Dokumentuaren akzioak
Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
Asteburu kargatua izan dugu iraileko 8-9koa. Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen biharamunean, larunbata 9an beraz, goizean goizik abiatu gara. Jose Antonio Olanok eta bere ikasleek 1856. urtean egin zuten Dantzarien bidea egin dugu guk ere, kontrako norabidean —eta meritu gutxiagoz, autobusez—, Goierriko parajeetan dantzan egiteko. Izan ere, Beasaineko Aurtzaka dantza taldeko lagunek haien ezpata-dantzaren egunerako gonbidapena luzatua ziguten aspaldi, baina iraila hasmentako emanaldi pilaketarekin, ezin asmatu. Alta, iazko abenduaren 10ean gurean dantzan egon-eta, bisita itzultzera animatu gara behingoz! 34 ezpata-dantzari eta 3 txistularirekin joan gara Goierriko hiriburura.
Heldu gara Igartzara eta duela 13 urteko oroitzapenetan bezain eder segitzen du. Arropak eta trasteak jauregira eraman eta ingurunea gainbegiratzen jarri gara. Izan ere, ezpata-dantza eraldatuko baitugu Igartzako auzoko kokaleku ezberdinetara egokituz eta, beraz, dantzari guztiek argi izan dezaten leku bakoitzean zer egin. Azken oharrak aipaturik, dantzariz beztitu eta Beasaingo herriko-etxe ingurura hurbildu gara, handik partituko baita segizioa.
Berotu, freskatu —sapa ederra baita— argazkiak hartu eta 12:00etan puntuan, Udalaren ezkilek Maritxu, nora zoaz?-en melodia jo dutenean, Igartzako zaldikoa dantzan hasi da. Zortzikoa bukatu eta berehala, abiatu da ehundik gora ezpata-dantzarik osatutako tropel ikusgarria. Eta gu haien gibelean. Zortzikoz eta zubiz bete dugu Besain kaskotik Igartzarainoko bidea.
Aurtzakako lagunek bikain baliatu dituzte Igartzako auzoak eskaintzen dituen baliabide guztiak. Pikotaren aitzinean dantzatu dira, errekaren bi aldeetan gero, zubi gainean, burdinola aitzinean eta aldaparoan. Eta zubi gainean bi lerrotan kokatu direnean, hori da guretako seinalea!
Tropa guztiaren zortzikoa eman dugu dolare aitzinean eta meatze galeriak eraiki ditugu ondotik. Shanti Diaz banderaria eta Bittori Elizalde, Ainara Ranera, Mikel Garzia eta Aitor Puig kapitainak galeria azpitik pasa dira eta harrizko zubia gurutzatuz, burdinolaren aurreko partean kokatu dira. Migel Fagoaga atabalariak erredoblea jo du eta arrosa eraikitzeko baliatzen dugun urrats-errenean hasi dira buruzagia eta tropako gainontzeko dantzariak, eta soka luzea osatuta. Zubia zeharkatu dute hauek ere eta parrilla ehuntzen hasi dira Igartzako jauregi aurrean imaginatu dugun plazatxoan. Zazpi zola ezberdin kontatu ditu Martxelok une horretan (belarra, —Iruñeko Estafeta kaleko—galtzadarriak, bestelako harriak, asfaltoa...). Txorkatilik bihurritu gabe lortu dugu arrosa jostea eta ez da gauza txikia!
Burdinola aitzinean bandera dantzatzen hasi da Shanti eta doinuaren momentu jakin batean, ezpatak goratu eta Aritz Ibañez buruzagia zerurantz altxa dugu. Bandera-arbola bukatu eta kapitainek hartu diote tokia banderariari, eta belauntxingoa dantzatu dute, buruzagi airean eusten duen arrosa itzultzen zen bitartean. Belauntxingoa bukatuta, berriz urrats-errenez —eta berriz diogu, ez mankatu garelako, gidoiak hala aginduta baizik— arrosa desegin eta tropela ohiko lau lerrotan berkokatu dugu. Kalejiraren hotsekin, auzoari itzulia eman diogu oinez, ezpata-txiki eta banderariak bildu eta Igartzako ezpata-dantzarien parean jarri gara, karrika-inguru alaiean, jauregian sartzeko denak batera. Barrura sartu garenea, txalo zaparrada bat-bateko eta naturala atera zaigu, jauregiko patioan geunden 140 dantzarioi. Ederra izan da bizi izan duguna!
Badirelako dantzarako sortuak izan diren plazak, baina Beasainen ez dira txikikeriatan ari, eta auzo osoa dute dantzarako plaza ezin ederragoa Igartzako ezpata-dantzariek.
Eguna biribiltzeko, babarrun-jate kategorikoa eta akta liburuaren irakurketa. Igartzako ezpata-dantzarien domina oparitu digute eta jadanik ohorezko tokian jarria dugu. Nahi baino goizago —autobus txofer istorio— itzuli behar izan dugu Iruñera, eskertuta eta ahozko zapore goxoa lagun. Esker mila!!!
2024ko Irailaren erditsuan espero zaituztegu, Igartzako ezpata-dantzariak, berriz ere Iruñeko alde zaharreko karriketan!
(Mila esker ere Iñaki Erauskini, bere argazkiengatik!)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
Izango dira gehiago eta dantzan bizi!