2. Dantza jauziak
Dantza jauzien borobilera jauzi
Dantza jauziak batez ere Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan borobil itxian dantzatzen diren dantzak ditugu, nahiz gaur egun euskal lurralde guztietara hedatutako dantza moldea den. Lurralde, herri eta pertsonaren arabera haien dantzakera ezberdina izaten da, eta beraz, hemen aurkeztuko duguna aukera guztien arteko hautu bat baizik ez da.
Batez ere, dantza-jauzien sistemaren oinarriak ulertarazten saiatuko gara. Horretarako musikarekiko loturan oinarrituko gara, eta, zehazki, Aiko taldeak garatutako irudikapen eta idazketan. Musika zeinuak erabiliko ditugu beraz. Gutxi eta sinpleak, lasai! Beste irudi batzuen bidezko notazioak ere erabili izan dira (irudi geometrikoak, geziak eta beste). Baina denbora berdina hartuko digu hiruki batekin edo eta krako edo kortxea batekin zer adierazi nahi dugun ulertzea, eta bigarren kasu honetan lengoaia zabalago baterako ateak irekiko zaizkigu eta, beraz, ez beldurtu horregatik!