Dokumentuaren akzioak
Iruñeko 2017ko Ezpalak jaialdiaren kronika: Zaldikoen zalaparta
Animalia otzantzen zaila izaten da zaldi basa. Familia berekoak izaki, zaldikoa ere ez da hezten erraza eta hortaz ohartu gara aurtengo Ezpalak jaialdian. Saiatu gara hainbat zaldiko gure korralera ekartzen, eta horrela, Zuberoakoa, Lantzekoa, Beasaingoa, Cournonterralekoa eta Bartzelonakoak erakarri ahal izan ditugu 2017ko Ezpalakera.
Jaialdi egunean tokatu ohi zaigun eguraldi ederrarekin —aurten ederregiarekin— oso garaiz hasi ginen taldeei ongi etorria ematen. Esbart Catalá de Dansaires-eko lagunei hasteko. Ondotik heldu ziren, Maritzuli konpainiako Jon Iruretagoiena, Beasaingo Aurtzakako koadrila eta Cournonterraleko dantzari eta musikariak Eibarko lagunek lagunduta. Lantzeko zaldikoa aspaldian zegoen gure artean!
Gosaldu, batzuk eta besteak agurtu, kalakan aritu eta patxadaz jantzi ondotik, eguerdi eta kuartotan hasiera eman genion ohiko kalejirari. Dugunako txikiak aurretik, apain-apain jantzirik, eta helduagoak atzetik, Zuberoako maskaradetako martxekin aitzinatuz, tartean Jon Iruretagoiena, zamaltzain.
Bartzelonatik zalditeria osoa heldu zitzaigun eta zortzina zaldiko zamalkatuta, karrika erdia beraiendako hartu zuten cavallet-dantzari haur eta helduak.
Dotorezia inondik heldu bada aurtengo Ezpalak jaialdira, Beasaindik heldu zaigu zalantzarik gabe. Aurtzakako lagun gaixoak herriko festetatik aterarazi genituen Iruñera etortzeko eta hala ere aurpegi ezin alaiagoz egin zuten Burguen plazara arteko karrika-ingurua. Guretako ohore bat izan zen haiek gure artean izatea.
Besaindarren galopari jarraituz, Bertrand chevallet okzitandarra. Honen urratsa nahasixeagoa antzeman genuen, jatera eman nahi zioten dantzariengandik beldur-edo.
Lantzeko zaldikoa hain izan zitzaigun atzematen zaila, ezen argazkilariarendako ere gaitz izan baitzen bere erretratoren bat hartzea kalejira bitartean. Plazara heltzean, jadanik arotzek ferratua zutelarik eta beraz otzandua, eman zion aukeratxo bat Iñaki Zugastiri.
Karrika-ingurua finiturik, hasiera eman genion jaialdiari berari. Hasteko, Dugunaren eta Maritzuliren arteko elkarlanean, Zuberoako hainbat dantza eskaini genituen: Barrikada-arribada, Marexalen ofizioa, makil-dantza, Larrabürü eta Aitzina pika. Aipatu dugun gisan, Jon Iruretagoienak gidatu zuen zamaria eta Dugunako dantzariek biziarazi zituzten gainontzeko pertsonaiak: bina aitzindari, Jaun-andereak, Laborariak, Marexalak, Kükülleroak, Kherestuak eta Xorrotxak. Dugunako txikiek makil-dantza eta Aitzina pika eman zituzten.
Maritzuli eta Dugunakoak erretiratuta, Cournonterraleko Betrand zaldikoaren txanda izan zen. Musikari saldo eder baten laguntzarekin, hor ibili zen Bertrand gainontzeko dantzarien bazkatzeko deiei kasu gehiago edo gutxiago eginez eta ferratua izan ondotik, lurrean etzan ziren dantzarien gainetik jauzika. Arreta deitu ziguten Zuberoako maskaradetako zenbait ofizioekin antzeman genituen antzekotasunak: Alde batetik, zaldikoari jatekoa eskaintzeko imintzioa —Kherestuen ofizioan gertatzen den gisan— ta bestetik, zaldikoa ferratzearena —Marexalek jada antzeztua zutena—.
Beasaingo Aurtzaka-ko lagunen txanda heldu zen ondotik. Aspalditik genuen haiek Iruñean ikusteko gogoa eta agian horregatik —ere— iruditu zitzaigun haien jarduna horren dotorea!
Xabier Ruiz de Azuak egin zituen zaldiko lana eta bera izan zen plazara ateratzen lehena. Beasaingo plazako kariloiaren doinupean dantzatzen duenean nola, Burguen plazan pilatutako lagun guztien begiak bere zangoetan iltzatzea lortu zuen zaldikoak —edo, auskalo, behorrak—. Ondotik, Mikel Sarriegi buru zutela, gainontzeko ezpata-dantzariak sartu ziren plazara Aitor Furundarenaren soinuaren doinura.
Doinu eder eta biziak eta urrats berezi eta ikusgarriak. Igartzako monumento multzoaren puntu ezberdinetan jokatzen dituzten dantzak erakutsita, arrosa eraiki eta Sarriegik bandera dantzatu zuen. Azkendariek eta zaldikoak haien ezpata-dantza eman eta egindakoa-deseginda, ziztu bizian dantzatuz utzi zuten plaza Beasaindarrek, ikusleondako kalte! Zoragarri Igartzakoen jarduna!
Igartzakoen ondoren, Bartzelonako Esbart Catalá de Dansaires taldekoen txanda heldu zen. Taldeko nagusiak aritu ziren lehenbizi, Bartzelonako Mesedeetako Amabirjinaren festetan dantzatu ohi dituzten dantzak ekarri zizkiguten Iruñera. Festa handiak dira horiek Kataluniako hiriburuan, bestiario osoa ateratzen dute karrikara eta horiekin batera aritzen dira dantzan Cavallets cotoners direlako hauek.
Zaldiko-dantzari gaztetxoak ere ekarri zituzten Esbart Catalá-koek, harrobia eta etorkizuna ziurtatuta dutela argi utziz. Musikari talde ederraren laguntzaz haiek ere haien aldaira —txikiagokoak— erakutsi zizkiguten.
Berriz ere Nafarroa Garaira itzuliz amaitu nahi izan genuen 2017ko Ezpalak jaialdia. Nafarroan zaldiko ezagunik bada — Iruñeko Sanferminetakoen baimenarekin— hori Lantzeko zaldikoa da, eta Lantzeko zaldikoa kostata otzandu eta Iruñera ekartzea lortu genuen. Eder Garzia Lantzeko semeak jokatu zuen animali basatiaren errola. Aldiz, Dugunako dantzarien trazak hartu genizkien txatxo eta ferratzaileei.
Parean jartzen zitzaien edozein zirikatu sartu ziren txatxoak plazan. Zaldikoa aldiz, bere kasa, jauzika. Ferratua izan zen arte!
Horrenbestez, zaldikoak ahal bezala etxekotuta, amaiera eman genion Iruñeko saioari, biharamunean ere, zaldi ehizan ibiliko ginela jakinik. Amaitzeko, hori bai, zaldiko eta haien dantza-lagun izan ziren guztien argazki hau hartu nahi izan genuen gertatutakoaren lekuko.
- Iñaki Zugastik eta Itziar Gonzalezek hartutako argazki saldo eder zabalagoa, hementxe ikusgai:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10