Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

helene-guilcher etiketa duten bideoak

Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak

Irudi horiek 1963 grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek Zuberoako Altzürükü herrian. Ez dira hor maskaradak egiten ziren egunean grabatutako irudiak. Kasu honetan dantzariak jantzi eta haien dantzen demostrazioa egin zuten Ikertzaile bikotearen aitzinean.

Bost dantzari agertzen dira eta bakoitzak aintzindari bat jokatzen du. Bazterrean bi emazte ikusten dira dantzariak begiratzen baina ez da musikaririk agertzen filmeetan.

00:35 Lehendabiziko dantza egiteko aintzindariak bi lerrotan daude. Alde batetik "galtzak": txerreroa, gatuzaina eta entseinaria. Bestetik "gonak": zamaltzaina eta kantiniersa. Formakuntza honek Gabota dantza oroitarazten du baina puntuen antolaketak, dantzaren estruktura musikala finkatzen laguntzen du. Hor Aintzina pika jauziaren doinua baliatuz dantzatua den koreografia da. Gauza harrigarria beraz, garai hartan eta gaur egun arte, jauziak borobilean dantzatzen baitira Zuberoan. Jauzi motzak direnean (Aitzina pika, Ostalersa, Larrabürrü…) errepikapena puntuekin dantzatzea da bertako ohitura. Gauza oso ez-ohikoa da beraz hor ageri dena, ez baita ohikoa izan jauziei halako koreografia-egitura ematea.

01:19 Formazio berdinarekin Gabota ematen dute dantzariek. Ez da dantza osoa ikusten, baina parte bat baizik. Zamaltzainak eta Kantiniersak "Pas français eta entrexat" puntua egiten dute aitzinera eta gibelera. Beste hiruek haien txandan errepikatzen dute. Horretan gelditzen da filmaketa.

01:36 Bost aitzindariak lerro batean, Barrikada edo Satan-dantzaren doinuarekin egiten duten dantza dugu hor. Lehenik taldeko puntua ematen dute eta bukatu bezain laster, txerreroa doa bakarkako dantza egitera. Irudia moztu egiten da eta ondoren zamaltzaina bakarrik dantzan ari dela ikusi daiteke. Bitartean Aitzindariak banan-banan dantza egin dutela pentsa daiteke. Bukatzeko berriro taldeko puntua ematen dute bost aitzindariek.

02:49 Hemen Godalet dantza ikusi daiteke. Aitzindariak zirkulu erdian daude eta horren erdian basoa dago lurrean pausaturik. Ezkerretik eskuinera ordenu honetan kokatuak daude dantzariak: entseinaria, txerreroa, gatuzaina, kantiniersa eta zamaltzaina. Baso gaineko puntuei dagokionez, entseinaria, txerreroa eta gatuzainarena baizik ez dira ikusten. Nahiz eta bukaera ez ikusi maskaraden tradizioan ohizko moduan egiten den bezala, dantza zamaltzainaren puntuarekin bukatzen dela suposatu daiteke.

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n 

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976 

 

Dokumentuaren akzioak