Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Anartz Ormaza Ugalde Naziak, svastikak eta euskal dantzak

Dokumentuaren akzioak

Naziak, svastikak eta euskal dantzak

Naziak, svastikak eta euskal dantzak

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Euskal dantzariak nazien omenez dantzan, Donostiako La Perla-n

Honi buruz idazteko gogoa interneten igerian nenbilela Alberto Santana historialariak sare sozial batean argitaratu zuen sarrera batengatik piztu zitzaidan. Testu labur batekin batera, zenbait argazki partekatu zituen. Haietan euskal dantzariak agertzen ziren bandera nazien aurrean dantzan, Donostiako La Perla-n, izan ere. Argazkiak 1941ekoak omen. Berehala atentzioa ematen duten irudiak dira; atentzioa eman baino, barrua astintzen dutenak. Eta harridura sortzen dutenak. Zer egiten du ezpata-dantzari talde batek svastika nazien aurrean dantzan?

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan (1941). Kutxa Fototeka.
Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Ez nintzen bakarra izan, jakina, irudiek zuten indarraz ohartzen. Zalaparta eta eztabaida aurki zen piztua sarean, modu bateko eta besteko komentario eta iritziak medio: seguruenik dantzariek behartuta egin behar izan zutela dantzan, erregimen frankistaren beste irain bat izango zela, nola zela posible urte gutxi batzuk lehenago Gernika bonbardatu zutenei halako gorazarrerik egitea,… batzuentzako biktima, besteentzako traidore. Nola ez, guztia posizionamendu (eta akusazio) politikoekin zipriztinduta.  

Jakin-mina piztu zitzaidan, irudi haien atzean begi bistan ematen zuena baino testuinguru konplexuagoa egon behar zuen eta. Eta argazkiok bigarrenez begiratuta, svastikekin batera bertan zeuden albo banatan Falangeko bandera eta baita bandera karlista ere. Eta gauza jakina da karlistek Francorekin bat egin zutela, falangistekin batera.

Hortaz, testuinguru laburtua argi dago: 1941. urtea da, Espainiako Gerra Zibila amaituta, karlistak irabazleen bandoan zeuden. Bigarren Mundu Gerra puri-purian zegoen, Ipar Euskal Herria (eta Frantziaren zati handi bat) Alemania naziak okupatuta zegoen. Frankismoaren eta Nazismoaren arteko konplizitatea (moduren batean esateko) aski ezaguna eta bistakoa zen. Eta batzuetan harritu egiten bagaitu ere, ezin zaigu ahaztu karlisten alderdian asko euskaldunak zirela, euskal tradizioen eta kulturaren zale eta babesleak (gaur eguneko ikuspegitik guztiz kontraesankorra iruditzen bazaigu ere). Hortaz, lau hari punta lotu eta dagoeneko irudiak ez dute hasierako harridura sortzen.

Santanak ekitaldiaren inguruko zenbait informazio ematen zuen irudiekin batera idatzitako testuan, eta horrela kontrastatu dut sasoiko prentsa eta artxiboak begiratuta. Ekitaldia Hitleriar Gazteriako parte zen Alemaniar Neskatxen Ligako (Bund Deutscher Mädel- BDM) hainbat neskatoren bisita dela eta egin zen, 1941eko maiatzaren 1ean, arratsaldez, Donostiako La Perla bainuetxeko aretoan. Bertan, Zarauzko dantzari gazteak ageri dira, soka-dantzan, Sección Femeninako neska dantzariekin batera.

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)
Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)
Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Ospakizuna FET de las JONSek antolatutako harrera- eta senidetze-zeremonia luzearen parte zen, bereziki Pilar Primo de Rivera filo-nazia buru zuen Sección Femeninako Probintzia Zuzendaritzak antolatutakoa. Bisitariak, esan bezala, BDMko Aginte Eskolako bederatzi ikasle onenak ziren eta ospakizuna BMDko Donostiako ordezkari iraunkor zen Analisse Schoeder alderdi naziko militanteak koordinatu zuen. Espainian zehar zazpi asteko bidaia baten hasiera bikaina zen Donostian egin zutena.

Dantzariak, esan bezala, zarauztarrak ziren. Zarauzko Zirkulu Karlistako dantza taldekoak, bederen. Santanaren berbetan, “Zarautzek gerra zibilaren aurretik dantzari eta txistulari karlista talde bikaina zuen, eta bertara joaten ziren udatiar monarkiko guztiekin, normala da Europako eskuineko bisitari izendunen aurrean aritu izana”. Antza denez, Francori 1948an bandera espainolarekin Agintariena dantzatu zion talde berdina da Donostiako bainuetxean urte batzuk lehenago gazte nazien aurrean aritu zen hau.

Garaiko hainbat egunkaritan eman zuten neskato alemanen bisitaren berri, eta Donostiako Unidad egunkarian adibidez, hau irakurri zitekeen:

“A las seis y media de la tarde dará comienzo el festival de bailes y cantos regionales en La Perla del Océano con arreglo al sigiuente programa:
Primera parte: Bailes regionales: Primero, espatadantza, por el grupo de Zarauz; segundo, sevillanas, por camaradas de la S.F.; tercero, gitanerías, por camaradas de la S.F.; cuarto, aurrescu, por camaradas de la S.F. y grupo de espatadantzaris de Zarauz.”

 

Unidad, Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S. egunkariko kronika (1941-05-01)
Unidad. Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S. egunkariko kronika (1941-05-01)

Egungo begiradapean harrigarria egiten bazaigu ere (harrigarria eta etsigarria), garaiko euskal dantza-talde asko ideologia tradizionalistakoak ziren, F.E.T. (Falange Española Tradicionalista) sigletako “T” horretakoak, hain zuzen ere. Eta frankismoan zehar dantzatzen jarraitu zuten. Ezin ahaztu Falangeko Sección Femenina-ren bitartez neskato askori euskal dantzak irakatsi zitzaizkiela, batez ere hirietan (honek ere luze idazteko emango luke, baina hurrengo baten, beharbada).

Naziengana bueltatuz, eta gaiaren ildoari tiraka eginez, badakigu La Perla-koa ez zela nazien eta euskal dantzen arteko salbuespenezko topagunea izan. Seguruenik ez zen lehendabizikoa izan; bakarra izan ez zela, gauza ziurra da.

La Perla-ko ospakizuneko argazkietako batzuk Ramon Barea Unzuetak argitaratutako Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratu ziren. Liburu horretan bertan La Perla-n ateratako beste argazki bat ageri da, "Jaialdi folklorikoa La Pela-n, Donostia 1941" titulupean, eta lehen begiradan aurreko ekitaldi berekoa dela ematen duen arren, ikusi daiteke beste ekitaldi edo jaialdi batekoa dela: dantzari taldea berbera den arren, nazien ikurra desberdina da eta txistulariak ere, aurreko ekitaldian ez bezala, gehiago dira eta jaka beltza eta korbatarekin jantzita daude. Svastiken aurrean dantzan ari diren poxpolin edo gorulari taldea ere ikusi daiteke beste argazki batean. 1941eko data du eta Donostian izandako jaialdi folkloriko batekoa omen da, baina ez dut hari buruzko beste informaziorik topatu, ez naiz gai izan berau kokatzeko. 

Jaialdi folklorikoa La Perlan, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratuta.
Jaialdi folklorikoa La Perlan, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Jaialdi folklorikoa, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.
Jaialdi folklorikoa, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Naziak Euskal Herrian

Nazien eta euskal dantzen inguruko harreman honen hariari tiraka, aurretik ere argitaratu izan diren eta hortaz ezagunak diren beste istorio edo pasadizo batzuk ere ekarri ditut hona. Moduren baten La Perla-ko ekitaldiari lotuta daudelako eta honen testuingurua hobeto ulertzeko laguntzen dutelako.

Aurretik labur aipatu bezala, Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Frantziaren zati handi bat (Lapurdi eta Nafarroa Beherearen zati bat barne) Hirugarren Reicharen okupaziopean egon zen lau urte luzez, 1940ko ekainetik 1944ko abendura arte. Ipar Euskal Herriko beste erdia Vichyko Frantziaren menpe geratu zen, hau da, nazien kolaborazionista zen Pétain jeneralaren gobernuaren menpe. Hortaz, euskaldunak eta naziak elkarrekin bizi izan ziren denbora batez, eta honek modu bateko edo besteko harreman eta loturak sortu zituen haien artean. 

Okupazio denbora tarte honi buruz ari da Una esvástica sobre el Bidasoa film-dokumentala, hau da, naziek Ipar Euskal Herria okupatu zuten garaiari buruz. Baina ez bakarrik Iparraldean aritu zirenekoaz, baizik eta mugaren bestaldeko Euskal Herrian ere izan zuten presentziaz eta jarduerez.

Pelikulan ikusten da naziek Frantzia okupatu zuteneko lehen urteetan, alemanak lasai asko ibili zirela mugaren alde batetik bestera. Alde batetik Europan gero eta eremu gehiago hartzen ari ziren (alemanak gerra irabazten zeuden), eta beste alde batetik mugaren bestaldean (hemengo aldean) Francoren erregimena zuten adiskide. Gerra frontea urrun zegoen, hortaz, eta Iparraldera mugitu ziren naziak lasaitasunean bizi ziren, oporretan. Hegoaldera pasatzeko baimenak izaten zituzten, eta egun oso urrun egiten bazaigu ere, sasoi batean naziak gure kaleetatik ikustea (batez ere Donostian baina baita inguruko herrietan ere) ez zen gauza arrotza izan. Eta testuinguru horretan eman zen arestian aipatutako Donostiako bainuetxeko ekitaldia. Normaltasun testuinguru horretan.

Askatasun Etorbideko terrazak, Donostia 1941. Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.
Askatasun Etorbideko terrazak, Donostia 1941. Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Soldadu naziak Irungo alardean (1940), Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.
Soldadu naziak Irungo alardean. 1940. Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Ez dugu ahaztu behar ordea, soilik urtebete lehenago, 1939an Gerra Zibila bukatu zenean (eta amaitu aurretik ere, jakina), hainbat euskaldun Ipar Euskal Herrira erbesteratu zirela, Francoren diktaduratik ihesi (Frantziako lurraldea momentu hartan segurua zen, eta). Iparraldea euskal errefuxiatuz josita zegoen beraz, naziak bertara sartu zirenean.

Ziur asko La Perla-n izan ziren neska alemaniar gazte haiei arrotz egingo zitzaizkien euskal dantza haiek. Seguru. Baina naziek berez izan bazuten lehenagotik euskaldunen eta gure kulturaren berri. Iparraldera heldu baino lehenago ere, ezagutzen gintuzten. Honen erakusle argia da Segundo Olaeta eta bere familiari gertatu zitzaiona (komunikabide desberdinetan behin baino gehiagotan argitaratu izan dena, eta hona labur ekartzen dudana).

 

Olaetatarrak nazien menpeko Ipar Euskal Herri okupatuan

1937an Olaeta sendia (eta hauekin Elai Alai Dantza Taldea) Frantziara erbesteratu ziren. Han eta hemen dantzaldiak eskaini ostean (besteak beste Eresoinkarekin batera aritu ziren Parisen), 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Armendaritzera joan ziren, eta handik Cagnott-era, Landetan. Bertan harrapatu zituen alemanen inbasioak. Naziak iritsi eta egun gutxira, haien bisita izan zuten. Zeuden etxera gerturatzean, haietako batek euskara garbian “Zu zara Olaeta jauna?” galdetu zion Segundo Olaetari. Paul Schmidt zen, Hitlerren itzultzaile pertsonala eta Hirugarren Reicheko itzultzaile ofiziala. Euskaraz ondo mintzatzen zen eta euskal kultura apreziatzen zuen. Eta jakitun zen euskal dantzen inguruan Elai Alairen jardueraz. Okupazioarekin Iparraldera bertaratutako ofizial alemaniarrentzako Miarritzeko hotel batean euskal kulturari buruzko jardunaldi batzuk antolatzen zebilela azaldu zion, eta Elai Alaik hauetan dantzan egiteko eskatu zion. Ez zuen aukera askorik, Olaetak onartu egin zuen, jakina.

Miarritzeko hotel batean dantzatu ziren. Agertokia euskal motiboekin apainduta zegoen (saskiak, palak, pilotak, ikurrinak…) eta baita svastika edo gamma-gurutze naziekin ere. Amaieran euskal ereserkia abesteko eskatu zieten. Gernikako, haien jaioterriko, sarraskiaren arduradunen aurrean “Gora ta gora” abestu zuten malko artean (naziak jakitun ziren Francok debekatuta ziela ereserkia abestea). Txalo zaparrada jaso zuten, militarrak zutik. “Alemaniako herriak euskaldunen herria miresten du”, adierazi zien militarren kargu gorenak.

Hurrengo batean ere Gestapok eskatu zien ekitaldi baten dantzan egitea. Adeitsuak omen ziren dantzariekin, aintzat hartzen zuten euskaldunak, haiek bezala, arioak zirela. Eta horregatik errespetatzen omen zituzten. Beste hiru aldiz egin zuten dantzan alemanentzako.

Olaetak jardun oparoa izan zuen Ipar Euskal Herrian hainbat ikuskizunekin, euskal dantza irakasten eta hainbat dantza eskola ireki zituen herri desberdinetan. Ez da, baina, gaur egunera militar alemanentzako dantzatutako eta svastikaz inguratutako ekitaldi haietako argazkirik iritsi. Edo ez dute argirik ikusi, behintzat. Bai ordea, eta anekdota bezala, urte gutxiren buruan behin gerra amaituta Oldarra taldeak (Olaetaren oinordekoa zenak) 1945ean Churchill-i eskainitako dantzaldienak (hemen bideoak ikusgai). Bigarren Mundu Gerran nazien aurka aritu zen figura garrantzitsuenetakoa, lehen ministro ingelesa, oporretan zegoen Hendaian, eta berarentzako dantza egiteko aukera izan zuten. Aurreko urtera arte naziek okupatua zuten lurraldean bertan.

Wiston Churchill Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren. (1945). Auñamendi Eusko Entziklopedia (Bernardo Estornés Lasa funtsa).
Wiston Churchill Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Oldarra taldeko dantzariekin (1945). Auñamendi Eusko Entziklopedia (Bernardo Estornés Lasa funtsa).

Lehen aipatutako Gipuzkoa 1940 liburuaren aurretik Hendaia 1940 argazki liburua ere argitaratu zuen Barea Unzuetak. Liburu honetan alemanek okupatutako Iparraldean naziek zuten bizimoduari buruzko hainbat argazki argitaratzen dira, zenbait testurekin batera. Bertan hainbat istorio aipatzen dira, baina Olaetak nazientzako dantzan egin zuenekoari buruz aipamenik ez. Una esvástica sobre el Bidasoa film-dokumentalean ere, arrastorik ez pasadizo hauei buruz.

 

Im Lande der Basken filma, hemen ere svastikak eta dantzak (besteak beste)

Naziek garai baten euskaldunekiko zuten begikotasuna erakusten duen frogetariko bat da Im Lande der Basken edo Euskaldunen lurraldean filma. Herbet Brieger alemanak zuzendutako dokumentala da, naziek Ipar Euskal Herria okupatu zuteneko garaian grabatutakoa eta UFAk (Universum Film AG, Alemaniako zinematografia-estudio garrantzitsuena, naziek kontrolpean hartu zutena) ekoitzitakoa. Dokumentalak 1944ko data darama, orduan pasatu zen Kalifikazio Zentraletik (Prüfstelle) eta, baina ustez filma 1940 eta 1941 bitartean grabatu zen, Iparraldeko leku desberdinetan.

Brieger Alderdi Nazionalsozialistan afiliatuta zegoen eta zuzendu zuen filmak propaganda naziaren iragazkitik pasatutako erabateko ikuspegia erakusten du. Bertan paisaiak, tradizioak, herri kirolak eta dantzak erakusten dira, besteak beste. Garai hartan naziek euskal abertzaletasunera hurbiltzeko egindako saiakeraren testuinguruan kokatzen da filma, haien ikuspegitik, euskaldunok printzipio etniko jakin batzuei erantzuten genielako, eta horrek aleman arioen anai bihurtzen gintuen.  

Momentu batean, filmak bereziki erreparatzen die svastikei, zenbait objektuetan ageri diren euskal svastikei hain zuzen ere. Nazien svastika beltzak (Hakenkreuzak) dituen ageriko konnotazioengatik egun errefusa sortzen badigu ere, Hitlerrek sinbolo hau bere egin aurretik euskaldunontzat gamma-gurutzea ez zen gauza arrotza. Berez nahiko ohikoa zen, izatez, eta sasoiko abertzaletasunak berezko ikur moduan erabili izan zuen (baita gerra garaian ere). Guztien begietara svastika nazien ikur bilakatu zenean, lauburua gailendu zen euskal ikur moduan, eta berau heldu zaigu gaur egunera arte (ikur hauen jatorri eta erabilerari buruz luze aritu gaitezke, baina ez da artikulu honen helburua). Hortaz, alemanek gure svastiketan ere arreta jarri zuten, batzen gintuen elementu gisa hartuta.

Gamma-gurutzedun euskal objektuak. Im Lande der Basken (1944)
Gamma-gurutzedun euskal objektuak. Im Lande der Basken (1944)

12 minutuko dokumentala da, eta minutu hauetako asko pilota jokoari eskaintzen dizkio filmak. Honen ondoren, pelikularen azken atalak euskal dantza du protagonista, euskal kultura tradizionalaren sinboloetako bat izaki. Bertan soinujolearekin elkartzen diren lau dantzari agertzen dira, gizon eta emakumez osatutako bikote bi, fandangoa dantzatzen, lokuzioak zera esaten duen bitartean: “Pilota-jokoan gertatzen den moduan, dantza nazionalean ere atxikitako emozioak azaleratzen dira. Txikitatik, mutiko eta neskatoek arin-arina, mutxikoa eta fandangoa dantzatzen ikasten dute”. 2016an, hemen bertan argitaratu zen Im Lande der Basken-eko dantzaren zatia, honi buruz egindako sarrera labur batean (https://dantzan.eus/bideoak/im-lande-der-basken-1944-fandangoa), eta bertan aipatzen da akordeoi jolea Kornelio Elizalde (Lesaka, 1904-Donibane Lohizune 1975) dela. Ez da ematen ordea, filmari buruzko testuinguru historikoa aipatzen, eta hori da artikulu honetara ekarri nahi izan duguna, gainontzeko informazioarekin batera.

Fandangoa, Im Lande der Basken (1944)
Fandangoa, Im Lande der Basken (1944)

Errealitate poliedrikoa

Kasualitatez, Aberri Eguna den honetan atera dut orain hilabete batzuk idazten hasi eta erdizka utzi nuen testu honi errematea emateko astia. Gaurko ospakizunetan dantzariak ikusi ditugu ekitaldi desberdinetan parte-hartzen (edo ekitaldiak janzten), eta jakin badakigu dantzarien presentzia holako ekitaldietan oso gauza ohikoa dela. XX. mende hasieratik erabili izan dira euskal dantzak propaganda-tresna moduan (garaiko irudi, kartelak eta abar ikustea baino ez dago). Ez nabil ezer berririk esaten euskal abertzaletasunaren zabalkundean dantzek jokatu zuten papera ezinbesteko izan zela esatean. Nork ez ditu buruan orain 90 urte, 1932an Bilbon ospatu zen lehendabiziko Aberri Egunean, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako ezpata-dantzariek izan zuten presentzia ikusgarria.

Baina euskal dantzak euskal abertzaletasunarekin lotzen ditugun arren (eta horregatik ematen digute arreta euskal dantzarien irudiak nazien svastikaren aurrean edo falangeko ikurren aurrean ikusteak), errealitatea da alde guztietatik erabili izan zirela euskal dantzak (gerra ostean Sección Femeninak irizpide jakin batzuekin erabili izan zituen moduan, edo karlistek berezko zituzten dantzak ospakizun frankistetan egiten zituztenean moduan, esaterako).

Artikulu honen xedea ez da euskal dantzari eta nazien arteko harremanaren gaineko irakurketa politikorik egitea. Ez eta auzi hau gaur eguneko (eta askotan sinplistegia den) begiradatik epaitzea, jakina. Bai ordea irudi hauek hobeto ulertzeko hauen testuinguruan murgiltzea. Eta testu hau honen gaineko saiakera da.

Beraz, kontraesanak kontraesan, harridurak harridura, Donostiako La Perla-n ikur nazien aurrean ari ziren dantzari zarauztar haiek, ez du ematen inork behartuta derrigorrean ari zirenik. Poliedrikoa zen (eta den) (euskal) errealitatearen beste erakusle bat baino ez dira.

 

Iturriak:

(1) About Basque Country (2011-04-18). Las vacaciones de sir winston churchill en iparralde + su afición a la pintura = 300.000 libras [Blog bateko sarrera]. Hemendik hartua: https://aboutbasquecountry.eus/2011/04/18/las-vacaciones-de-sir-winston-churchill-en-iparralde-su-aficion-a-la-pintura-300-000-libras/

(2) Alberto Santanarekin solasaldia (2022-01-04).

(3) Andrés, Alfonso eta Barajas, Javier (zuzendariak) (2013). Una esvastia sobre el bidasoa [Film dokumentala]. RTVE, ETB.

(4) Auñamendi Eusko Entziklopedia (Bernardo Estornés Lasa funtsa).

(5) Ayer llegó a nuestra ciudad una representación de la Juventud Femenino Hitleriana. (1941-05-01). El Diario Vasco, 1. or.

(6) Barea Unzueta, Ramón (2001). Hendaia 1940. Donostia: R. Barea, L.G.

(7) Barea Unzueta, Ramón (2003). Gipuzkoa 1940. Donostia: R. Barea, L.G.

(8) Brieger, Herbert (zuzendaria) (1944). Im Lande der Basken [Film dokumentala]. Alemania: UFA.

(9) Dantzan.eus: https://dantzan.eus/bideoak/im-lande-der-basken-1944-fandangoa

(10) Kutxa Fototeka (Marin funtsa).

(11) La juventud alemana en San Sebastian. (1941-05-01). Unidad, Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S., 2. or.

(12) López Echevarrieta, Alberto (2011). Victor de Olaeta (1922-2007): Músico, dantzari y coreógrafo. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa.

(13) Martinez, Cristina (2017). Felipe Oyhamburu, una vida entera dedicada a la cultura vasca. Dantzariak, 62 (31-32).

(14) Muchachas alemanas en San Sebastián. (1941-05-01). La Voz de España. 4.or.

Dokumentuaren akzioak

2022/04/21 13:03
Artikulu polita bezain interesgarria Anartz. Argazki bitxi horien aurrean askok buruan izan ditugun galderei erantzunak. Eskerrik asko!!
2022/04/22 00:22
Anartz,

poz handia eman dit zarauztarren inguruan argitaratu dituzun kontu horiek irakurtzeak eta argazki horiek ikusteak. Kutxa Fototekaren funtsak aztertuak nituen arren, Marin funtsa ez nuen ezagutzen; jakin izan banu, argazki horiek sartuko nituen nire idatzietan.

Izan ere, aipatzen dituzun kontu horiei buruz idatzi genuen liburu bat Xabier Alberdi lagunak eta biok; liburua Zarauzko folkloreaz idatzi genuen, oro har, baina bertako hainbat ataletan zerorrek aipatutako testuingurua esplikatzeko ahalegina egin genuen, hala nola: Zarautzen gerra aurretik bazirela abertzaleen nahiz tradizionalista edo karlisten dantza taldeak, eta gero, partidu bakarra osatzearekin batera, segitu zuela dantzan talde hark Zarautzen. Hitzez hitz:

"Francoren aldekoek partidu edo alderdi bakarraren sorrera gauzatu zuten 1937an Movimiento-aren aldekoak ziren alderdi nagusiak (Falange Española, Partido Tradicionalista, eta Juntas de Ofensiva Nacional-Sindicalistas) F.E.T y de las J.O.N.S delakoan bateratuz (Falange Española Tradicionalista y de las Juntas de Ofensiva Nacional-Sindicalistas). Zarautzen, karlistek edo tradizionalistek sortutako taldeak (haien artean dantza taldea) Falange-arekin elkartu ziren Renovación Española izenarekin eta 1937ko apirilaren 18n egin zuten lokal berrien inaugurazioa (artean gerran zeuden, handik aste betera izan baitzen Gernikako bonbardaketa). Lokal haien inaugurazio jaian, aurrerantzean jai guztiek izango zituzten ezaugarriak nabarmendu ziren: nazionalkatolizismoaren goraipamen sutsua (...). Zinema pilotalekuan egin zen bazkarian, laurehun eta laurogei lagun elkartu ziren. (...) Lehenago ere aipatu dugu karlismoak XIX. mendeaz geroztik euskal folkorearen sustapenean izan zuen eragina. Horren lekuko, Errepublika garaian Zarauzko karlisten Círculo-ak dantza taldea eta txistulari taldea zituen. Zarautz frankisten esku erortzean, talde horiek ez ziren, noski, suntsitu, eta aurrera egin zutela badakigu. Círculo-ko lokalak, gerora hainbat dantza talderen estalpe moduko bat bihurtu ziren, izan ere 40. hamarkadaren hasieraz geroztik Juventud Antonianaren babesean antolatutako gaztetxoen dantza taldeek Circulo-an ensaiatuko baitzuten." (240. or)

Liburuan, gerra aurreko tradizionalisten taldeko argazkiren bat ere jarri genuen, eta txistularia La Perlako argazki horietan agertzen dena da. Aipatzen dituzun 1948ko argazki horiek ere badatoz liburuan, Franco Zarautza etorri eta dantzariek haren aurrean dantzan egin zutenekoa.

Esbastikari dagokionez, argazki bat argitaratu genuen Jose María Huarte y de Jauregui-ren artxibokoa; bertan agertzen dira, Zarauzko antzoki batean, esbastika nazia eta Francoren argazkia, eta aurrean Hiru Erregeak Jose Maria Huarterekin. Artxibo hori Renoko Unibertsitatean eskatu genuen eta bertako hainbat argazki jarri genituen liburuan, tartean dantzarienak ere bai. Argazkiez aparte dokumentazio aberatsa dago artxibo horretan. Ez dugu ahaztu behar Jose Maria Huarte Zarauzko Komandante Militarra izan zela diktaduraren aurreneko urteetan. Garai horretan Espainiak Alemania naziarekin izandako harremanak ere aipatu genituen liburuan, eta testuinguru horretan Zarautzen ospatu ziren hainbat festen testigantzak eman genituen.

Eta gauza gehiago ere bai, baina hemen ezin dena aipatu. Kontsultatu nahi baduzu, hau da erreferentzia:

ALBERDI LONBIDE, XABIER - ETXABE ZULAIKA, XABIER: Zarauzko folklorea. Eboluzio historikoa, haren aldaketan egon diren interesen azterketa eta festa-ereduen inguruko hausnarketa (Zarautzi buruzko ikerketak, V). Zarautz: Zarauzko Udala, 2009.

Liburuaren ale bat nahiko bazenu, problemarik gabe bidaliko nizuke.

Izan ondo,

Xabier Etxabe.
2022/04/22 08:12
Eskerrik asko Mikel!
2022/04/22 08:28
Xabier,

eskerrik asko benetan zure erantzunarengatik. Zuen liburuaren berri banuen, Santanaren bitartez, baina egia esan ez dut aukera izan berau esku artean izateko. Nire asmoa harridura sortu zidaten argazki haien inguruko testuingurura gerturatzea izan da, baina argi dago zuek egindako lanak berau askoz ere modu sakonagoan biltzen duela, jakina. Nik labur aipatzen dudana, zuen guztiz dokumentatuta duzue. Ze ona.

Eskerrik asko ematen dizkidazun erreferentzia guzti horiengatik, bilatzen nuen testuingurua guztiz argitzen dute eta.

Ba egia esan pozez hartuko nuke ale bat, eta jakina, zuen liburua irakurri.

Berriro ere eskerrik asko,

Anartz
2022/04/22 11:52
Mila esker egindako lan honengatik Anartz. Argazki horietako batzuk gordeta genituen, zuk hain ongi deskribatu diezun testuingururik gabe ateratzeak nahasmena eragin zezakeela pentsatua, eta zuk dena egin duzu orain, zuzen eta argi, argazki sorta osatu, datak, tokiak, taldeak eta ekitaldiak identifikatu, eta batez ere, zer girotan izan zen argitu, ezer zuritzeko asmorik gabe, baina gauzak dagozkien testuinguruan kokatuz.

Eta eskerrik asko zuri ere Xabier, Zarauzko Folklorearen izenburupean euskal folkloreaz egin zenuten azterketa bikain horretan testuinguru hori ere jaso zenutela gogoraraztearren. Erreferentziazko lana izan zen, etengabe baliatzen duguna dokumentantzeko eta orain ere guztiz baliagarri gertatzen dena.

Eta behin meloi hau irekita, orain agertutako irudiekin batera gordeta ditugun beste batzuk ere agertzeko unea izan liteke. 1939an, Jose Lorenzo Pujana gidari dela, Donostian, Konstituzio plazan egindako dantza-ekitaldi baten hiru argazki hauek, Pascual Marinen funtsekoak hauek ere.

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-001

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-002

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-003

Bigarren argazkian, eskuma aldera San Joan festarako Konstituzio Plazan jarri ohi den arbola ikusteak pentsa-arazten dit festa hori ez bada horren inguruan izan zitekeela. Pujanaren joera karlista ezaguna da, baina dantzari taldearen, ekitaldiaren eta ospakizunaren nondik norakoak, alegia, testuingurua ezezagunak zaizkit niri behintzat.
2022/04/22 14:01
Oier, ondo zabiltza!

Diario Vasco-ko egun haietako egunkariak begiratzen, lehenengoan aurkitu dut, 1939ko ekainaren 24koan, argazki eta guzti (jarri duzun lehendabiziko argazkiarekin) "La fiesta del Arbol de San Juan" kronika txikia jasota dago. "Las hilanderas que dirige Pujana, hicieron una bella exhibición de danzas del país, en la fiesta del Arbol de San Juan". Bezperako ospakizunari buruz ari da, San Juan bezperakoa, alegia, konstituzio Plazan egindakoa(orduan Plaza del 18 de Julio). Ez dit uzten argazkirik erantzun honetan atxikitzen, baina bialduko dizuet email bidez (egunkariko rekortea).

Anartz
2022/04/28 18:22
Egun on,

aurreko argazkien osagarri moduan, eta testuinguru berean, Jose Maria Huarte y de Jaureguiren artxibotik hartutako hiru argazki nahiko nituzke komentatu (Oierri eskertu behar diot argazkiak plataforman sartu izana). Jose Maria Huarte, iruñarra, gaur egun harridura sortzen digun pertsonaia horietako bat da. Filosofia eta Letrak eta Zuzenbidea ikasia, familia aberatsekoa, hainbat ikerketa burututako gizona izan zen. Besteak beste, euskarazko aurreneko liburua idatzi zuen Bernat Etxepareren kartzelaratzearen inguruko lan bat argitaratu zuen. Gerra garaian, Molaren alde aritu zen eta Zarautzen Komandante Militar kargua izan zuen altxamenduaren ondorengo aurreneko urteetan. Dokumentatua dago bere parte hartzea Zarautz inguruko abertzaleek sufritu zuten errepresio gogorrean eta haien ondasunen lapurretan. Bitxikeria moduan, Zuloaga pintore famatuak erretratu bat margotu zion.

Hemen duzue Auñamendi Entziklopediak dioena (euskarazko sarrera ezin izan dut eskuratu, gaztelerazkoa jarri dizuet):

https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/[…]/

Hiru argazki horietako bitan, 1930. hamarkada bukaerakoak seguru asko, Jose Maria Huarte hitzaldi bat ematen ageri da Zarauzko Musika Plazan. Dantzariak daude bertan eta, seguru asko, Anartz Ormazaren artikuluko argazkietan ageri diren dantzari horiek berak izango dira. Aurrekoan esan nuen moduan, karlisten taldea izan zen urte horietan dantzan aritu zena Zarauzko ekitaldietan, gauza jakina denez, abertzaleen mugimenduak galaraziak izan baitziren. Argazki horietako batean falangisten bandera ikus daiteke.

https://dantzan.eus/[…]/view
https://dantzan.eus/[…]/view


Hirugarren argazkia beste ekitaldi batekoa da. Ez da dantzaririk agertzen, baina bai Jose Maria Huarte bera beste hainbat lagunekin, tartean Hiru Erregez jantzitako gizon batzuk ere. Nahiz eta dantzaririk agertzen ez den, kontuan hartu behar da Zarautzen ez zela posible garai hartan ezer antolatzerik Jose Maria Huarteren baimenik gabe, eta ez zela harritzekoa dantzariak giro hartan antolatutako festetan ikustea. Argazki horretan garbi ikusten da orduko agintariek nazien sinbologiarekin eta haien asmoekin zuten harremana; goikaldean Francoren argazkia, bandera hori eta gorria, eta falangearena, eta behekaldean, falangearen ikurra eta bandera hori-gorria berriro; ezkerraldean, nazien esbastika.

https://dantzan.eus/[…]/view

Bukatzeko, azken kontu bat. Xabier Alberdik eta biok egindako ikerketan aipatu genuen, F.E.T. y de las J.O.N.S delakoaren bateratzean, karlista tradiziotik zetozenak baztertuxeak geratu zirela, eta aldiz, falangistak gailendu zirela. Hori, bai alde politikoan, bai kulturalean ere. Karlista tradiziotik zetozen askok etsipenez bizi izan zuen prozesu hori, baita euskararen eta euskal kulturaren kontra eman zen errepresioa ere. Beharbada horregatik (hipotesi bat da), karlisten talde kultural horiek urte gutxian desagertu ziren eta, aldiz, ezkutuan eta zirrikitu bila zebiltzan abertzale mugimenduak, pixkana-pixkana martxan hasi ziren 1950. hamarkadatik aurrera.

Izan ondo,

Xabier.
2022/04/30 20:51
Aupa Xabier,

benetan interesgarriak argazkiak, eta diozun moduan, artikuluan aipatzen den testuingurua osatu eta hobeto ulertzen laguntzen dute (batez ere dantzari zarauztarren inguruan). Ez zen arraroa izango Donostiako La Perlako ekitaldian ere, Huarteren bitartekaritza tartean egotea.

Agiritegietan garaiko argazkiak ikusita, egia da frankismoko hasierako urteetan (gerra oraindik ere amaitu gabe zegoenetan baina hemen galduta zegoenetan barne) bandera karlista presentago dagoela ekitaldi eta ospakizunetan (prestatzen nabil ezpata-dantzariak Bilbon bandera karlistarekin soldadu frankisten aurrean agintariena dantzatzen ari diren argazki batzuekin sarrera txiki bat (hari honi tiraka hasi eta ezin amaitu!)). Eta egia da apurka argazkietan ere "desagertzen doala" bandera karlista, zuk aipatzen duzun bezala, falangeak hartzen duelako pisu gehien F.E.T y de las J.O.N.S horretan. Ondoren Sección Femeninak euskal dantzekin antolatzen dituen ekitaldietan bandera hori-gorria da erabiltzen dena.

Desiatzen zuen liburua esku artean izateko.

Eskerrik asko Xabier, eta ondo izan,

Anartz

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Anartz Ormaza Ugalde

Anartz Ormaza Ugalde

Bakio (1981)

Arkitektoa, hezitzailea, dantzaria eta dantza irakaslea. Bakioko Itxas-Alde dantza taldean 4 urterekin hasi nintzen eta gaur arte bertan dantzari eta hainbat urtez dantza irakasle moduan ere banabil. 2018tik zuzendaritza-batzordeko kide. 2010tik hona euskal dantzetako tailerraren arduraduna eta irakaslea ere banaiz Deustuko Unibertsitatean. "Euskal Dantza, tradiziotik sorkuntzara" ikasketak egin nituen 2016/17 ikasturtean EHUn. 2018an hasi nintzen Aiko Taldean partaide eta dantza maisu moduan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako kide ere banaiz, 2023tik.

 

dantzan.eus babesle