Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari

Dokumentuaren akzioak

Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari

2023/09/28 12:30
Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari

Argazkia: Iñaki Erauskin

Asteburu kargatua izan dugu iraileko 8-9koa. Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen biharamunean, larunbata 9an beraz, goizean goizik abiatu gara. Jose Antonio Olanok eta bere ikasleek 1856. urtean egin zuten Dantzarien bidea egin dugu guk ere, kontrako norabidean —eta meritu gutxiagoz, autobusez—, Goierriko parajeetan dantzan egiteko. Izan ere, Beasaineko Aurtzaka dantza taldeko lagunek haien ezpata-dantzaren egunerako gonbidapena luzatua ziguten aspaldi, baina iraila hasmentako emanaldi pilaketarekin, ezin asmatu. Alta, iazko abenduaren 10ean gurean dantzan egon-eta, bisita itzultzera animatu gara behingoz! 34 ezpata-dantzari eta 3 txistularirekin joan gara Goierriko hiriburura.

Heldu gara Igartzara eta duela 13 urteko oroitzapenetan bezain eder segitzen du. Arropak eta trasteak jauregira eraman eta ingurunea gainbegiratzen jarri gara. Izan ere, ezpata-dantza eraldatuko baitugu Igartzako auzoko kokaleku ezberdinetara egokituz eta, beraz, dantzari guztiek argi izan dezaten leku bakoitzean zer egin. Azken oharrak aipaturik, dantzariz beztitu eta Beasaingo herriko-etxe ingurura hurbildu gara, handik partituko baita segizioa.

2023-09-09_Beasain_01
Argazkia: Iñaki Erauskin

Berotu, freskatu —sapa ederra baita— argazkiak hartu eta 12:00etan puntuan, Udalaren ezkilek Maritxu, nora zoaz?-en melodia jo dutenean, Igartzako zaldikoa dantzan hasi da. Zortzikoa bukatu eta berehala, abiatu da ehundik gora ezpata-dantzarik osatutako tropel ikusgarria. Eta gu haien gibelean. Zortzikoz eta zubiz bete dugu Besain kaskotik Igartzarainoko bidea. 

2023-09-09_Beasain_02
Argazkia: Iñaki Erauskin

2023-09-09_Beasain_03
Argazkia: Iñaki Erauskin

Aurtzakako lagunek bikain baliatu dituzte Igartzako auzoak eskaintzen dituen baliabide guztiak. Pikotaren aitzinean dantzatu dira, errekaren bi aldeetan gero, zubi gainean, burdinola aitzinean eta aldaparoan. Eta zubi gainean bi lerrotan kokatu direnean, hori da guretako seinalea!

2023-09-09_Beasain_04
Argazkia: Iñaki Erauskin

Tropa guztiaren zortzikoa eman dugu dolare aitzinean eta meatze galeriak eraiki ditugu ondotik. Shanti Diaz banderaria eta Bittori Elizalde, Ainara Ranera, Mikel Garzia eta Aitor Puig kapitainak galeria azpitik pasa dira eta harrizko zubia gurutzatuz, burdinolaren aurreko partean kokatu dira. Migel Fagoaga atabalariak erredoblea jo du eta arrosa eraikitzeko baliatzen dugun urrats-errenean hasi dira buruzagia eta tropako gainontzeko dantzariak, eta soka luzea osatuta. Zubia zeharkatu dute hauek ere eta parrilla ehuntzen hasi dira Igartzako jauregi aurrean imaginatu dugun plazatxoan. Zazpi zola ezberdin kontatu ditu Martxelok une horretan (belarra, —Iruñeko Estafeta kaleko—galtzadarriak, bestelako harriak, asfaltoa...). Txorkatilik bihurritu gabe lortu dugu arrosa jostea eta ez da gauza txikia! 

2023-09-09_Beasain_05
Argazkia: Iñaki Erauskin

2023-09-09_Beasain_06
Argazkia: Iñaki Erauskin

2023-09-09_Beasain_12
Argazkia: Iñaki Erauskin

2023-09-09_Beasain_08
Argazkia: Iñaki Erauskin

Burdinola aitzinean bandera dantzatzen hasi da Shanti eta doinuaren momentu jakin batean, ezpatak goratu eta Aritz Ibañez buruzagia zerurantz altxa dugu. Bandera-arbola bukatu eta kapitainek hartu diote tokia banderariari, eta belauntxingoa dantzatu dute, buruzagi airean eusten duen arrosa itzultzen zen bitartean. Belauntxingoa bukatuta, berriz urrats-errenez —eta berriz diogu, ez mankatu garelako, gidoiak hala aginduta baizik— arrosa desegin eta tropela ohiko lau lerrotan berkokatu dugu. Kalejiraren hotsekin, auzoari itzulia eman diogu oinez, ezpata-txiki eta banderariak bildu eta Igartzako ezpata-dantzarien parean jarri gara, karrika-inguru alaiean, jauregian sartzeko denak batera. Barrura sartu garenea, txalo zaparrada bat-bateko eta naturala atera zaigu, jauregiko patioan geunden 140 dantzarioi. Ederra izan da bizi izan duguna!

2023-09-09_Beasain_09
Argazkia: Iñaki Erauskin

Badirelako dantzarako sortuak izan diren plazak, baina Beasainen ez dira txikikeriatan ari, eta auzo osoa dute dantzarako plaza ezin ederragoa Igartzako ezpata-dantzariek.

Eguna biribiltzeko, babarrun-jate kategorikoa eta akta liburuaren irakurketa. Igartzako ezpata-dantzarien domina oparitu digute eta jadanik ohorezko tokian jarria dugu. Nahi baino goizago —autobus txofer istorio— itzuli behar izan dugu Iruñera, eskertuta eta ahozko zapore goxoa lagun. Esker mila!!!

2023-09-09_Beasain_10
Argazkia: Iñaki Erauskin


2024ko Irailaren erditsuan espero zaituztegu, Igartzako ezpata-dantzariak, berriz ere Iruñeko alde zaharreko karriketan!

(Mila esker ere Iñaki Erauskini, bere argazkiengatik!)

2023-09-09_Beasain_11
Argazkia: Iñaki Erauskin

 

Dokumentuaren akzioak

2023/09/30 08:49
Eskerrik asko Duguna! Gure Kofradiaren historiarako beste orrialde polit bat idazten laguntzeagatik.
Izango dira gehiago eta dantzan bizi!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.