5. Biribilketa urratsez, belauntxingoa
Dantzatzea urratsak eta saltoak tartekatzean datza. Saltokako urratsei ez diegu horrenbesteko arretarik eskaini orain arte. Zor hori kitatzeko, Nafarroa Garaiko ingurutxo, zortziko, soka-dantza eta enparauetan dantzatzen den Belauntxingoari erreparatuko diogu.
Belauntxingoaren oinarrian, kalejiretan edo biribilketetan egiten dugun urratsa dugu. Lehenengo zango batek eta gero besteak eusten dio gorputzaren zamari. Batetik bestera egiten dugu pisu aldaketa.

Orain, gorputzaren pisua zango batetik bestera transmititu justu aitzin, bermatua dugun zangoaren gainean txingoa eginen dugu. Urrats saltarintxoa eginen dugu, besteak beste biribilketarako erabiltzen duguna, alegia.

Urrats hori da belauntxingoaren oinarria eta horrekin, noranahira mugitzen ahalko gara: bazterretara, itzuliz eta abar.
Honako honetan oso oinarrizko bertsio bat proposatuko dizuegu, jakinda, hamaika aldaera daudela herriz herri. Bertsio hau Maritzuli konpainiako kideei ikasi genien.
Esan bezala, Nafarroako herrietan beste hainbeste belauntxingo topatzen ahalko ditugu. Bideo honetan dituzue aldaeretako batzuk. Lehenegoa Argia dantzari taldearen Aunitz Urtez ikuskizunean erakutsi zuena. Bigarrena, Iruñeko Hiru Burguen soka-dantzan Dugunako dantzariek egiten dutena. Hirugarrena, Leitzako ingurutxokoa eta azkenik Iribasko ingurutxokoa.