Dokumentuaren akzioak
2.3 Dantza-jauziak: Puntuak 2
Progresiboki handitzen doazen puntuez gain, bada bestelako punturik ere. Honakoak ikusiko ditugu:
- Jo zangoz (2p)
- Zeina (2p)
- Luze (2p)
- Ebats (3p)
- Pika (3p)
- Jauzi (4p)
- Dobla (4p)
- Ezker airean (5p)
- Eskuin airean (5p)
Jo zangoz (2 p)
Bi pultsuko puntua. Geldian egiten den puntua dugu. Gorputzaren pisua zango baten gainean emana dugularik, bestearekin zoluaren kontra hiru kolpe ematen ditugu. Eskuin zein ezker zangoekin egin dezakegu, jauziaren zein zentzurantz ari garen. Ez du kortarik bukaeran. —Eskuekin txalo eginda eta egitura erritmiko bera markatuz ere egin dezakegu. Kasu horretan 'Jo eskuz' deituko dugu—.
Zeina (2 p)
Bi pultsuko puntua. Geldian egiten dugun puntua da hau ere. Gorputzaren pisua zango baten gainean emana dugularik, beste oinarekin aurrean eta atzean bi pikatze egiten ditugu, orpoarekin lehena, oin puntarekin bigarrena. Eskuin zein ezker zangoarekin egin dezakegu —Zeina eskuin edo Zeina ezker—, jauziaren zein zentzurantz ari garen. Ez du kortarik bukaeran.
Luze (2 p)
Jauziaren aurrekalderuntz zein atzekalderuntz egin dezakegun puntua dugu. Finean, bi urrats dira — beren esekidurekin— dantzan ari garen norabidean eginen ditugunak. (Argibide gisa balio badu, Erdizkaren lehen bi pultsuak ere Luze-ren baliokide dira. Luze + Korta = Erdizka)
Ebats (3 p)
Ebats jauziaren bi zentzuetan egin dezakegun puntua dugu. Puntu pixka bat berezia da. Izan ere, pultsu kopuru bakoitia izanik ere, hasi dugun oin berarekin bukatzen dugu eta beraz, mugimenduaren zentzua aldatzera behartzen gaitu, ondoko puntua oin egokiarekin hastekotan. Zentzu aldaketa hori lehen puntuko bi keinuetan eginen dugu.
Konturatzen bagara, Ebats ere, Luze bezala, Erdizkaren senidea da. Erdizkaren lehen bi puntuetan diren esekidurak desagertaraziko ditugu eta soilik lurrean pausatzen ditugun pausoak gorde. Honela:
Pika (3 p)
Kortaren aurretik pultsu bat gaineratuko diogu puntuari. Pultsu horren bi keinuak pausoa eta pikatzea izanen dira.
Puntu hau Aitzinaren oso antzekoa da eta zenbaitetan ez dira bereizten. Pikan lehen pultsuko kontra-denboran pikatzea egiten dugun tokian, Aitzina-n esekidura egiten dugu.
Jauzi (4 p)
Zote (frantseseko saute-tik, saltoa) izenarekin ere ezagutua da maiz. Dantza-jauziaren aurrerako zentzuan egiten dugun puntua dugu, eskuin oinarekin abiatuko duguna, beraz. Ezker eta Eskuin segidan eta inongo jiratzerik gabe egiten baditugu, Jauzi ere menperatua dugu, izan ere, egitura berbera baita.
Dobla (4 p)
Jauzi-ren egitura berbera du, baina jauziaren gibelaldeko zentzuan eta ezker zangoarekin abiatuta. Eskuin eta Ezker-en baliokide litzateke, baina esan bezala, inongo jiratzerik egin gabe.
Ezker airean (5 p)
Ezker airean Lau Urratsen aldaira bat dugu, finean. Pultsu bera du eta egitura ere, —ia— berbera. Lehen pultsoan pausoa eta esekidura izanen dira keinuak — eskuin oinarekin abiatuz— eta hurrengo bietan oin berdinaren gainean eginen dugu mugimendua, esekidura salto txiki bilakatuz. Bietako pultsu bakoitzean gorputzaren zentzua aldatuko dugu puntuaren bizkarrera eta aurrekaldera, sigi-sagan 180 º eta ondotik, korta markatuko dugu, urratsa abiatu dugun zentzu berean.
Eskuin airean (5 p)
Ezker airean-en baliokidea, jauziaren gibelaldera begira abiatuko duguna, eta beraz, ezker zangoarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Pausoka dantzan
Pausoka dantzan Dantzan.eus eta Euskokultur fundazioaren ekimena da. Dantzaren ikasketan laguntzeko ikus-entzunezko baliabideen bilduma izatea du xede. Dantza molde ezberdinen tutorialak topatuko dituzue bertan, beraz!
Proiektu honek Gipuzkoako Dantzagunearen laguntza jaso du.
Pausoka dantzan: Klik eta dantza!
1. Zortzikoa
1.1 Zortzikoa pausoka
1.2 Zortzikoa dantzan
2. Dantza-jauziak
2.1 Dantza-jauziak: Oinarriak
2.2 Dantza-jauziak: Puntuak 1
2.3 Dantza-jauziak: Puntuak 2
2.4 Dantza-jauziak: Puntuak 3
2.5 Dantza-jauziak: puntu aldairak
2.6 Hainbat dantza-jauzi
3. Sinple eta doble: hamaika dantza
3.1 Sinple eta doble: zortzikoa
3.2 Sinple eta doble: arin-arina
3.3 Sinple eta doble: eskotixa