Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lantz: Inauteriak 1968-1969

Dokumentuaren akzioak

Lantz: Inauteriak 1968-1969

2020/02/24 08:58

Pio eta Julio Caro Baroja anaiek Lantzen inauteriak berpizteko sugarra astindu eta lau-bost urtera agertu zen bertara Jaime Albillos kamera eskuan hartuta. Arotzak, txatxoak, zaldikoa, Ziripot, Mielotxin eta beste hainbat mozorro ageri zaizkigu Jaime Albillosek  Lantzeko inauterietan grabatu zituen irudi hauetan. Irudiak bi urtetan grabatuak dira, 1968an eta 1969an. Zehazki, otsailaren 26an eta 27an eta 1969ko otsailaren 25ean. Lantzen inauteriak berreskuratu eta oso urte gutxira hartutako irudiak dira, 1964an hasi baitziren berriro inauteriak ospatzen. Inauterietako astelehenean eta asteartean atera ohi da Lantzen inauteria kalera. 

00:00 Sei mozorro elkarri bizkarretik helduta kalean behera doaz.

00:21 Herritarrak ostatuaren kanpoan mozorroak noiz aterako zain daude eta bat-batean Mielotxin dantzatuz batera korrika irteten dira denak eta txistularien laguntzaz kalejiran hasten dira.

03:35 Ostatura itzultzen dira Mielotxin eta txatxoak.

04:21 Plazako irudiak. Txatxoek plazan zortzikoa, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte.

04:46 Zortzikoa eta fandangoa dantzatzen dute plazan.

06:18 Txatxoak ikus daitezke, baita herritarrak ere, horietako asko lehioetatik begira.

07:01 Arotzak.

8:08 Mielotxin eta txatxoak kalez-kale dantzan dabiltza kalejiran.

10: 54 Mielotxin ostatura sartzen dute.

11:01 zortzikoa dantzatzen dute arotzek eta txatxoek plazan.

Jaime Albillos, Donostiako Goizaldi taldeko dantzaria izan zen. 1960ko hamarkadan hainbat euskal tradizio eta festa filmatu zituen eta horietako batzuk ikus daitezke Dantzan-en:

 

Irudiak: Jaime Albillos. Lantz, inauteriak, 1968-02-26, 1968-02-27, 1968-02-25.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

2020/02/26 12:40
2019ko maiatzaren 4an, Dantzan Ikasi programak Lantzeko zortzikoaren gaineko saioa antolatu zuen, Bizkai Folklor Elkarteko Sabin Egigurenen eskutik. Bertan, Lantzeko zortzikoa dantzatzeko forma bat erakutsi zigun Egigurenek, Lantzeko Fermin Martikorena danbolinteroaren semearengandik jasotakoa (Albillos-en grabaketa hauen sasoi berean, 68-69 urteetan).
Egigurenek aldarrikatu zuen horixe zela Lantzeko zortzikoa dantzatzeko modua. Dantzakera edo estiloa zaintzeaz gain, zortzikoaren lehenengo zatian berak erakutsitako erritmo patroia ez zen ezaguna dugun ohikoa.
Hemen nolabait azaltzeko, horrela idatziko dut: k = kortxea, b = beltza, eta / = konpas bakoitza ixteko.
Lantzeko zortzikoaren lehenengo zatiko ohiko patroia hau baldin bada: k k b / b b / k k b / b b / (biraka) k k b / b b / (biraka) k k b / b b //
Egigurenek erakutsitako erritmo patroia lehenego zati horretarako hauxe izan zen: k k b / b k k / b b / b b / (biraka) k k b / b b / (biraka) k k b / b b //

Albillosen bideo honetan bi unetan ikus daiteke Egigurenek azaldutako forma hori: 11. minutuan, arotzek zortzikoa irekitzen dutenean, aurrean doanak (zortzikoa irekitzen duenak) forma hori dantzatzen du. Bere atzetik doazen beste hirurek, ordea, ezagutzen dugun ohiko erritmo patroian dantzatzen dute. Apur bat aurrerago, 12:07 minutuan, zortzikoaren azken muturrean doan txatxoari ere forma hori antzematen zaio. Bi kasu horiek salbu, bideo osoan antzematen den erritmo patroia ezagutzen dugun ohikoa da.

Normala izan liteke zortzikoa dantzatzeko forma antzeko baina ez erabat berdinak elkarbizitzea garai batetan. Adibidez, Migel Anjel Sagasetak ere jaso izan du Luzaideko dantzari bakoitza zein etxekoa zen antzeman zitekeela bere dantzakerari erreparatuta. Ildo berean, Dantzan Ikasik joan den urrian antolatutako jardunaldian (Ondareari buruzkoak), Jon Arrikaberri bolant-dantzari luzaidarrak horixe nabarmendu zuen: "Norberaren dantzakeragatik jakin daiteke ze etxetakoa den dantzari bakoitza. Esan dezakezu bi dantzari familiakoak diren edo nork irakatsi dien beraien dantzatzeko eraren arabera".

Halere, suposizioen eremuan ari naiz orain, eremu arriskutsua, beraz ezin baieztatu. Eman al dezake Sabin Egigurenek berak edo beste inork argibiderik honen gainean?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.