Dokumentuaren akzioak
Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
Triste doakigu 2021eko urte hau ere. Dantzatzeko hamaika arazo eta emateko ditugun berri apurrak, zoritxarrekoak.
Atzo utzi gaitu, 90 urterekin, Sagrario Aranburu Olasagarre-k, gure taldeko dantzari aitzindarietakoak. Eta barkatuko gaituzte besteek, baina lehen dantzari haietarik, gogoangarriena. Musika entzun orduko dantzan hasten zenetakoa zen Sagrario eta familian ere, odolean zeramaten zaletasuna. Izan ere, Oberena dantza taldeko dantzari eta zuzendari izandako Maxi Aranburu neba baitzuen Sagrariok. Sarasate pasealekuko udako txistu eta gaita dantzaldietan zaildu zen dantzari gisa.
Dantzari izateaz gain, kantaria ere izandakoa da Sagrario eta ez nolanahikoa. Hain zuzen kantari izateagatik, izan zen dantzari, gure taldean behintzat. Iruñeko Karmeliten abesbatzan hasi zen kantuan eta handik, Iruñeko Orfeoira pasa zen —bertako kontralto solista izan zen eta orfeoiko ohorezko bazkide ere izendatua dute—. Duguna Iruñeko Orfeoiaren gerizpean sortu baitzuten, bertako zenbait kantari dantzatzera ere animatu ziren, horietako bat, Sagrario. Orfeoiaren egoitzako gelatxo batean hasi zituzten dantza errepikak.
Taldean ezagutu zuen gerora bere senar izanen zen Javier Garaikoetxea Urriza. Elkarrekin dantzatu zuten egindako bidai anitzetan -Palma, Bartzelona, Madril, Paue...- baita Duguna izeneko ikuskizun entzutetsu hartan ere. Esan bezala, dantzatzeaz gain, kantari solista lanak egin zituen Sagrariok Duguna-n.
Dantzarako grina barru-barruan zeraman Sagrariok. Lehen haurdunaldiarekin utzi zuen taldea, haurra pixka koxkortzearekin berriz dantzatzen hasteko esperantzarekin. Baina berehala heldu ziren ondoko seme-alabak ere, eta ezin taldearen dinamika berriz hartu. Hala ere, beti egon izan da taldetik gertu, izan "Amaia da hasiera" 1988an Iruñeko udal dantza taldea babesteko egin zen ikuskizunean dantzan, Sanferminetako prozesioetan Pozoblanco kaleko bere xokotik kuku egiten edo Sansaturninoko urteroko bazkarietan.
2014ko Sanblas egunean merezitako omenaldia egin nahi izan genien Sagrario Aranburu eta Javier Garaikoetxea gure taldearen bi sortzaile hauei, soka-dantzaren ondotik dantza bat eta esker-on opariak eskainiz. Izan zirelako gara. Gaur zirrara bereziarekin gogoratzen dugu egun hura.
2019an merezitako beste omenaldi bat ere jaso zuen Sagrariok. El Bronce peñak Sanfermin festetan aitzaindari izan diren emakumeei ematen dien "Festa" saria eman zion berari ere, besteak beste, festa berdinzaleak lortzeko bidean egindako ekarpen handiarengatik. Sari honi lotutako Pioneras IV izeneko dokumentaleko protagonistetako bat ere izan zen Sagrario.
Esan dugunez, amatasunak eten zuen Sagrarioren dantzari jardun ofiziala, derragun, baina euskal dantza eta musikarekiko maitasuna proiektatu zuten berak eta Javierrek, haien seme alabengan. Dugunako dantzari eta txistulariok oso harreman goxoa dugu Mintxo, Jose Inazio eta Patxirekin, besteak beste. Haiei eta gainontzeko senide eta lagunei gure dolumin sentituena adierazi nahi diegu.
Ez adiorik, Sagrario!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
Gure dolumiña... Urbeltz-Arregi sendia