Dokumentuaren akzioak
zuberoa etiketa duten bideoak
Donaixti: Pagolako maskaradak 2024 Bralea
Pagolako gazteek Donaixtin (NB) bertako herritarrekin batera dantzatuta bralea duzue irudietan. Bralea kateko-dantza da eta Zuberoako kasuan, osorik dantzatuz gero, hiru zati izan ohi ditu: kontrapasa, braletik jauztea eta karakoiltzia. Maskaradetako arratsaldeko saioan dantzatu dute, hala plazaratu ohi da. Lehenengo zatiak jauzi baten antzeko egitura eta konposizio eredua du. Aitzindariek erdian dantzatzen dute eta haien inguruan gainerako arizaleak eta gonbidatuak kokatzen dira eskutik helduta katean, kanpokokoek, beraz, katean dantzatzen dute.Kontrapasa da, aire geldo eta dotorean dantzatzen dena. Honako urratsekin osatzen da:
- Sinple (4etan)
- Pika, sinple, pika, doble
- Aitzina pika (4etan)
- Sinple (4etan)
- Ezker, eskuin, ezker hiru, itzul eta hiru (2etan)
- Aitzina pika (2etan)
- Sinple (4etan)
- Pika, sinple, pika, doble
Jarraian, braletik jauztea egiten da, orduan, aitzindariek beren bakarkako erakustaldiak egiten dituzte. Egun osoan zehar egiten duten bakarkako saio nagusiena da eta hor saiatzen dira norbere abilezi eta gaitasuna erakusten. Azken zatian, karakoiltzian, denak sokan batzen dira eta entseinariak gidatzen du sokaren burua.
Irudiak: Oier Araolaza. Bralea, Pagolako maskaradak, Donaixti, 2023-03-02.
Dokumentuaren akzioak