Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

aitzina-pika etiketa duten bideoak

Guilcher 12 Eskiula 1962-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika

Irudi horiek Jean-Michel eta Hélène Guilcher-ek grabatu zituzten haien ikerketa lanak Ipar Euskal Herrian egin zituzten garaian, 1962 eta 1976 artean. Nahiz eta grabazioa kalitate txarrekoa den eta parte askotan pantaila txuria uzten duen, zenbait informazio atera daitezke ikusten dugunarekin.

Hemen Zuberoan gaude, Eskiulan zehazki. Plazan eta herriko beste toki batzuetan bertako dantzariak dantzan ikusten dira. Bi talde berezi agertuko dira irudietan. Lehena dantzari helduek osatzen dute eta bestea dantzari gazteek.

Hasieran, bost dantzari aitzindariz jantzita ikusi ditzakegu dantzan. Bi Txerrero, Kantiniersa bat, Zamaltzain bat eta Entseinaria daude hor. Azpimarratu behar da azken horrek Ikurriña daramala eskuan. Ez da Gathuzainik agertzen dantzari taldean. Inguruan, jarlekuak daude, baina bertan ez da Maskaraden parte diren beste pertsonaiarik ikusten. Ez dirudi inauteri ospakizunetan gaudenik hor, baizik eta herriko besta edo horrelako beste ospakizun baterako antolatutako dantza ikusgarria dugula pentsatu daiteke.

00:23 Agertzen den lehen dantza Gabota da. Dantzariak bi lerrotan hasiera batean eta lerro berean ondoren, koreografia ezagungarria dugu hor. Melodia ezagun horren hiru parteak argiki ikusten ditugu ere, nahiz eta irudiak itsuneak dituen.

01:25 Ondotik gazteen taldea Godalet dantza emaiten ikusi daiteke tarte motz batean. Irudian Txerrero bat, Gatuzain bat eta bi Kantiniersa agertzen dira. Nahiz eta berehala ez diren agertzen, ondorengo irudiak artoski begiratuz, ikusi dezakegu Zamaltzaina eta Entseinaria daudela gazteen taldearen osatzeko.

Gazteek, Godalet dantza emaiten dute. Bi Kantiniersetarik bat dabil dantzan edalontzira hurbiltzeko puntua hemaiten, baso gaineko puntua egin aurretik. Besteak ohituraz egiten den moduan, zirkulu erdian daude eta horien erdian, basoa dago lurrean pausaturik. Kantiniersaren dantzaz aparte ez da besterik ikusten hor. Aitzindari helduak atzean dira, eserita, gazteei begira. 

01:40 Helduen txanda orain eta haiek ere Godalet dantza emanen dute. Tradizioz egiten den moduko koregrafia dugu hor eta ez digu sorpresa handirik uzten. Entseinaria doa lehena, bi Txerreroak bata bestearen atzetik, Kantiniersa eta azkenik Zamaltzaina. 

03:11 Dantza bururatzeko Zamaltzainaren puntua emaiten dute, Zaldikoak eta Kantiniersak. Protagonistak zeina egiten duen bitartean Kantiniersak entrexantak egiten ditu eta horrela bukatzen da dantza, asmatu dezakegun elkarrekiko azken puntu baten ondotik.

03:30 Bi belaunaldietako taldeak elkarturik, dantza-jauzi bat emaiten dute bertako zonbait dantzariek lagundurik, horiek eguneroko moduan jantzita. Jauzia Aitzina Pika edo Marianak da. Lehen partea jauzien urratsekin dantzatzen dute partaide guziek eta bigarren parte puntuekin, gutxienez aitzindari helduen kasuan.

04:24 Bukatzeko bi dantzari taldeak doaz, gazteak aurretik eta helduak haien atzetik Barrikada puntua dantzatuz ikusgarriari amaiera emaiteko.

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976 

Dokumentuaren akzioak