3. Sinple eta doble: hamaika dantza
Lau gauzak izen bat dute eta gauza batek lau izen... zioen Jon Sarasuak Oskorrirendako idatzitako Euskaldun berriaren balada-ren letrak. Sinple eta doble urrats izenekin hori bera gertatzen zaigu. Mugimendu ezberdinei deitzen diegu izen berdinez. Esate baterako, branleetan edo dantza-jauzietan agertzen zaizkigu sinple eta doble izeneko puntuak, baina atal honetan azaldu eta landuko ditugun sinple eta dobleak ez dira hain zuzen horiek izanen!
Kontua da, bi urrats horiek kukutuak egoten direla gure dantza askoren oinarrian, guretako oharkabean. Beste modu batzuetan konbinatuz, beste hainbat dantza barneratu ahal izanen ditugu, uste duguna baino askoz esfortzu txikiagoarekin. Atal honetan horietako hiru ikusiko ditugu: zortzikoa —beste atal batean ere ikusi duguna—, arin-arina eta eskotixa.