Odol berria San Blaseko soka-dantzan
Birus eta pandemia istorioak gainditurik, Sarasate pasealekuko zabaltasun hotzetik, San Nikolas plazako estuasun epelera itzuli dugu otsailaren 3an, San Blaseko soka-dantza. Maite dugu jendearengandik hurbil dantzatzea, hori da gure testuingurua, baina hala ere! Plazara heldu garen bezain pronto ikusi dugu dugu honakoan arazoak izanen genituela.
- Otoi, zabalduko duzue plaza doi bat dantzariek dantzatzerik izan dezaten?
- Atzean jendea dugu, ezin gara gibeldu!
- Bada horrela ezingo dugu dantzatu!
- ...
Ikusle batzuek egin dute espazioa zabaltzeko keinua-edo, beste batzuek ezta hurrik eman ere! Tira, dagoenarekin egin behar! Atera dira 23 soka-dantzariak plazara eta jadanik estu dira, gonbidatuak oraindik sartu gabe. Aitor Puig eta Jon Benito aurresku eta atzeskuek eroso dantzatu ahal izan dute haien belauntxingoa behintzat, baina ondotik, komeriak! Hango hura ez zapaltzeagatik oina bihurritu, horko kamaralariari ostiko, mugitu den honengatik ezin artazia bota... Tira, tragedia bat ere ez da izan eta baldintzak zeintzuk ziren ikusita, duhin samar aritu garela esatea zilegi bekigu. Alta, soka-dantza mustu diren 8 dantzari gaztetxoek —baita gainontzekoek ere— eskertuko zuten plaza erosoagorik.
Musikarietan ere izan dugu nobedaderik. Irene eta Iñigo Rezusta Jorajuria anai-arreba eta txistulari gaztetxoek debuta egin dute gurekin eta Asier Capón Muñoz soinujole trebea ere lagun izan dugu honakoan. Haiek ere lanak izan dituzte atzean zituzten ikusleen bultzakadatxoei eusteko.
Gonbidatuak dantzara sartu eta inoizko lotuen dantzatu dugu habanera. Kalejirako kiribilak ere estu-estuak izan dira. Eta argazkilariek tirorik ez argazki erdi-txukunak ateratzeko ere! Espero dugu ondokorako, udal plaza hesi urdinez zedarritzearen eta ikusleak gure gainera salto egitearen arteko erdibiderik topatuko duela udalak! 😅