Dokumentuaren akzioak
Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Uturri
Dantzan
Irudi horiek Xiberoako Barkoxe Herrian, Txapela kartielan filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1963an. Bi dantzari heldu argertzen dira, hiriko jantziekin beztiturik. Bi horiek ez dira nornahi. XX. mendean, eta batez ere bi mundu gerlen artean, Zuberoan izan diren influentzia handiko dantza maisuak dira: Pierre Üthürri (1892-1975) eta Alexis Pikootxet (1891-1982). Lehenik, dantzari oso trebeak izan ziren bata eta bestea. Biak Martin Hegobürü-Heguiaphal dantza maisu famatuaren ikasleak izan ziren Lehen mundu gerra aurretik. Hegobüru, ainitzek Zuberoako dantza modernoaren aita bezala izendatzen dutena, XIX. eta XX. mendeen loturan eragin handia ukan zuen dantza maisua da. Hain zuzen, frantses armadako erregimentuetan ikasitako teknikaren erakarpenaren bitartez, bertako dantzek beste aurpegi bat hartu zuen garaian. Martin Hegobürü Montpellier hirian 81. Erregimenduan egona zen eta han dantza maisu izendatua izan zen.
Bere aurretik jadanik Barkoxe herriak dantza eskola famatuak zituen: Guilcher-ek dioenez, Johañe Goieneix Gaztelondo auzoan eta plazan Saphiula etxean, aurkitzen ziren orduan erreferentziak ziren dantza eskolak. Hortik hurbil, Eskiulako Ezpelet etxean zegoen beste dantza eskolara joaiteko aukera zuten bertako gazteek 1880 inguruan (La tradition en Béarn et Pays basque français - 308 orrialdea). Horien segidan bere irakaskuntza hedatzeko aukera ukan zuen Martin Hegobürük. Dantza maisu izan zenetik, armadan irakatsitako zorroztasuna zaindu zuen eta aldi berean dantza garbi eta menperatua mantendu nahi izan zuen. Pikotxet eta Üthürri-k Lehen mundu gerra ondoren haien maisuaren segida hartu zutenean, bertako dantzari alde atletikoagoa eman zioten eta aldi berean dantzaren estetikari aldaketa garrantzitsua ekarri zioten:
“Hegobürük irakatsi zuen tarte luzean, praktika militarretik zekarren estilo neurtua ezarri zuen Barkoxen. Hori guztia gazteriaren eskaeren gainetik egin zuen; izan ere, gazteek efektu ikusgarriagoen bidez nabarmendu nahi zuten. Bi gerren artean Pierre Uthürry eta Alexis Picochet-ek beren maisuaren lekukoa hartu zutenean, luzaroan eutsita egon ziren nahiak askatasunez agertu ziren. Mugimenduen marrazkiari eta posizioen zehaztasunari dagokienez kontzesio nabarmenik egin gabe, estiloak bilakaera izan zuen zabaltasunaren, goratasunaren eta erakustaldi atletikoaren norabidean”. (J. M. Guilcher, La tradition en Béarn et Pays basque français - 313 orrialdea)
[fr] Aussi longtemps qu’Hegobürü à enseigné, il a imposé a Barcus le style mesuré qu’il tenait de la pratique militaire. Cela en dépit des sollicitations de la jeunesse qui brûlait de se signaler par des effets plus spectaculaires. Quand P. Uthürry et A. Picochet, entre les deux guerres, ont pris la suite de leur maître, les aspirations longtemps contenues se sont donné libre cours. Sans concession importante quant au dessin des mouvements et à l’exactitude des positions, le style a évolué dans le sens de l’ampleur, de l’élévation et de la performance athlétique. (J. M. Guilcher, La tradition en Béarn et Pays basque français - 313 orrialdea)
Irudi horiek gabatuak izan zirenean, 70 urtetik gora zuten bi protagonistek. Ez da hor agertuko lehen aipatutako dantza atletikoaren erakuspenik, bai aldiz XX. mendeko bi dantzari zuberotar nabarmen helduaroan dotorezia handiz dantzan. Bi jauzi dantzatzen ikusi ditzakegu. Lehenik Aintzina pika edo Marianak eta gero Ostalerrak. Bukatzeko jauzien urratsak banan bana erakusten dituzte hala nola sinple, pika, zeina eta ebats.
Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
-
Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
Etiketak
- marianak
- ostalerrak
- aitzina-pika
- jean-michel-guilcher
- irudi-zaharrak
- tokian-tokikoa
- helene-guilcher
- xxmendea
- pierre-uthurri
- dantza-jauziak
- 1963
- zuberoa
- dantza-maisuak
- jauziak
- tradizionala
- alexis-pikotxet
- barkoxe
- maskaradetako-dantzak
- guilcher
- zuberoako-dantzak
Dokumentuaren akzioak


