Dokumentuaren akzioak
1.1 Zortzikoa pausoka
Edozein dantza ikasterako garaian oso garrantzitsua da musikak markatzen digun pultsoa edo patroi erritmikoa argi izatea eta horren arabera mugitzea gure oinak.
Hau da zortzikoaren patroi erritmikoa.
Baina ufa!! Zenbat makiltxo!! Laaaaasai, txaloen bitartez hobe ulertuko dugu (espero!)
Doinua: Maurizio Elizalde – Lanzko Zortzikoa. Jostaketa Dantzak diskotik
Ulertua?
Beraz, orain bigarren konpaseko bi nota horiek hartuko ditugu aintzat, zortzikoaren bi urratsetatik, sinpleena ikasteko. Kasu eginen diogu belaunekin egin beharreko esekidura edo suspentsioari. Eta zer da hori? Bada oina zoruan jartzen dugunero belaunarekin egiten dugun plegatzeari esaten diogu esekidura. Belauna zurrun eta zuzen mantendu beharrean, urrats bakoitzaren mugimendua belaun plegatze batekin lagunduko dugu, urratsa gozatuz, nahi bada, joaldunek duten ibilkerara hurbilduz!
Behin hau ikasita, goazen beste urratsarekin. Bi pauso motz eginen ditugu eta hirugarrena luzexeagoa, aurreko urrats sinplea doblatuz. Urrats honi kontrapasa deitzen diogu eta beste dantza aaaaaaaskotan agertzen zaigu: Gipuzkoako sentziloetan, Otsagabiko paseoan, Ingurutxoetan, Nafarroa Behereko bolant-dantzetan, Dantza-jauzi zenbaitzuetan... barka, bai! Zortzikoaren bigarren urratsarekin ari ginen:
Urrats sinplea eta urrats bikoiztua menperatuak ditugu! Beraz, agian oraindik ez zarete jabetu baina zortzikoa dantzatzen badakizue jadanik! Zer? Oraindik ere laguntza pixka bat eskertuko zenuketela? Ados, ados! Jarrai dezagun, esate baterako orain arte ikasi ditugun bi urratsak konbinatuz.
Beraz, behin urrats oinarrizkoak menperatuz, horiekin desplazamendu ezberdinak saiatuko ditugu. Desplazamendu hauek zailtasun txiki bat gaineratzen diote dantzari, eta ohikoa izaten da, harat-honat mugitu eta hasieran aipatu dugun oinarrizko patroia ahanztea. Saia zaitezte hori zintzo demonio errespetatzen!
Ale! Itzuliak saiatuko ditugu? Kontuan izan itzulietarako, airean dugun zangoak zoluan dagoen beste zangoa gurutzatzen duela gainetik eta beraz, horrek argi markatzen digula norantz egin beharko dugun itzuli bakoitza.
Atzeranzko urratsa probatuko dugu orain? Errex-errexa da orain arteko urratsak behin menperatuta.
Ikasi ditugun urrats eta desplazamenduak gehiago barneratzeko, ariketa dibertigarri bat egin dezakegu, gauden espazioan noranahi eta nolanahi mugituz. Entsaladaaaaaaaaaa!!!
Doinua: Maurizio Elizalde – Lanzko Zortzikoa. Jostaketa Dantzak diskotik
Orain bai, zortzikoa dantzatzeko osagai (ia) guztiak mahai gainean ditugu. Osagari horiek bi urrats nagusi eraikitzeko baliatuko ditugu. Lehenengoari Bi itzuliko aldaera deituko diogu, iruditzen bazaizue. Eta bigarrenari, Hiru itzuliko aldaera. Bakoitzak 4 azpi-elementu ditu.
Bi itzuliko aldaerarekin jarraituko dugu, beraz! Urrats hau da, zenbait tokitan uste eta egiten denaren kontrara, Lantzen, zortzikoan egiten duten lehenbizikoa! Hau da, Lantzeko zortzikoa atzeranzko urrats honekin hasten dela! Aipatu ditugu 4 azpi-elementuak honela banatuko ditugu:
- Aurreraka eginen dugu eskuin zangoarekin hasiz
- Ondotik atzeranzko urratsa, ezkerreko zangoarekin
- Itzulia eskuin zangoarekin, baina kasu! ezkerreruntz eta
- Itzulia ezker zangoarekin, baina eskuineruntz
Gogoan atxiki! Kontrapasarekin desplazamenduak eginen ditugu eta urrats sinplearekin desplazamendu horien norabidea aldatuko dugu. Ikus dezagun!
Hiru itzuliko aldaeraren egitura aldiz, hau dugu:
- Aurreraka eginen dugu, eskuin zangoarekin, lehen aldaeran bezala
- Itzulia ezker zangoarekin, eskuineruntz
- Itzulia eskuin zangoarekin, ezkerreruntz eta bukatzeko berriz...
- Itzulia ezker zangoarekin, eskuineruntz
Ados eta besoekin zer? Eskuak poltsikoetan sartu? Ez! Bi itzuliko aldaeran, besoak altxa eta 1. eta 2. mugimenduetan, sei aldiz eginen dugu kriskitin hatzekin, lehenengo sei beltzak markatuz. Hiru itzuliko aldaeran aldiz, bi kriskitin baizik ez ditugu eginen 1. mugimenduko bi beltzetan. (Dena den kasu, honako irizpide hau hartu baitugu hemen, baina dantzariaren arabera aldaerak izan baitaitezke). Erreferentzia gisa balio badizue, itzuliak ematen hasi bitartean eginen ditugu kriskitinak.
Doinua: Maurizio Elizalde – Lanzko Zortzikoa. Jostaketa Dantzak diskotik
Tira, bada prest gara Lantzeko zortzikoa osorik dantzatzeko! Dantzatuko gara elkarrekin?
Doinua: Maurizio Elizalde – Lanzko Zortzikoa. Jostaketa Dantzak diskotik
Behin dantzaren oinarriak barneratuta, estilo kontuei ere erreparatzen ahal diegu, eta horretarako hobe Lantzeko lagunei kasu egitea. Eta Maria Pilar Urriza urtetan Lantzen zortzikoa irakatsi duen maistraren azalpenak ere ikus eta entzutea merezi!
Dantzan segi nahi baduzue, baduzue non hauta!
- Pausoka dantzan: Klik eta dantza!
- 1.1 Zortzikoa pausoka
- 1.2 Zortzikoa dantzan
- 2.1 Dantza-jauziak: Oinarriak
- 2.2 Dantza-jauziak: Puntuak 1
- 2.3 Dantza-jauziak: Puntuak 2
- 2.4 Dantza-jauziak: Puntuak 3
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Pausoka dantzan
Pausoka dantzan Dantzan.eus eta Euskokultur fundazioaren ekimena da. Dantzaren ikasketan laguntzeko ikus-entzunezko baliabideen bilduma izatea du xede. Dantza molde ezberdinen tutorialak topatuko dituzue bertan, beraz!
Proiektu honek Gipuzkoako Dantzagunearen laguntza jaso du.
Pausoka dantzan: Klik eta dantza!
1. Zortzikoa
1.1 Zortzikoa pausoka
1.2 Zortzikoa dantzan
2. Dantza-jauziak
2.1 Dantza-jauziak: Oinarriak
2.2 Dantza-jauziak: Puntuak 1
2.3 Dantza-jauziak: Puntuak 2
2.4 Dantza-jauziak: Puntuak 3
2.5 Dantza-jauziak: puntu aldairak
2.6 Hainbat dantza-jauzi
3. Sinple eta doble: hamaika dantza
3.1 Sinple eta doble: zortzikoa
3.2 Sinple eta doble: arin-arina
3.3 Sinple eta doble: eskotixa