Dokumentuaren akzioak
Odol berria San Blaseko soka-dantzan
Birus eta pandemia istorioak gainditurik, Sarasate pasealekuko zabaltasun hotzetik, San Nikolas plazako estuasun epelera itzuli dugu otsailaren 3an, San Blaseko soka-dantza. Maite dugu jendearengandik hurbil dantzatzea, hori da gure testuingurua, baina hala ere! Plazara heldu garen bezain pronto ikusi dugu dugu honakoan arazoak izanen genituela.
- Otoi, zabalduko duzue plaza doi bat dantzariek dantzatzerik izan dezaten?
- Atzean jendea dugu, ezin gara gibeldu!
- Bada horrela ezingo dugu dantzatu!
- ...
Ikusle batzuek egin dute espazioa zabaltzeko keinua-edo, beste batzuek ezta hurrik eman ere! Tira, dagoenarekin egin behar! Atera dira 23 soka-dantzariak plazara eta jadanik estu dira, gonbidatuak oraindik sartu gabe. Aitor Puig eta Jon Benito aurresku eta atzeskuek eroso dantzatu ahal izan dute haien belauntxingoa behintzat, baina ondotik, komeriak! Hango hura ez zapaltzeagatik oina bihurritu, horko kamaralariari ostiko, mugitu den honengatik ezin artazia bota... Tira, tragedia bat ere ez da izan eta baldintzak zeintzuk ziren ikusita, duhin samar aritu garela esatea zilegi bekigu. Alta, soka-dantza mustu diren 8 dantzari gaztetxoek —baita gainontzekoek ere— eskertuko zuten plaza erosoagorik.
Musikarietan ere izan dugu nobedaderik. Irene eta Iñigo Rezusta Jorajuria anai-arreba eta txistulari gaztetxoek debuta egin dute gurekin eta Asier Capón Muñoz soinujole trebea ere lagun izan dugu honakoan. Haiek ere lanak izan dituzte atzean zituzten ikusleen bultzakadatxoei eusteko.
Gonbidatuak dantzara sartu eta inoizko lotuen dantzatu dugu habanera. Kalejirako kiribilak ere estu-estuak izan dira. Eta argazkilariek tirorik ez argazki erdi-txukunak ateratzeko ere! Espero dugu ondokorako, udal plaza hesi urdinez zedarritzearen eta ikusleak gure gainera salto egitearen arteko erdibiderik topatuko duela udalak! 😅
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
Dantzarako espazioen mugatzeak baditu bere ertzak. Garai batean kolore horiko hesi zatar batzuk jartzen zizkiguten zenbait udalek. Elgoibarko Jose Inazio Sarasuari ikasi genion horrelako hesi itsusiekin inguratzen gaituztenean oiloak kaiolan dirudigula eta badirela beste hainbat modu eremuak mugatzeko hesitu gabe: aulkiak, zintak, sokak, e.a. Tokiaren arabera batzuk egokiagoak dira besteak baino, hemen guk erabilitako hiru adibide:
Aulkiek, adibidez, ez dute balio toki guztietarako, baina posible denean oso ondo funtzionatzen dute. Batetik espazioa mugatzen dute, aulkien mugatik barrura ez delako sartzen jendea. Bestetik, zutik baino jende gehiagok ikusi dezake, lehen lerro osoa altura baxuagoak kokatzen baitu, beraz, eseritakoen atzean dagoen bigarren lerro osoa ikusteko lehen lerroan moduan dago. Gainera, eseritako lehen ikusle lerroa eroso dago eta adinekoek eta zutik luzaz egoteko arazoak dituztenek eskertzen dute hori. Bisualki ere polita da publikoak dantzarien fondo egiten duela maila desberdinetako aurpegiekin, batzuk beherago eta besteak gorago eta horrek berotasuna ematen dio dantzariari.
Beste batzuetan lurrean zinta bat jarriz (pegatuz) mugatu daiteke espazioa. Zintaren kolorea lurraren arabera eta mugari eman nahi zaion ikusgarritasunaren arabera hautatu daiteke. Zuria nahiko argi ikusten da normalean, baina zerbait diskretuagoa ere izan daiteke kolore ilunago batekin. Zintarekin bi perimetro markatu daitezke. Bata dantzariek erabiliko dutena eta bestea publikoak zeharkatu beharko ez lukeena eta bien artean metro bat edo bi (tokiaren arabera) utzi daitezke.
Sokari dagokionez, badaude pibote batzuk sokekin lotu daitezkeenak espazio bat mugatzeko erabiltzen direnak. Piboterik gabe ere, golfean erabiltzen den estilora, jendeari soka eman eta ikusle batzuri beraien txokoan tinko izateko eskatuz egin daiteke. Hau ere tokiaren eta ekitaldiaren arabera, baina jende asko biltzen den okasioetarako hau ez zait iruditzen oso eraginkorra izaten denik, jendea gainera etortzen denean soka ez baita ikusten eta jendeak bultza eta bultza egiten du, soka berarekin aurrera eramanez.
Ostiral honetan, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko lehen biak erabiliko ditugu. Bost espazio antolatuko ditugu dantzarako eta bitan aulkiak jarriko ditugu, beste bitan harmailak daude eta ez dago espazio mugatu beharrik eta hirugarrenean harmailak izan arren plazaren beste ertzak aulkiekin mugatuko ditugu.
Edozein moduz, zure aholkuak aintzat hartuko ditugu, zeren izan San Nikolasen ala udal plazan gero eta estuago ari gara aldiro eta horrek zapore garratza uzten digu bai dantzari baina baita ikusleei ere.