Dokumentuaren akzioak
'Dantzarien bidea', 151 urte geroago
Gipuzkoako Goierri aldeko dantzariek 1856. urtean osaturiko ibilbidea egin dute Irungo Kemen taldekoek
Oraindik ere Aralarko mapetan Dantzarien bidea izenarekin agertzen da Olanok eta haren dantzariek orain dela 151 urte osatu zuten ibilbidea. Luis Pedro Peña Santiago mendizaleak jaso zituen bidearen nondik norakoak Aralarri buruz idatzi zuen monografikoan, eta Antxon Iturrizak ere azaldu du bidea zein den, idatziz. Irungo Kemen dantza taldekoek orain dela urte batzuk izan zuten zeharkaldiaren berri, eta asmoa urte batzuk atzeratu ondoren, azkenik joan den asteburuan ekarri zuten gogora Olanok eta bere dantzariek XIX. mendean egindakoa. Aurretik bazuten eguraldi txarra egingo zuelako kezka, baina lainoekin batera desagerrarazi zuten eguzki izpiek.
Dantza eta mendizaletasunak bultzatuta sortu zitzaien ideia Kemenekoei: «Dantza eta entseguetatik aparte, beste zerbait egin nahi genuen», azaldu du Eder Valladares Kemeneko dantzariak. Patxi Pagola eta beste hiruzpalau taldekide aritu ziren bidaia prestatzen, eta 1856. urtean ez bezala, hiru egunetan egitea erabaki zuten. «Gu ez gaude egun batean egiteko moduan. Ez dakit ez ote garen bigundu. Bidaian ondo pasatu nahi genuen guk, eta ibilbideaz gozatzeko lasaiago egitea erabaki genuen». Ostiralean eguerdian abiatu ziren Zaldibiatik. Iztuetaren jaiotetxea izan zuten abiapuntu, eta han Arruabarrena familiak hartu zituen. Lihoarekin lana nola egiten duten erakutsi, jatekoa eman eta agurtu zituzten dantzariak. Iztuetaren etxetik Olanorena izan zen etxera joan ziren, eta hasi ziren oinez. Igandean 13:30ean zuten Iruñeko Burgoen enparantzan dantza egiteko hitzordua.
Bost orduko bidea egin zuten ibilaldiaren lehen egunean, Zaldibiatik Guardetxera. Desnibela 800 metrokoa zen. Zaldibiatik Akalpulko auzora igo ziren lehenik, eta han hartu zuten Enirioko galtzada. Antxon Iturrizak idatzi zuen moduan, garai bateko Euskal Herriko mendietako bideen eredu apartekoa da Aralarko bordetara doan galtzada hori. Eguneko jana eta edana bizkar-zorroan eraman zuten, eta Jentilarrin bazkaldu zuten, Iturrizaren arabera, Aralarko trikuharri ikusgarriarenean. Oiduiko pagadi eta lizardiak pasa ondoren, arratsaldeko seitan amaitu zuten lehen eguneko ibilbidea. Taldekide batek furgonetarekin jaso zituen, eta Lekunberriko kanpinean egin zuten lo.
Bigarren egunean Guardetxetik abiatu ziren, eta Aralarko San Migel Santutegira igo ziren. Madotzera arte zazpi orduko bidea egin zuten, goizeko bederatzietan hasita. Olanok eta bere dantzariek Zaldibiatik Madotzera arte egin zuten bidea ondo jasota dago, eta arazorik ez zuten izan jarraitzeko. Guardetxetik Santutegirako bidea estua da, baina laua Iturbeltzeko meategietara arte. Handik Madotzera arte ibilbideko bista ederrenetako bat izan zutela dio Valladaresek: «Sakanan lainoa sartu zen, eta goitik izara zuri bat ikusten genuen». Kilometro gehien egun horretan egin zituzten. «Baina aldapa behera doa bidea, eta eramangarria izan zen». Madotzen Irurtzungo Iratxo mendi taldekoak zituzten zain, eta Goldaratzetik eraman zituzten Irurtzunera. Mendi elkartean afaldu eta joan ziren lotara.
Igandean goizeko zazpietan esnatu ziren Kemenekoak, eta zortzietarako bidean ziren. Irurtzundik Iruñera 1856ean egin zuten ibilbidea ez dago jasota, eta Plazaola trenbidea jarraitzea erabaki zuten Kemenekoek, «ahal den zatietan». Errepidera iristen zenean beste bide bat hartu eta mendiko bideetatik osatu zuten Iruñera arteko ibilbidea. Iruñean Ortzadar dantza taldekoak zituzten zain, horiek eskatu baitzieten Burgoen enparantzan dantza egiteko. Txistulariek mendiko botak erantzi eta diana jo zuten kaleetan, enparantzara jendea erakarriz. «Espero baino jende gehiago bildu zen».
GIPUZKOAKO LAU DANTZA. Kemenekoek dantza saio xumea eskaini zuten Iruñean herenegun. Inon ez da ageri Olanok eta Zaldibiako beste dantzariek 1856ean eskaini zuten ikuskizuna, baina pentsatzekoa da Gipuzkoako dantzak izan zirela, Olano baitzen garai horretan dantza horien maisu eta babesle nagusia. Kemenekoak Gipuzkoako lau dantza egin zituzten, lauak brokel-makil ziklokoak: Boastitzea, Agurra, Zinta-dantza eta Brokel-makilena. Valladaresek uste du horietakoren bat dantzatu zutela. Kemenekoek mendiko jantziarekin egin zuten ibilbidea, eta dantza saioa ere jantzi berberarekin eskaini zuten.
Kemeneko dantzarien asmoa talde barruko giro ona indartzea zen, baina horrekin batera beste zerbait ere lortu dute. «Ideia berriak sortzea ona da, beste bizitasun bat ematen dio dantza eta folkloreari», dio Valladaresek. Euskal dantzek entsegu, jaialdi eta txapelketa artean bizirauten dute gaur egun, baina badago gauza berriak asmatzen eta zaharrak eguneratzen saiatzen denik. Oier Araolaza dantzariak Dantzan.com webgunean Kemenekoen ekimena «oso interesgarria» dela aitortzen du, ohikotik ateratzen dena: «Nik uste badugula ekitaldi imajinatiboen beharra, errutina hautsi eta ia agortuta ditugun ereduei arnas pixka bat emateko».
Dantza eskola baten katebegi
Juan Ignacio Iztuetaren oinordeko izan zen Olano. Iztuetak idatziz utzi zuen testigantza garrantzitsua plazan gorde zuen Olanok.
Jose Antonio Olanoren jaiotzaren mendeurrena oharkabean pasatu zela idatzi zuen Jose Garmendia Arruabarrenak Euskalerriko Adiskideen Elkarteko buletinean, eta, aldi berean, Gipuzkoako dantzen babesean eta transmisioan izan zuen garrantzia azpimarratzen zuen. Juan Ignacio Iztuetaren oinordeko izan zen Olano, eta lehenengoak idatziz utzi zuen testigantza garrantzitsua plazan gorde zuen bigarrenak. Iztuetak bere ondarea nork zaindu zuen ikusi zuen harengan.
1821. urteko ekainaren 29an jaio zen, Zaldibian, eta 61 urterekin hil zen Ordizian, 1882ko uztailaren 11n. Lau senide ziren, eta laurak ere dantzariak. Bere arintasunagatik Jose Antonio nabarmendu egin zen beste dantzarien artean; argala eta meharra omen zen. Txikitatik ezagutu zituen Gipuzkoako dantzak Olanok, baina gaztaroan Iztuetak 36 dantza irakatsi zizkion, eta taldeko buruzagi egin zuen; eta Bergarako besarkadaren urteurren ospakizunetan taldeko buru izan zen Olano, 1840tik 1844ra.
1846. urtearen maiatzaren 4ean Maria Leona Gaztañagarekin ezkondu zen. Ez dago garbi zein urtetan joan zen Ordiziara bizitzera, baina jakina da dantzari-txiki eskola sortu zuela Gipuzkoako beste herri horretan, Intxausti-berri baserrian. Ahozko tradizioan oinarrituta Garmendia Arrubarrenak zioenez, 1856ean Ordiziako dantzari-txiki eta txistulariekin Bilbora joan zen dantza egitera Olano. Jose Ignacio anaiaren idiek tiratutako gurdian joan ziren, eta bost egun behar izan zituzten joan eta etxera itzultzeko. Gastuak espero baino handiagoak izan ziren, ordea, eta itxura denez horregatik erabaki zuen Olanok urte horretan bertan Iruñera oinez joatea, Aralar zeharkatuz.
Iztuetak berarekin egin zuen bezala, Olanok Jose Lorenzo Pujana ordiziarrarengan ikusi zuen bere oinordekoa, eta 1874. urtean dantzari-txikien buru egin zuen, 8 urterekin. Ordurako ez zuen urrun heriotza Olanok. 1882ko uztailaren 2an Zumarragako Santaixabel jaietan dantza egiteko deitu zuten, herrian dantzaririk ez zegoelako. Antiguako Amaren ermitan berak eta Francisco Olaran dantza-maisu gazteak aurrez aurre egin zuten dantza desafioan. Olanok 61 urte zituen eta ahaleginean esteak lehertu zitzaizkion.
Pujanak berak ondoren gogoratu zuenez, dantza egin ondoren ondoezik jaitsi zen Olano Zumarragara. Hurrengo egunean Bilbora joan zen beste saio baten kontratua lotzera, baina Atxuriko geltokian buelta hartu behar izan zuen. Ordiziako medikuak gertatutakoa agertu ondoren, testamentua egin zuen. Garmendia Arruabarrenak kontatzen duenez, Gregorio Armendariz bere beste oinordekoetako bati hilzorian ondokoa esan zion: «Hiltzen ari naiz, eta Jaungoikoarengatik eskatzen dizut dantzekin jarraitu dezazula gure ohitura onak gal ez daitezen». Uztailaren 11n hil zen Olano.
Eusko Ikaskuntzak 1929an Iztueta eta Olano omendu zituen Zaldibian, iraileko lehen igandean. Gipuzkoako Diputazioko presidentea, Donostiako alkatea, eta Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako diputazioetako ordezkariak bildu ziren, besteak beste, omenaldian. Egun horretan Olanok eta bere dantzariek Iruñera egindako ibilaldia hizpide izan zen.
Dokumentuaren akzioak