Dokumentuaren akzioak
Markina-Xemein: San Migel 1969 ezpata-dantza eta aurreskua
Duela berrogeita hamar urteko Markina Xemeingo San Migel jaietako irudiak ditugu. Goizeko prozesioa eta eguerdi bueltan Arretxinagako eliz-aurrean dantzatzen den ezpata-dantza eta aurreskua ageri zaizkigu. Jaime Albillosek 1969an grabatutako irudiak dira. Xemeingo Santa Maria elizatik Arretxinagako San Migel baselizarako segizioa dago jasota hasieran, Zerutxu dantza taldeko dantzari gaztetxoak, txistulariak, eliz-gizonak, udal ordezkariak eta herritarrak ageri dira. Hasierako irudi horietan Felipe Amutxastegi, Zerutxu dantza taldeko zuzendaria, grabagailu batekin ikusten da. Txistulariak, berriz, ansolatarrak dira. Arretxinagako baselizara iristean dantzariek arkua egiten dute ezpatekin ateko sarreran.
Ondoren, ezpata-dantza hasteko zain direla, dantza taldeko neskatoak soltean dantzan ikus daitezke bazter batean eta segituan mutilek ezpata-dantza hasten dute: sarrerako paseoa, parrila, ezpata txikien jokoa eta irteerako paseoa. Jarraian aurreskua dantzatzen dute: desafioa, esku aldatzeko soinua, andreei deitzeko soinua, agurra, desafioa, fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Sokara dantza taldeko neskak gonbidatzen dituzte andreei deitzeko soinuarekin, agurra dantzatu ondoren, bukaeran, Zerutxu dantza taldeko neska-mutilek denek elkarrekin dantzatzen dituzte jota, arin-arina eta biribilketa. Zerutxu dantza taldea 1966an sortu zen eta 1969an dantzatu zuten lehenengo aldiz San Migel jaietan, ordutik beraiek arduratu dira.
Irudi hauek ikusita, gaur egun dantzatzen dute erarekin konparatuz, aldaketa batzuk nahiko nabarmenak dira. Sentzilloa egiteko modua airosoagoa da eta ezpata-dantzaren egiturari dagokionez, irudietan bi zatitan egiten dute egun batean egiten dena. Ezpata-txikien dantzan, gaur egun eskuinarekin hasten dira dantzarien arteko kruze-mugimendua egiten eta irudietan ezkerrarekin hasten dira. Soka-dantzan, abarketak atzeraka sokara begira dantzatzen dituzte osorik, eta bakarrik esaldi bukaerako deiak egiten dituzte sokara begira. Abarketaren bukaerako azken deia sokatik askatuta egiten dute eta zati hori hurrengo dantzariak ere dantzatzen du, beraz, biek batera egiten dute baten bukaera dena eta bestearen hasiera. Aurreskuak bere gonbidatuari dantzatu ondoren atzeskuak sokaren burua hartzeko zubia egiten dute eta azken kalejiran hiru zubiak, aurretik, atzetik eta erditik bikoitza egiten dituzte, orain egiten den moduan.
Irudiak, Jaime Albillos Goizaldi dantza taldeko sortzaileetakoak grabatuak dira, super 8 formatuan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hainbat herritako festak eta dantzak jaso zituen Albillosek, eskuartean ditugun Markina-Xemeingo irudi hauekin batera.
Arretxinagako San Migel jaiak, ezpata-dantza eta aurreskua, Markina-Xemein, 1969-09-29.
Orain arte argitaratu ditugun Jaime Albillosen grabazioak:
Etiketak
- markina-xemein
- tokian-tokikoa
- san-migel
- xemeingo-ezpata-dantza
- xxmendea
- tradizionala
- ezpata-dantza
- jaime-albillos
- irudi-zaharrak
- arretxinaga
- bizkaia
- 1969
Dokumentuaren akzioak