esteban?
Bai, oso ondo. Gainera han denek euskaraz hitz egiten ziguten, eta hura guretzat seinale bat izan zen: kanpoan geunden, baina etxean. Hala ere, ez zen giro han: batzuk negarrez, beste batzuk zer egin ez zekitela... Aurreneko lana hemendik eramandako dirua kanbiatzea egin genuen. Getariar bat bazen hango banku batean lanean, eta haretxek lagundu zigun. Dirua kanbiatu eta, tabernara segituan: a ze bazkaria egin genuen anaiak eta biok!
Eta gero zer? Ba al zenuten nora joanik?
Ez ba! Ahaiderik ez genuen han eta Baionara bidali gintuzten, La Salle-ko hermanoen eskola batera. Uda zen, eta eskola hutsik zegoenez, ondo egon ginen harik eta eskola-garaia etorri zen arte.
Ikasleak etorri zirenean, zuek alde egin behar!
Maulera. Han, La Salle-koek beste etxe bat zuten, erretiratuta edo gaixorik zeuden hermanoentzako jarria. Mesede egin zigun guri etxe hark, gu hara joan ginenean ia hutsik zegoen eta. Hantxe egin genituen hilabete batzuk Sabinok eta biok. Gabonak ere han pasa genituen. Josten eta ebakitzen banekien nik, eta bertan eman zidaten lana. Gainera, gu bezala joandakoak asko ziren han: elkarrengana biltzen ginen.
Etxekoen berririk ba al zenuten?
Urtea pasa zen guk etxekoen berri izaterako. Hermanoek asko lagundu ziguten horretan. Haiek muga pasatzeko guk baino erraztasun handiagoa zuten, eta ahalegintzen ziren kartak batetik bestera eramaten. Horrela jakin genuen aita bizirik zela, kartzelan baina. Kartzelatik atera eta gutxira hil zitzaigun.
Etxetik atera zinetela urtea. Ordurako Eusko Jaurlaritza Parisera bidean zen, eta iparraldean kultura taldea sortzen hasia zen.
Guk Baionan izan genuen horren berri. Izan ere, Maulen dantza-taldea sortzeko modua egin genuen, eta Baionan urtero antolatzen zen jaialdira joateko aukera eman ziguten. Txistularia donostiarra genuen, gerora Eresoinkan ere lagun izan nuena. Hau Alemanian eta guzti egona zen, txistuaren aitzakian, gerra hasi berritan. Sabinok atabala jotzen zuen, eta hura ere gurekin aritzen zen. Mauleren izenean joan ginen gu; badakizu, bertakoek egiten ez zituzten dantzak egiten genituela eta...
Zenbat egun egin zenituzten Baionan?
Hiru edo lau. Ondo ibili ginen. Besteren kontura ibili ginen behintzat eta... gu gustura! Handik Maulera bueltatu ginen atzera; harrezkero, inguruko herrietatik deitzen ziguten, Atharratzetik-eta, herriko-festetan dantzan egiteko. Ordurako bagenekien Eusko Jaurlaritzak antolatutako taldea Saran zela; jendea behar zutela eta, han joan nintzen ni ere haien artera! Sabino Maulen gelditu zen.
Hasieratik aritu zinen Eresoinkan?
Hasiera-hasieratik. Hamalau lagun ginen dantza-taldean, Donostia aldekoak gehienak, denak gerraren ihesi joandakoak. Egun batzuk beranduago koroa ere osatu zuten. Saran egon ginen bi hilabetez, eta 1937ko abenduan Pariserako bidea hartu genuen.
Dantzan egitea zen zure eginkizuna?
Halaxe da. Hori zen orduko nire lana. Eusko Jaurlaritzak ordaintzen zigun soldata; profesionalak ginen.
Gogorra izan al zen taldea punta-puntan jartzea?
Oso. Iparraldean bazen gu bezalako beste talde bat, Gernikako Elai-Alai taldea. Hauek gerra aurretik ere taldea ziren, baina guk bi hilabete besterik ez genuen izan taldea osatu eta Parisen eman beharreko saioa ondo prestatzeko. Dantza asko ikasi behar izan genituen, eta estanpak ere ensaiatu behar ziren. Sarako frontoian bertan aritzen ginen dantzan, Jesus Luisa Esnaolaren aginduak betetzen. Donostiarra zen hura ere, Donostiako “Eusko Gaztedi”n dantza-maisu izana. Ona zen, diziplina handikoa.
Laguntzaile onak zenituzten taldean, beraz.
Bai. Atzetik oso jende ona zebilen lanean. Ez pentsa koroan edozein zebilenik; Luis Mariano ere gurekin ibili zen-eta kantari!
Zarauztar bakarra al zinen taldean?
Dantzari taldean, bai. Koroan ere baziren zarauztarrak, Lizundianekoak behintzat bai.
Parisera joan zen taldea, eta geroztik bertan egon zineten. Handik batera eta bestera, ezta?
Gelditu gabe gainera! Parisen egin genuen estreineko saioa 1937ko abenduan. Hasiera hura oso ona izan zen, eta inportantea zen hori guretzat. Gu ez ginen kantu- eta dantza-talde hutsa. Kulturaren aitzakian, euskaldunok bizi genuen egoera tristearen berri eman nahi genuen, eta horretarako itxurazko saioak egin behar genituen. Eusko Jaurlaritzak egindako propagandak ondo funtzionatu zuen, eta Europako antzoki onenak betetzea lortu genuen: Ingalaterra, Frantzia, Belgika, Holanda... Toki guztietan oso ondo hartu gintuzten. Holandan, batik bat.
Zenbat urtean ibili zineten modu horretan, Esteban?
Pare bat urtean. Espainia aldean gerra bukatu orduko, Europakoa hasi zen eta gu tartean... Alemanak Frantzian sartu ziren eta guk berriz ere ihesi joan behar izan genuen. Hantxe bukatu ziren gure ibilerak.
Nork bere bidea egin zuen handik aurrera?
Bai, hala ere dantzari gehienak Tarbes-era joan ginen lanera; Lourdes-etik berehalaxe dagoen herria da hura. Lanerako gazteak behar zituzten, bertakoak soldadu joanak ziren eta. Piskatean bizimodua aurrera ateratzerik izan genuen bertan.
Eta gero?
Gero... gero komeriak! Batzuek Ameriketarako bidea hartu zuten, gutxi batzuk Frantzian gelditu ziren, eta beste batzuek, etsi-etsian, frontera pasatzea erabaki genuen.
Hemengo gerra bukatua al zen?
Bai, baina hemen ere ez zen giro. Irundik sartu beharrean, Jaca aldetik etorri ginen, tunel luzea dagoen toki hartatik. Frontera pasa orduko atxilotu gintuzten. Etxekoak bisitan etorri zitzaizkigula gogoan dut: ama eta arrebetako bat. Handik Miranda de Ebrora eraman ninduten.
Miranda de Ebron kontzentrazio-esparrua zegoen.
“Campo de concentración”. Hala deitzen genion guk. Gorriak ikusi genituen han. Eskerrak gazteak ginen, bestela... Asko hil ziren han, eta beste asko gaixorik bueltatu. Zarauztarrak ere baziren tartean.
Hala ere dantzan egiteko gogoa bazenuen. Algecirasekoa da argazki hau...
Miranda de Ebrotik Algecirasera eraman ninduten: “batallón de trabajadores”. Bideak-eta egiten aritu ginen. Euskalduna franko bazen han, eta dantza-taldea ere osatu genuen. Badakizu, horren kontura festaren bat edo beste egiten genuen eta.
Sei urte kanpoan egin eta gero, nola bilatu zenuen Zarautz?
Hemen ez zegoen ezer! Lehen egindako lan guztia gerrak puskatu zuen. Hutsetik hasi behar izan genuen, poliki-poliki, dantzariak-eta martxan jartzen.
Irrintzi koadrila izan zen aurrenetakoa lan horretan. Zeu ere haiei laguntzen aritu zinen...
Bai. Hasierako urteetan lagundu nien, eta gero bere kasa segitu zuten dantzan. Ezkondu ere egin nintzen noizbait, eta kontu horietatik piskat apartatu egin nintzen orduan.
Ezkondu egin zinela esan duzu... Nola diren gauzak: zure emaztea ere, Lore, dantzari-familiakoa izan!
Bai, marka da gero! Lore-eta Ingalaterrara eraman zituzten barku batean, artean txikiak zirela. Hiru senide joan ziren aita eta ama hemen utzita. Behin gerra bukatuta, Ingalaterratik Zarautza ekarri zuen Lore bere amak, eta orduan ezagutu genuen guk elkar. Haren anaia Pirmin, ordea, ona zetorren dantza-klasikoan eta han gelditu zen. Beharko gelditu! Dozena bat urtean Ingalaterrako dantzaririk onentsuena izan zen.
Orain gutxi egin nion hari elkarrizketa Txaparron. Jendeak esango du: Zarauzko dantzari guztiak zuen etxean al dira edo?
Hala egokitu da, itxuraz. Gerra izan zen tartean eta... gerrarik izan ez balitz ez hura eta ez ni ez ginen ibiliko ibili ginen bezala, antzokiz antzoki dantzan.
Horretan arrazoi duzu. Gaurkoz nahikoa izango da, beste konturik esateko ez baduzu, behintzat...
Nahikoa izango da gaurkoz. Etorri berriro ere nahi duzunean.
Dokumentuaren akzioak