Dokumentuaren akzioak
Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu

Goiz honetan zendu da, 70 urtetan, urtez eta urtez Dugunako dantzari izan den Iñaki Dominguez Zilbeti. Bilbo aldean sortua, 7 urterekin hasi zen dantzan Sestaoko Eusko-Lorak dantza taldean. Dantzazale amorratua izaki, familia Iruñera etxe-aldatu zenean, dantzan jarraitu nahi izan zuen eta hala, Iruñeko Udal Dantzari taldean hasi zen 1971an, 16 urte zituelarik.
Han ezagutu zuen Marisa Azparren Sanz, bere emaztea. Elkarrekin bi seme alaba izan zituzten, Lorea eta Asier. Biak ere dantzari aritu ziren Dugunako txikien taldean, haien aita bertan irakasle izan zen tartean. Izan ere, gure taldean buru belarri aritu izan da Iñaki. Dantzari izateaz gain, esan bezala, dantza maisu ere aritu zen helduen eta txikien taldeetan. Dantza taldeak bere izaera aldatu eta elkarte bilakatu zenean, Iñaki Dugunako lehendakaria ere izan zen, 1995/1996 urte inguruetan. Horrez gain, taldeko sukaldari ofiziala izan da dantza-talde lagunekin egin izan ditugun emanaldien osteko bazkarietan. Beti laguntzeko prest.
Dantzari betierekoa
Zenbait dantzarik gaztetasuna deitzen duten hori gainditzean erretiroa hartzen ohi dute. Iñaki ez da kasta horretakoa izan eta kasik azken momentura arte jarraitu du dantzan eta dantzarekin zerikusirik zuten aferen zerrenda luze batean.
Iruñeko Txantrea auzoko festen ondorengo Ttun-ttunaren sortzaileetako bat izan zen. Iruñean pare bat aldiz egin izan zen Jauzien gau-eko eta San Ferminetan oraindik ere egiten den Jauzien festa-ko ideologo eta bultzatzailea. San Lorenzoko danzanteetako dantzari ere izan da oraintsu arte.
2009an Dugunan San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza sortu genuenean, ez zuen horretan parte hartzeko inolako zalantzarik izan eta 6 urtez atera izan zen ezpata-dantzari. Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik zuzendutako Argia dantza taldearekin ere aritu zen, 2012an Aunitz Urtez ikuskizunean, ezpata-dantzari.
2015ean Joxe Miel Bidadorren omenez egindako pastoralean ere parte hartu zuen San Lorenzoko dantzariekin. Ezpalak jaialdian ere dantzatu izan zuen behin baino gehiagotan eta iaz, taldearen 75. urteurreneko ekitaldiak prestatzeko lan-taldean ere lanean aritu zen buru-belarri, bere gaixotasunari axut eginez. Iazko txupinazo berezia Seminario etxeko balkoitik gozatu ahal izan zuen, eta urriaren 26an Dugunako belaunaldien arteko emanaldia egin genuenean Baluarten, han ere aritu zen dantzan Iñaki, beti bezain gogotsu, malkoa begian.
Aurten, uztailaren 9an, ohi dugun bezala, Duguna eguna ospatu genuen Aldapaburun. Iñakik ez zion zitari huts egin. Beti hor, behar zenerako. Asko zuen oraindik emateko eta gazteegi joan zaigu. Dantzazale eta Dugunazale sutsua izan da Iñaki eta bere ereduari jarraitzea baino ez dugu, ludian geratzen garenok.
Aurtengo ezpata-dantza, ezinbestean, Iñaki, zure omenez!
Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Kezka dantza taldea on Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.