Dokumentuaren akzioak
Arnasa itoaldian

Arraro doa 2020.a. Koronabirusak hankaz gora jarri dizkigu aurtengo planak —eta heldu deneko batzuk— eta ahal bezala egiten ari gatzaizkio aurre egoerari: Itxialdi garaian nor gure etxetik entsaiatzen eta gero, ekainean, maskarillekin eta aire zabalean. Gure usaietatik urrun, edozein gisaz. Bertan behera geratu zaizkigu ilusioz itxoiten genituen hainbat emanaldi: Baigorriko Nafarroaren egunekoa, Oñati eta Iurretako dantzariekin Iruñerako prestatuta genuena, Bilboko Santutxu kolorekoa, Sanjuan bezperako soka-dantza, Sanferminetako gure emanaldi kuttunak, Boiseko Jaialdirako bidaia, Oñatz taldearen urteurrenekoa Oñatin... eta okerrena da ez dugula egoera honetan argirik ikusten tunelaren akaberan. Itolarriak ere hartzen gaitu sobera pentsatuz gero.
Hala ere, itoaldi horretan arnas hartzeko aukeratxoak ere izan ditugu. Haize freskoa maskarillapeko sargorian. Batetik, Sanfermin garaian zabaldu ditugun trokeo-dantzen bideoak grabatzeko elkartu gara ekaina bukaeran eta bestetik, uztailaren 5ean emanaldia ere izan dugu, Iruñeko Ziudadelan, udal gaitari, txistulari eta dantzariok, denok elkarrekin.
Bertan behera utzi behar izan ditugun gure emanaldien arantza nolabait ateratzeko, soka-dantza eta trokeo-dantzak eman ditugu bertan, zorretan utzitako dantzak alegia. Lehen parte batean makil-handien, arkuen eta brokelen dantzak eman ditugu.
Txistulari eta gaiteroen zenbait pieza ederrekin gozatu ahal izan ditugu belarriak tartean, ondotik, beste dantza sortatxo bat eman aitzin. Makil-txikien eta zinten-dantzak eman ditugu bata bestearen gibeletik. Gertatu izan da, dantzen bitartean, disimuloan, dantzariek madkarilla pixka bat altxatzea, arnasa sakon hartu ahal izateko. Emanaldi honen metafora hoberik ez zaigu okurritzen.
Udal gaitariekin emandako dantzen ondotik, gure soka-dantzaren moldaketa bat egin dugu —ezin baikenuen dantzara kanpoko inor gonbidatu— udal txistularien laguntzarekin.
Bost hilabeteren buruan —Otsaila hasieran egin genuen gure hondar emanaldia— oraindik dantzan oroitzen garen soseguarekin, ondoko maskarillapeko arnasaldiaren zain geratzea baino ez dugu. Izan dadila berandu baino, garaiz.
Bitartean, Ziudadelako emanaldian Ander Luquinek eta Malkovich-ek hartutako argazkiei so geratuko gara:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
- Elai Alai Kultur Elkartea on Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti 2017/06/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Fernando Oiartzun on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Iker Tubia Barberia on Iruñeko dantzarion agenda Sanferminetarako 2016/07/05
- Jesus Romo Uriarte on ...ozenki esan dezagun, eskerrik asko Bidador!! (Barañain, Gotaine eta Bilbo: kronika hirukoitza) 2016/04/29
- Patxi Montero on Soka-dantza, euskararen eguna ospatzeko 2015/10/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Xabier Etxabe on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Iñaki Zugasti on Miarritzeko San Martinen ezpata-dantza 2014: Ezpata esku batean ta gure geroa bestean 2015/05/04