Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Javier Garaikoetxea Urriza zendu da

Dokumentuaren akzioak

Javier Garaikoetxea Urriza zendu da

Atzo arratsaldean, Javier Garaikoetxea Urriza, gure taldeko lehen dantzarietako bat izandakoa zendu zen, 87 urte zituela. 1949ko azaroaren 29an atera ziren Iruñeko dantzariak lehen aldiz plazara dantzara, guretako argazki gogoangarria den hau utziz. Hor tartean da Javier Garaikoetxea.

Javier Garaikoetxea 01
1949-11-29 Sansaturnino eguna. Iruñeko dantzarien estreinaldia. Argazkia: Iruñeko udal artxibategia

Javier Garaikoetxea 08
Javier Garaikoetxea, Iruñeko udaletxearen atarian, korporazio jantziz beztitua

Arrotxapea auzoko semea, gaztetatik maite izan zuen dantzatzea. Sarasate pasealekuko eta Gazteluko plazako txistu dantzaldietan egin zituen bere lehen dantzari urratsak. Gerora, Patxi Arrarasen bitartez Iruñeko Orfeoiaren gerizpean sortu zuten Iruñeko Udal dantza taldea. Migeltxo Ziga Orfeoiko kantaria zen eta bere lagun horren bitartez sartu zen dantza taldean Javier Garaikoetxea. Urrian taldea sortu, lehen entsaioak egin eta azaroan egin zuten debuta. Dena ri-rau. 

Javier Garaikoetxea 03
Argazkia: Garaikoetxea Aranburu familiaren bilduma

Taldean ezagutu zuen gerora bere emazte izanen zen Sagrario Aranburu -Orfeoiko kontralto bikain izandakoa-. Elkarrekin dantzatu zuten egindako bidai anitzetan -Palma, Bartzelona, Madril, Paue...- baita Duguna izeneko ikuskizun entzutetsu hartan ere. 

Javier Garaikoetxea 02
Sagrario Aranburu eta Javier Garaikoetxea haien ezkontza egunean, Orreagan

1955. urtera arte aritu izan ziren Udal dantza taldean, ezkondu baino urte bat lehenagora arte. Hala ere, modu batean ala bestean beti mantendu izan du Javierrek dantza taldearekiko lotura. 1988an Iruñeko udal dantza taldea babesteko "Amaia da hasiera" ikuskizunean hartu zuen parte. Duguna folklore elkarteko bazkide izan da egun arte eta Sanfermin eguneko prozesioan beti zuen irriño bat guretako, arotzen gremioko kide bezala paseatzen zelarik. Sansaturnino egunean egiten dugun urteurren bazkarira etorri izan da beti txintxo-txintxo Sagrariorekin batera, azkena joandako azaroan.

Javier Garaikoetxea 04
Sansaturnino eguneko bazkaria, 2008. urtea

 

2014ko Sanblas egunean merezitako omenaldia egin nahi izan genien Javier Garaikotxea eta Sagrario Aranburu gure taldearen bi sortzaile hauei, soka-dantzaren ondotik dantza bat eta esker-on opariak eskainiz. Izan zirelako gara. Gaur zirrara bereziarekin gogoratzen dugu egun hura.

Javier Garaikoetxea 06
2014-02-03 Sagrario Aranburu eta Javier Garaikoetxea Iruñeko dantzariei omenaldia

Javier Garaikoetxea eta Sagrario Aranburuk euskal dantza eta musikarekiko maitasuna transimititzen jakin izan diete haien seme-alabei. Dugunako dantzari eta txistulariok oso harreman goxoa dugu Mintxo, Jose Inazio eta Patxirekin, besteak beste. Haiei, Sagrariori -bereziki- eta gainontzeko senideei gure dolumin sentituena adierazi nahi diegu.

Ez adiorik, Javier!

Javier Garaikoetxea 07
Javier Garaikoetxea, Donostiako zezen-plaza zaharrean dantzan

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.