Dokumentuaren akzioak
2.2 Dantza-jauziak: Puntuak 1
Behin dantza-jauzien oinarriak ikusirik, horiek dantzatzeko aukeran ditugun puntuak ikusiko ditugu banan-bana, haien ezaugarrien arabera sailkatuak. Puntuei balio ezberdina emanen diegu duten pultsu kopuruaren arabera. Bi puntukoetatik hasi eta hiru, lau, bost, sei eta zazpi puntukoetara ere hel gaitezke. Horietako batzuk modu progresiboan hazten dira, aurreko puntuari pultsu bat gehituz. Horiek izanen dira sarrera honetan ikusiko ditugunak.
Baina hasteko, puntu askotan errepikatzen den azpi-egitura bat ikusiko dugu lehenbizi:
Korta (2 p)
Puntu gehienen akabera gisa erabiltzen dugu bi pultsuko balioa duen azpi-egitura hau. Puntuen notazioan gorriz markatuko dugu Korta, argiki nabarmendu dezagun.
Baina dantza-jauzien puntuak bukatzeko azpi-egitura izateaz gain, puntu izaera ere hartzen dute bi pultsu hauek. Kortak puntu balioa hartzen duenean, Ezker edo Eskuin deituko diogu.
Ezker (2 p)
Punturik motzena da Ezker — Eskuin-ekin batera— eta bi pultsuko balioa du. Puntua eskuinarekin hasiko dugu jauziaren aurrerako norabidean ari bagara. Izan ere, urrats guztiak jauzia dantzatzeko sortu dugun borobilaren kanpoko aldeko oinarekin hasiko baititugu. Ezker eskuin zangoaz hasten badugu, ezker zangoa airean dugula bukatuko dugu puntua. Horrek erakusten digu hurrengo puntua ezker oinarekin hasi beharko dugula berriz. Eta ezker oina borobilaren kanpoaldekoa izan dadin, gure gorputzaren zentzua jauziaren gibelalderuntz jiratu beharko dugu, puntuko lehen pultsuan.
Eskuin (2 p)
Ezker-en ispilua. Bi pultsuko balioa du berdina. Ezker zangoarekin abiatuko dugu, jauziaren gibelerako zentzuan ari bagara. Ezker zangoarekin hasten badugu, eskuin zangoa airean dugula bukatuko dugu puntua. Horrek erakusten digu hurrengo puntua eskuin oinarekin hasi beharko dugula berriz. Beraz, eskuin oina borobilaren kanpoaldekoa izan dadin, gure gorputzaren norabidea jauziaren aurrekalderuntz jiratu beharko dugu, puntuko lehen pultsuan.
Aitzina (3 p)
Aitzina, bere izenak adierazten digun bezala, jauziaren bururantz bakarrik egiten dugun puntua da. Kontrako norabidean ez du baliokiderik. Eskuin puntuari, kortaren aurretik puntu bat gehituz sortzen dugu. Normalki, Aitzina bi aldiz errepikatzen dugu segidan, 6 pultsuko puntua bilakatuz.
Erdizka (4 p)
Erdizka jauziaren bi norabideetan egin dezakegu. Jauziaren burura eskuin zangoarekin abiatzen dugu puntua eta ezker oina airean bukatzen dugunez, jauziaren atzealdera itzultzeko beharra dugu hurrengo puntuari ekiteko. Ezker zangoarekin jauziaren atzekalderuntz abiatuko dugu puntua, bukatzeko gure mugimenduaren zentzua aldatu beharko dugularik. Beti ere, kortaren lehen pultsuan eginen dugu zentzu aldaketa. Oso ohikoa izaten da, Erdizka launaka egitea. Hortik, oihu famatua: lauetan erdizka!!!
Lau Urrats (5 p)
Erdizkari pultsu bat gehitu eta horra hor, Lau Urrats. Pultsu kopuru bakoitia duenez, puntua bukatuta, dantzan ari garen zentzuan jarraitu ahal izanen dugu dantzan.
Ikus ditzagun orain bestelako puntu batzuk!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Pausoka dantzan
Pausoka dantzan Dantzan.eus eta Euskokultur fundazioaren ekimena da. Dantzaren ikasketan laguntzeko ikus-entzunezko baliabideen bilduma izatea du xede. Dantza molde ezberdinen tutorialak topatuko dituzue bertan, beraz!
Proiektu honek Gipuzkoako Dantzagunearen laguntza jaso du.
Pausoka dantzan: Klik eta dantza!
1. Zortzikoa
1.1 Zortzikoa pausoka
1.2 Zortzikoa dantzan
2. Dantza-jauziak
2.1 Dantza-jauziak: Oinarriak
2.2 Dantza-jauziak: Puntuak 1
2.3 Dantza-jauziak: Puntuak 2
2.4 Dantza-jauziak: Puntuak 3
2.5 Dantza-jauziak: puntu aldairak
2.6 Hainbat dantza-jauzi
3. Sinple eta doble: hamaika dantza
3.1 Sinple eta doble: zortzikoa
3.2 Sinple eta doble: arin-arina
3.3 Sinple eta doble: eskotixa