Dokumentuaren akzioak
Lagun arteko soka-dantzan IV. Aurtzaka dantza taldea
Eguerdiko 12:00ak Iruñeko udaleko erlojuan. Ez da uztailak 6 baina abenduak 10. Ez da bero baina hotz zakurra —argazkien urdin kolorean antzeman ahal izanen duzuenez—. Kanpaikada hotsen ondotik, Iruñeko udalbatzaren sarrerarako doinua entzun da plazan eta Beasaingo zaldikoa dantzari hasi da, Beasaingo plazan Maritxu nora zoaz-en doinuarekin nola.
Martxa gelditu gabe udaletik Burguen plazarako eskailerak jaitsi eta Aurtzakakoek bertan garatu dituzte Igartzako ezpata-dantzaren gainontzeko nondik norakoak. Erran nahi baita, zubigainekoa, larrosa, ezpata-txikien dantza eta bandera dantza. Zaldikoen dantzetan oinarritutako Ezpalak jaialdian gonbidatu genituen beasaindarrak Iruñera, eta ordutik izan dugu haiekin plaza luzeago partekatzeko gogoa, haien dantzak eta dantzakera biziki preziatzen baititugu.
Hotzari aurre egiteko moduetarik bat da dantzan egitea eta guri ere heldu zaigu epeltzeko unea. Berokiak kendu eta sanferminetako trokeo-dantzetako batzuk eman ditugu, eriak hozmindurik eta sudurrak gorri. Karrika-inguruarekin astindu ditugu gorputzak eta ondotik eman ditugu Xenpelarrena, makil txikiekin dantzatutako habanera, Betroiarena, makil-txikien dantza hau ere, Iruñeko ferietan makil-handien mazurka airea, Ama begira zazu, ezpata eta brokel-dantza, Pinpirin eta florian izeneko arku-dantza eta Arri-arri mandoko zinta-dantza.
Beasaindarrak —ez argazkietan baizik—urdin kolore ziren kasik eta berriz ere haien txanda zela erabaki dugu. Urteoro ez bada ere, sarritan gehitzen zaizkie Igartzako ezpata-dantzari bestelako trokeo-dantza batzuk ere. Horiek erakutsi dituzte segidan Aurtzakako dantzariek. Brokel-makilena, uztai-txikiena, makil-handiena eta zumitz-dantza eman dituzte urrenez-urren.
Bazkari goxo baten inguruan berotzeko tenorea heltzen ari da, baina lehenago, soka-dantzan gure gonbidatuak ohoratu eta eskertu nahi izan ditugu. Aitor Puig-ek gidatu du soka eta Ainara Ranerak egin ditu azkendari lanak. Soka plazaratu eta belauntxingoarekin elkar-agurtu dute. Ondotik, dantzari bakoitzak hartu du soka burua une batez, nork bere zortzikoa dantzatuz. Sokara gonbidatu ditugu berehala Agurtzane Agirre eta Mikel Sarriegi eta Aitorrek eta Ainarak belauntxingoa dantzatu diete. Zerbitzariek gainontzeko dantzari goierritar guztiak sokaratu dituzte eta haiei ere ohore egin diegu. Elkarrekin dantzatutako fandango, arin-arin eta karrika-inguruarekin bururatu dugu lagun arteko laugarren soka-dantza hau!
Edo ez? Emanaldiaren ondoren, esan bezala, Iñaki Dominguez-ek prestatu digun bazkari goxoaren inguruan epeldu eta goxatu gara. Hor ibili gara tartarrean eta baita dantzan ere. Euskaraz dantzan, mingain nahi zangoekin. Gozamenerako partzuergoen beste geltoki bat. Ordu pare bat gehiago behar izanen genituen bateko eta besteko dantzariak guztiz nahasi zitezen, eta beraz, aurrerago beste aitzaki bat beharko dugu hori gerta dadin!
Mila esker beasaindarrok!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05