Maskaradantzaren urtea

2020/12/31
Maskaradantzaren urtea

Buka dadila behingoz dantzan egitea apenas utzi digun urte deabrua! Maskaradantzaren urtea. Eta heldu dena izan dadila dantzaz betexeagoa, behintzat!

Intxaur oskola errekastoan nola, harat-honat ibili gaitu pandemiak martxotik hona, baina ikasteko ere balio izan digu: arnas gutxiagorekin bizitzen, dantzatzen, malgu izaten, kasik likido izaten, be water my friend! Tamalez, halaxe izanen da etorkizun hurbilean ere.

Entsaiatu dugu etxean ordenagailu bitartez, entsaiatu dugu kalean, entsaiatu dugu estalpean, entsaiatu dugu kalean berriz eta entsaiatu dugu oraindik kaleanago!

Pandemia garaiko errepika, zerupean. Argazkia: Aritz Ibañez

Borrokatu izan ditugu entsaiatu ahal izateko espazio berriak. Borrokatu gara dantzan egiten jarraitu ahal izateko. Eta gutxi, eta maskekin, baina dantzan egin, egin dugu! Merezi izan du borrokak, beraz!

Oraindik gainera zer zetorkigun asmatu ezin genuenean, Sanblas eguneko soka-dantza arraberritua eman genuen otsailaren 2an, San Nikolas plazan.

Argazkia: Ivan Delgado

Hilabeteak pasa ziren berriz dantzatu ahal izan genuenerako. Uztailaren 5ean Ziudadelan aritu ginen dantzan, geratzeko heldu zen maskaradantzan, Iruñeko udal txistulari eta gaiteroekin batera egindako emanaldian.

Argazkia: Malkovich

Sanferminetako gure zereginei ez genien hutsik egin nahi izan eta deslekuan bada ere, trokeo-dantzen bideoak sareratu genituen uztailaren 7 eta 14ean.

Maiatz-aldean zioten baikorrenek: bah, ezpata-dantza behintzat egin ahal izanen dugu Sanfermin txikiz! Bada, ezkorrenek asmatu! Trukean emanaldia izan genuen Ziudadelan berriz ere, irailaren 13arekin. Emanaldia prestatzeko 3 aste izan genituen, gogotik egin ere! Gure musikariekin dantzatu genuen eta jende saldo ederra etorri zen emanaldia ikustera. Gozatu genuen, gozatu genuenez. Behar genuen. Emanaldi ederra izan zen!

Diario de Noticias-eko irailaren 14ko portadan ere, maskaradantzan

Eta ezpata-dantza eman gabe ezin geratu! Gaitzetatik, minetatik laster libratzeagatik... eskatu genuen. Ikusiko! Lodosako Zerberako Urmaeleko testuinguru distopikoan egin genuen grabazioa Festaroko lagunekin elkarlanean. 

Azken emanaldia Sansaturnino egunez, azaroaren 29an, berriz ere ezohiko eszenatokian. Baluarten egin genuen dantza, La Pamplonesa, udal txistulari eta gaitero banda eta erraldoien konpartsarekin batera. Emanaldi hotza izan zen, urtea bera bezalakoa. 

Argazkia: Mikel Legaristi

Urte gogorra izan da, ez dugu ukatuko. Baina dantzan egiterik izan dugu eta horrek goxatu digu ahoko mikaztasuna. Dantzari euts diezaiogun, beraz. Eutsi dantzan. Desmaskatu ahal izanen garen arte!

Urte berri on!