Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Tradizio berri bat Iruñerako: Iruñeko Ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Tradizio berri bat Iruñerako: Iruñeko Ezpata-dantza

2009/09/18 08:25

Duguna dantza taldearen aspaldiko asmoa zen Iruñerako dantza propio batzuk sortzea. 1949. urtetik hona, taldearen eginkizunen artean dago hiriko ospakizunetan (San Fermin, San Fermin txiki, San Saturninon...) dantzatzea. Emanaldi horietan prozesioa lagundu eta urtero hemengo eta hango dantza ezberdinak dantzatu izan ditugu. Baina uste genuen, Iruñea dantza tradizio aberatseko hiria izanik, dantza propio batzuk merezi zituela. Beraz, eredua aldatu eta urtero errepikatuko ziren dantza batzuk sortzea jarri genuen helburu duela 2-3 urte. Orduz geroztik dokumentazio, hausnarketa, azterketa eta sortze lanean aritu gara. Emaitza, 2009ko San Fermin txikiko jaietan estreinatuko dugun Iruñeko Ezpata-dantza izanen da.

Duguna dantza taldeko 35 dantzarik eta taldeko txistulariek parte hartuko dute Iruñeko Ezpata-dantzaren estreinaldi honetan.

Irailak 27, Aldapako San Fermin:

  • 11:30 - Arrotxapeko zubian: Bandera arbola eta kortejoaren irteera
  • 12:15 - Aldapako San Ferminen elizatik: Aldapako San Ferminen prozesioa
  • 13:15 - Udal plazan: Iruñeko Ezpata-dantza


Dantza tradizio aberatseko hiria

Iruñeko ospakizunetan dantzarien lehen erreferentzia idatzia 1556. urtekoa da. Urte horretako San Ferminetan parte hartu zuen dantzari talde bati egindako ordainketaren aipamena da. Data horretatik aurrera eta XVI mende osoan zehar dantzariekin egindako akordio eta ordainketak behin eta berriz azaltzen dira Iruñeko udalaren artxibategian. Gauza bera gertatuko da hurrengo mendeetan ere, dantzei buruzko xehetasunak oraindik ere zehatzagoak izanen direlarik. Horrela jakin dezakegu besteak beste, San Fermin edo San Fermin txiki egunerako dantzak prestatzen zituztela garaiko dantza maisuek espreski edo ohikoak zirela makila-dantzak, makil eta brokelekin egindako dantzak, makil luzeekin egindakoak, arku-dantzak, zinta-dantzak, baita ezpata motz zein luzeekin egindako dantzak ere. Azken hauek, ezpata luzeekin egindako dantzak, 20 lagunetik gorako dantzari multzoekin osatzen ziren. Hauek ohikoak izaten ziren Corpus egunean, besteak beste.

Dantzarien parte-hartzea Iruñeko zeremonialetan nabarmen egin zuen behera XIX. mendean, harik eta XX. mendearen erdialdera Iruñeko udalak, Iruñean izandako dantza-tradizioaz jakitun, Udal dantzari taldea sortu zuen arte. Mendetako tradizio horren oinordeko sentitzen gara, horregatik, atzera begiratuz etorkizunerako proposamena egin nahi izan dugu.

Ezpata-dantza, pausoz-pauso


XXI. mendeko dantza


2009. urte honetako San Fermin txikietan estreinatuko dugun Ezpata-dantza hau sortze prozesu baten ondorio da, alegia, ez da lehendik existitzen zen dantza baten berreskuraketa. Sorkuntza berria da, XXI. mendeko dantza, baina aldi berean, erabat tradizionala izatea nahi genuke, gure ezaugarri kulturalekin bat egiten duten gizartetan bizirik dirauten adierazpen tradizionalekin bat eginez. Dantza tradizionalak hartu ditugu jarraibide, beraz, baina tradizioaren ikuspegi dinamikoa jarraituz. Dantza bizia sortu nahi izan dugu, tradizioa bera den bezalakoa. Tradizioa prozesu dinamikoa da, gizarte belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien izaera integratzen duena.

Dantzarien dantza

XXI. mendeko dantzariak gara eta XXI. mendean sortutako dantza dugu Iruñeko Ezpata-dantza. Hartara, gaur egungo baloreekin bat eginen duen dantza bat sortu nahi izan dugu. Genero bereizketarik gabeko dantza tradizionala izanen da Iruñeko Ezpata-dantza. Bertan dantzariek parte hartuko dute, neskak eta mutilak berdin, haien meritu eta abileziaren arabera, generoaren araberako bereizketarik gabe.

Taldearen osaketa

35 dantzarik osatuko dute Iruñeko Ezpata-dantzarien taldea. Buruzagiak gidatuko du Ezpata-dantza, ondoan Zerbitzaria eta atzean dantzarien tropela (28 dantzari) dituela. Atzetik ezpata-txikiekin dantzatuko duten lau Kapitainek. Taldea itxiko dute Banderazainak eta txistulariek:
Iruñeko Ezpata-dantzak ondorengo formazioa izanen du:

  • Buruzagia: Aritz Ibañez
  • Kapitainak: Leire Leza, Akier Perkaz, Joseba Lorenzo, Xabier Adrian
  • Dantzarien tropela: Julen Fagoaga, Iñaki Iribertegi, Martxelo Sotes, Xabier Garin, Maitane Algarra, Aitor Arana, Iñaki Dominguez, Ioseba Morales, Gaizka Garde, Mikel Larunbe, Gustavo Valencia, Amaia Irigoien, Edurne Irigoien, Miguel Angel Goikoetxea, Igor Campos, Oihane Perkaz, Leire Garrues, Ainara Ranera, Leticia Esain, Marisa Azparren, Javier Urtasun, Hasier Moreno, Mikel Irure, Amaia Visus, Joseba Goñi, Myriam Monente, Bea Martinez, Gurutze de  La Mota
  • Zerbitzaria: Mikel Tristan
  • Banderazaina: Angel Leza
  • Txistulariak: Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu, Ainara Ibañez, Enneko Ganboa, Veronica Ferreira eta Beñat Lopez.


Dantzak

Iruñeko Ezpata-dantza honako dantzek osatuko dute:

  • Bandera arbola
  • Banderaren azpiko korrikaldia
  • Biribilketa
  • Tropelaren zortzikoa
  • Kapitainen zortzikoa
  • Ezpata-dantza
  • Buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko zortzikoa

Nafarroan ez dugu ezpatekin egiten diren ezpata-dantzen erreferentzia bizirik. Baina, aurrerago ikusiko dugun moduan, askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezkatuak izan dira. Lesakan dugu adibiderik argiena. Zinta zuri-gorriz ornitutako makilekin dantzatzen badira ere, koreografiari begiratuta, ezpata-dantzen multzoan sailka ditzakegu uztailaren 7an San Ferminen omenez Lesakan dantzatzen diren dantzak. Bandera arbola ere egiten dute bertan. Azken hau, banderarekin egiten den dantza, Lesakan dantzatzen dute, Onin erreka zeharkatzen duen zubiaren gainean, baina baita Beran eta Donezteben ere, esaterako. Iruñean, San Fermineko prozesioan langileen gremio bakoitzak bere bandera zeraman XVIII. mendean eta hiriko banderari agurra egiten zioten une jakin batean. Ezpata-dantzekin lotuta agertu izan dira ikurrin dantzak (Lesakakoa adibiderik hurbilena) eta horregatik barneratu dugu Bandera-arbola Iruñeko ezpata-dantzan.

Ezpata-dantza izan da gutxienez azken 3-4 mendetan Euskal Herrian eta baita Europako eskualde askotan gehien dantzatu den egitura koreografikoetako bat. Euskal Herrian ospakizun handi eta protokolo garrantzitsuenetan egiten zen dantza ezpata-dantza zen. Corpus eguneko ospakizunak eta errege-erreginen bisitetan erruz agertuko dira ezpata-dantzak. Gipuzkoan esaterako, 1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak hainbat herri bisitatu zituenean, ezpata-dantza eskaini zitzaion ongietorri gisa 17 herritan. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, Antzuolan, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren dantzariekin, eta ia gehienetan ezpata-dantzarekin egin zioten harrera Fernando VII.ari. Talde handiak ziren gainera.

Bizkaiko Markina-Xemeinen ere egiten dute ezpata-dantza. Zenbait elementutan ezberdintzen badira ere, antzekotasun handia du Gipuzkoako ezpata-dantzekin ere. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Katalunia, Galizia, Andaluzia, Flandes edo Ingalaterrako tradizioetan ageri diren antzeko egitura koreografikoak daude gure ezpata-dantza honen oinarrian: taldea osatzeko modua bera, eta baita zubiak, ganbarak eta arrosa egiteko modua ere.

Tradizio luzeko dantza hauez gain, azken urteotan sortu edo bersortu egin dituzten ezpata luzeko tradizio berriagoak ere hartu ditugu informazio iturri (Eibarko Arrateko dantzak batez ere, baita Beasainen, Andoainen eta Añorgan egin dituztenak ere.)



Ezpata-luzeko dantzarien ondoan, eskuan ezpata txikiak daramatzaten dantzariak ageri ohi dira Gipuzkoako eta Bizkaiko ezpata-dantzetan batez ere. Dantzari trebeenei uzten zaie eginkizun hori, zailtasun tekniko handiko urratsak egin behar izaten baitituzte haien zortzikoetan. Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizioetan ederki gorde dute karaktere dantzen multzoan sar dezakegun dantza molde hori (artaziak, zango goratzeak, muriskak eta bestelako urrats konplikatuak barneratzen dituena). Nafarroako kasuan modu lausoagoan, baina ezpata-txikiekin dantzatuko duten Kapitainendako egokiak izan daitezkeen urratsak identifikatu ditugu ingurutxo edo zortzikoetako belauntxingoetan. Gipuzkoako eta Bizkaiko tradizioetako urrats teknikoekin parekatu ditzakegu. Horregatik erabaki dugu Iruñeko Ezpata-dantzaren baitan ezpata-txikiko dantzarien (Kapitainen) figura sartzea.

Elementu horiek guztiak jasoz gure inguruko ezpata-dantzen antzeko, baina era berean ezberdin eta bereizgarria izanen den Ezpata-dantza sortu nahi izan dugu.

Jantziak

Koreografiekin egin dugun moduan, jantzi berriak sortu ditugu ezpata-dantzarako, baina gisa honetako dantzetan erabili izan diren eta erabiltzen diren jantzietan oinarrituta. Iruñeko XVI-XVII-XVIII. mendeetako danzanteei buruzko informazio ezberdinetan topatzen dugu, zuriz jazten zirela normalean, gona motzak zeramatzatela batzuetan - Valentziatik zetozen danzanteen eraginez. Gaur egun ere Gipuzkoan eta Erribera aldean erabiltzen dituzte gona motz horiek - koloretako apaingarriak zeramatzatela, zintzarriak lotzen zituztela zangoetan, kapela koloretsuak zeramatzatela... Garai hartan sendotu ziren gaur egun ezagutzen ditugun hainbat dantzen ezaugarriak, baita janzkerari dagokionez ere. Gertuko tradizioetatik ere ikasi nahi izan dugu alor honetan (Lesaka, Gipuzkoa, Erribera, Luzaide...). Behin eta berriz aipatzen ari garen dantza tradizioetan ohikoa denez, kolore zuriko arropa hartu dugu jantziaren oinarri: alkandora, galtza motza, galtzerdiak eta gona motza. Bularraldean zintak eta eskapularioak eramenen dituzte dantzariek. Zangoetarako zintzarriak ere hartu ditugu apaingarri. Azkenik, Iruñeko Ezpata-dantzaren janzkeran bereizgarri izan daitekeen buruko kaska erantsi diogu jantziari. Gisa honetako kapela loredunak hainbat eta hainbat dantza tradizionaletan ikusten ahal ditugu, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Musika

Musika ezinbesteko osagaia da dantzarako. Tradizio berria sortu nahi dugun arren, musikari dagokionean doinu tradizionalak eta ezagunak erabili nahi izan ditugu ezpata-dantza laguntzeko, horrela dantzak berriak izanagatik ere, ezagut-errezagoak izanen direlakoan. Gure tradizioan ohikoak diren 3/8, 2/4, 6/8 eta 6/8-3/4 erritmoko doinuak dira. Bi txistuz eta atabalaz jotzeko doinuak dira denak, Nafarroako iparraldeko zortziko, biribilketa, bandera-arbola eta bestelako doinu tradizionaletatik ateratakoak. Dugunako txistulariek joko dituzte doinuok.

Ibilbidea

Kortejoa Errotxapeako zubitik aterako da. Bertan banderaren dantza eginen dugu. Horren ostetik ezpata-dantzarien taldea Santo Domingo kaletik igo eta bertan dagoen San Ferminen irudiari dantzatuko diote Kapitainek. Aldapako San Ferminen elizara abiatuko da segidan tropela, San Ferminen irudia  atetik ateratzean Kapitainek dantza eginen diote berriz. Kortejoak prozesioan parte hartuko du, bukaeran San Ferminen irudiari arkua eginen diotelarik dantzariek.

Prozesioa bukatzearekin ez da amaitzen dantzarien lana. Udal plazara abiatuko da taldea eta bertan eginen dute Ezpata-dantza. Dantzariek buruzagiaren lepo inguruan ehunduko dute arrosa eta honen ondotik buruzagia arrosaren gainean lurretik altsatua izanen da, berriz ere banderaren dantza egiten den bitartean. Horren ondotik Kapitainek haien hirugarren zortzikoa dantzatuko dute.
Dantza taldearen egoitzara abiatuko da kortejoa azkenik, Buruzagiaren eta Zerbitzariaren arteko zortzikoarekin amaituko delarik eguneko jarduna.

Tradizioaren koreologia


Tradizioz gaurdaino iritsi diren euskal dantza tradizionalak deskribatzerakoan irizpide koreologikoak erabili dituzte zenbait ikertzailek. Sailkapen horietan oinarritu gara Iruñeko Ezpata-dantza osatzeko erabiliko ditugun egitura koreografiko nagusiak hautatzeko.

Ezpata-dantzak

Dantzariak lerro bakarrean edo bi, hiru edo lau lerrotan antolatzen dira. Bakoitzak ezpata luze bat du eskuan, eta ezpata heldulekutik eskuarekin hartuta punta aurreko dantzariari ematen dio. Denen aurrean buruzagia jartzen da, eta honek aurreko dantzarien ezpatak hartzen ditu. Ezpata-dantzak dira, eta ezpatak aipatuko ditugu behin eta berriz, baina askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezkatuak izan dira. Makilak batzuetan (koloretako zintekin apainduta), lantza luze batzuk, e.a. Gure kasuan egurrezko ezpatak hautatu ditugu herraminta gisa. Esan bezala, Nafarroan ez dago ezpatekin dantzatzen den ezpata-dantzen aztarna bizirik, baina bai zintadun makilekin egiten den bat behintzat, Lesakakoa. Iruñeko Ezpata-dantza ezpatekin ala egurrezko makilekin egin, hori izan zen dantzaren elementuak hautatzerakoan edukitako zalantzetako bat. Erdiko bidea hartzea erabaki genuen, egurrezko ezpatak aukeratuz, Ezpata-dantzari ikutu bereizgarria emanen ziolakoan, bestalde.

Ezpata, makila edo lantza izan, behin eta berriz errepikatzen den egitura ikus daiteke ezpata-dantzetan. Dantzariak bi lerrotan antolatzen badira V tankerakoa izango da ezpata-dantza, eta dantzariak lau lerrotan badaude W tankerakoa. W tankera honetakoa izanen da Iruñeko Ezpata-dantzaren egitura.

Askotan, ezpata-luzeko dantzarien ondoan ezpata txikiak daramatzaten dantzariak ageri ohi dira. Normalean taldearen atzeko aldean joaten dira hauek, eta dantzatu behar dutenean aurrealdera pasatzen dira.

Ezpata-dantza egitura hauetatik abiatuta hainbat forma desberdin har daitezke. Baina badira zenbait mugimendu tradizioan askotan errepikatu direnak, eta hainbat tokitako dantzetan aurki ditzakegunak. Horietako batzuk jaso ditugu Iruñeko Ezpata-dantzarako:

  • Zubiak

Ezpata-dantza taldea ikusi dugun egitura horretan antolatuta dagoela, buruzagiak edo maisu zaharrak bere burua biratu eta atzerantz jotzen du. Dantzariek ezpatak ez dituzte askatzen, eta ondorioz, denek buruzagiaren ibilbidea egingo dute, aurreraino lehenik eta atzeruntz ondoren. Ezpatak askatu gabe mugimendu horiek egiteko bi modu nagusi erabili izan dira. Ohikoena ezpatak buru gainetik altxatzea da, eta horrela dantzariak azpitik pasako dira.

  • Ganbarak

Normalean agintariak eta omenduak azpitik pasarazteko egiten den ganbara edo arkua.

  • Zintzarria

Ezpata-dantzetan oso zabaldua dagoen beste egitura zintzarria, arrosa, parrilla edo degollao izenekoa da. Ezpatak elkar gurutzatuz osatzen da egitura hau, dantzarietako baten lepo inguruan antolatzen da maiz. Zintzarriaren gainera igo ohi da buruzagia beste batzuetan. Euskal Herrian Legazpian eta Markinan ezagutu ditugu mota honetako egiturak eta Iruñeko Ezpata-dantzarako ere erabili dugu. Izan ere, kondairak dio San Fermin zintzurra moztuta hil zutela, eta Ezpata-dantzako degollao-aren figura ezin egokiagoa da Iruñeko patroiaren martirioa gogoratzeko (hori baita San Fermin txikietan gogoratzen dena).



Eskerrak

Eskerrak eman nahi diezkiegu Iruñeko Ezpata-dantza sortzeko prozesuan laguntza eman diguten lagun guztiei. Lehenbizi eta behin, eta bereziki Juan Antonio Urbeltz-i, gure proiektua ulertu eta koreografiak, jantzien osagarriak, doinuak... hautatzerako orduan burubelarri laguntzeagatik. Arrazoi beragatik, Argia dantzari taldeko dantza-maisuei: Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal eta Amaia Buenori. Era batean edo bestean eman diguten laguntza eskertu nahiko genieke era berean, Oier Araolaza, Patxi Laborda, Sabin Bikandi, Jesus Pomares, Julen Leuza eta Itziar Zaldua-ri.

Dokumentuaren akzioak

asier
2009/09/18 19:31
Aritz, zure testu txit interesgarri eta ia akatsgabeari zuzenketatxo txiki bat egite aldera... ARROTXAPEA + leku genitiboaren marka => ARROTXAPEKO

Dantza ikusteko irrikan nago!
aritz
2009/09/19 00:18
Otsagabian Otsagabiko bezala? Zuzenduko dut oraintxe! Eskerrik asko Asier!
Garena
2009/09/20 16:33
Baina zertan zabiltzate? burutik sano al zabiltzate honako sentsugabekeriekin ibiltzen? Honekin benetako jatorrizko dantzak eta tradizioak gutxietsea lortuko duzue, besterik ez. Imagina ezazue erdi arotik datozten Otsagiko dantzak edo Baztango Mutil-Dantzak zuen koreografiarekin parekatua dantza saio batean. Ba edonork esan daiteke: Bah, hauek dantza guztiak asmatzen dituzte, dena gezurra da, ez du inolako balorerik. Niretzat gehiago balio du mutildantza baten pauso bat zuek inbentatzen dituzun guztiak baino.
aritz
2009/09/20 17:29
Kaixo Garena,

Lehenbizi mila esker gure blogean idaztera animatzeagatik.

Bigarrenik, guk tradizioa ahalik eta errespetu handienaz tratatzen saiatzen gara, bertatik edaten dugu eta. Baina testuan diogun bezala, tradizioa zerbait dinamiko bezala ulertzen dugu. "Tradizioa prozesu dinamikoa da, gizarte belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien izaera integratzen duena".

Tradizioa gure aurrekoen ondare kulturala baita, baina belaunaldi berrion izaera integratzeko gai da.

Zuk aipatzen dituzun Otsagabiko edo Baztango dantzak noizbaitere asmatuko zituen norbaitek (zuk alaiki diozu erdi aroan*), eta ez da zaila imajinatzea belaunaldiz-belaunaldi eraldatuz joanen zirela, dantza ezin baita errepikapen mimetikoa izan.

Esaterako frogagarria da, dantza horiek beraiek aldaketa garrantzitsuak jasan dituztela (janzkeran, urratsetan, musikan...) azken 100-50 urte hauetan: Otsagabiko dantzetan Patxi Arrarasek eragin zituenak 60-70, hamarkadetan, esaterako (jantzia, eta zenbait musika eta koreografia aldatu zien danzanteei). Edo 1918an Baztango herri ezberdinetan ziren mutil-dantzak dantzatzeko erak unifikatu zirenean Eusko Ikaskuntzaren sorreran dantzatuak izan zitezen.

Toki horietako tradizioa dinamikoa da, beraz. Inori ez zaio okurritzen dantza horiek, aldaketak-aldaketa, tradizionalak ez direnik esatea. Guretzat tradizioa dinamikoa da eta horregatik egiten dugu proposamen hau, tradiziotik edanda, gure ekarpena egiten saiatuz, baina errespeturik handienarekin. Dantza bizia sortu nahi izan dugu, tradizioa bera den bezalakoa.

* Otsagabian dantzari buruzko lehen erreferentzia idatziak XVI. mendekoak dira (inork ez du ziurtatzerik aipatzen diren dantza horiek gaur dantzatzen direnen aurrekari zuzen zirenik). Gaur egun mutil-dantza-tzat ezagutzen ditugun doinu eta koreografiak XVIII. mende aurrekoak direnik ziurtatzeko frogarik ez da.
 
oier
2009/09/21 10:18
Gaia oso interesgarria da Garena. Horregatik honelako ekimenetan garrantzitsuena ez da proposamen berriak "itxura tradizionala" izatea, baizik eta muinean sistema koreografiko tradizionalekin fidela izatea. Tradizioarekin errespetuz jokatzeko modu bat (eta gehien erabili izan dena azken urteotan) orijinalaren kopia ahalik eta fidelena egitea izan da. Baina ez da modu bakarra. Beste bat (aspalditik funtzionatzen duena gainera) tradiziozko dantzen eta festan egiturak aztertu, eta arima horri fidel izanez emari berria apailatzea.

Gure tradizio koreologikoa uste baino berriagoa eta malguagoa dela frogatzeko Aritz-ek adibide on batzuk jarri  ditu, baina edonora begiratuta ere erraz konturatuko gara gure gaur egungo folklorearen zati handi bat XX. mendean bertan "egositakoa" dela, batzuetan egokiago (nire ustez) eta beste batzuetan tradiziozko joera nagusietatik gehiago aldenduz. Lapurdiko inauteri osoa orain 30 urte "ber-asmatua izan zen", Uztaritze eta Makeako azken aztarnetatik abiatuta; Cortes ezik Nafarroako Erriberako paloteado guztiak azken hamarkadetan berreskuratu edo berrasmatu dira, Markinan ezpata-dantza berregin eta saragi-dantza berpiztu dute, Legazpin, Tolosan edo Deban aurpegia garbitu diote ezpata-dantzei,... Lizarrako larrain-dantzaren sorkuntza eta eraldaketa prozesua XX. mendeko kontua da, Faustin Bentaberrik 1920ko hamarkadan sortu zituen gaur egun Luzaide eta Nafarroako Behereko errepertorioetan ezinbestekoak diren Sorginak eta Euskaldunak, Beruetek besteak beste gaur Lizarrako dantzatzat ditugun Korrontxo, Desmayo edo Ballestas dantzak sortu zituen, Urbeltz-ek Axuri-beltza sortu zuen, orain dozena bat urte Iruña taldearen ospakizunetarako San Lorenzoko dantzak sortu ziren eta gaur egun erabat errotuta daude Iruñeko alde zaharrean,...

Zerrenda izugarria da. Beste hainbat dantza sortu dira baina ez dira gaurdaino iritsi. Nik uste garrantzitsua dela dantza bakoitzaren historia ondo dokumentatzea, eta dantzari eta dantza irakasleek horren berri izatea, eta batez ere, egiten diren proposamen berrietan zorrotz eta zintzo jokatzea.
aritz tolosakoa
2009/09/24 09:16
Kaixo Aritz, ezer esan baino lehen zorionak eman nahi dizkizuet egiten ari zareten lan ikaragarriagatik. Guk Tolosan gehienok jakingo dezuten moduan Bordon dantza egiten dugu San Juan egunean, sona haundiko dantza da eta tradizioan oinarritua baina orain dela urte batzuk "aurpegia garbitu zioten" Oierrek aipatu duen bezala. Beraz, badakigu zer den horrelako dantza bat urtero egiteak ekartzen duen lana, ondorioz, ez dut imaginatu nahi ere egin sortzeak eragin dizuena...

Ideia oso ona iruditzen zait, nire ustez herri bakoitzak bere dantza eduki beharko luke, bertako festetan dantzatzen dena. Batzuk tradizio handiagokoak izango dira, beste batzuk gutxiagokoak eta nola ez, oraindik ez dutenak, sortzen badute hobeto. Lehenago irakurri dudan bezela, tradizioa izateko sortu egin behar da!! Niretzat geroz eta dantza herrikoi gehiago izan Euskal Herrian, orduan eta aberatsaga izango da gure kultura, eta gaur egun dantzari falta dela  eta gehienbat (leku batzuetan besteetan baino gehiago, argi dago) honelako pausu bat ematea oso interesgarria da. Ea herri gehiago animatzen diren honelako ideiekin, baina noski beti ere inguruko dantzak errespetatuz.

Txapa hau guztia, zoriontzeko da, asko gustatu zait ideia eta bere ingurukoak. Jantzia originala iruditu zait, ezpata dantza askoren antzekoa baina zerbait aldatuz. Eta egurrezko ezpatarena nola ez, baita ere oso originala.

Ezdakit joaterik edukiko dudan, baina espero det, ezin badut eguneko argazki sorta eder  bat ikusteko aukera izango dugula.

Zorionak
aritz
2009/09/24 11:56
Aritz, estimatuta daude zure hitzak! Mila esker!
Aritz Romeo
2009/09/28 11:21

Egunon, lehenengo eta behin zoriondu nahi zaituztet egindako lanarengatik eta lortu zenuten arrakastagatik. Atzo goizean Iruñeko Udaletxe Plaza jendez gainezka zegoen, eta dena primeran atera zen. Bestalde iruñear bezala eskerrak eman nahi dizuet, izan ere zuena izan da ziurrenik Iruñeako Folkloreari azken urteetan egindako aportazioetan garrantzitsuenetariko bat. Sortu duzuen Ezpata-Dantzak Hiria aberastu egin du, baita iruñear guztiak ere. Aberastu dituzue Udaletxe Plaza txaloz eta animoz bete zituzten ehundaka pertsonak, eta aberastu dituzue ere inolako ziorik gabe  pankartak eta oihuak plazaratu zituzten bakar horiek ere. Beraz, bejondeizuela, Dugunako dantzariak eta txistulariak, edo Iruñako Dantzarien Kofradian kofradeak zareten horiek.

Iker Tubia
2009/10/05 17:11
Idatziriko postak irakurri ditut eta gustatuko litzaidake Aritzek esaniko gauza bat zuzendu. Esaten duzunez herri guziek bertako dantza izan beharko lukete eta dantzari falta dago. Egia esan, ezin dut ados egon bigarrengo horrekin, izan ere, Iruñean zer edo zer soberan bada dantza talde kopurua da.
Bestalde, argi dago herri bateko dantza, bertakoa, herritarrek dantzatzekoa dela. Iruñeko ezpatadantza hau, berriz, ez da Iruñeko herritarrek dantzatzen ahal dutena, ez eta dantzari iruindarrek dantzatzen ahal dutena ere. Udaletxeko dantzarien dantza da, haiendako espreski egina. Horregatik uste dut zaila dela horrelako dantza elitista bat herrian errotzea eta herritarrek bere hartzea.
Dena den, ezin uka dezaket ezpatadantza hau sortzeko eginiko lana izugarri handia izan denik. Gauza batek ez du bestea kentzen.

Askotarikoak izanen dira aburuak, horratx post guzien dinamika apurtzeko zerbait.
aritz
2009/10/06 14:30
Zure herri-dantzen definizioa eman duzu Iker... Kakanahaste handia dago izendapenen kontura, eta lehenago ere eztabaidatu izan da honen inguruan.

Uste dut blog honetan publikatutako testuetan inon ez zenuela irakurriko Iruñeko Ezpata-dantza herri dantza denik edo izan nahi duenik. Dantza tradizionala bai eta hala izatea nahiko genuke. Ez baita guretzat gauza bera herri-dantza edo dantza tradizionala (loturako testuan Oier-ek azaldu bezala).

Hortik tiraka, dantza tradizional eta herri-dantzaren arteko eremu labainkorraz probestuz, diozu gurea dantza elitista dela. Elitista zergatik? ezin duelako dantzari talde horretakoa ez den beste inork dantzatu? Hartara zure definizioaren arabera Otsagabiko, Durangaldeko, Kortes-eko, Lekeitioko, Lapurdiko... dantzak, hau da, talde egituratu batek dantzatuak diren dantzak (baita zuk dantzatzen dituzunak ere) dantza elitistak lirateke.

Elitista hitzak duen kutsu ezkorra aintzat hartuta eta adjetibo hori gure ondarean diren zenbat eta zenbat dantzei aplikatzen diezun ikusita, larritzen nau zure pentsamenduak.
Iker Tubia
2009/10/06 16:08
Ez dut uste Korteseko dantzari batek arazorik izanen lukeenik dancea dantzatzeko, ezta Lapurdiko batek bere herriko dantzak kaleratzeko ere. Esan nahi nuena "elitista" hitzarekin zera da, Iruñeko edozein dantzarik ezin duela dantzatu. Agian arazoa da Iruñea herri handiegia dela? ez dakit, baina ezin uka dezakezu dantza hau ez dela Iruñeko dantzariendako, talde batendako baizik.
Ongi iduritzen zait zuen dantza sortzea, ez dut horren aurka eginen, baina egunkarietan saldu zaiguna zera da, antzina egiten ziren ezpatadantzen "berreskurapena" dela, Iruñeko berezko dantza izan nahi duela. Eta horregatik uste dut, Iruñekoa baldin bada, bertako dantzariek aukera izan beharko luketela berau dantzatzeko.
aritz
2009/10/06 17:45
Iker,

Benetan uste al duzu Cortes-eko edozein dantzarik dantza dezakeela San Miguel egunean egiten den Dancean? 8 mutilek eta 8 neskek baino ez dute dantzatzen eta denak talde berekoak ( 2 dantza talde daude bertan: Paloteado de Cortes deritzon elkartea eta Yona dantza taldea). Oker ez banago lehenengoek dantzatzen dute San Miguel egunean eta ez besteek...

Kasu horren gisakoak hamarnaka daude gure herrietan, hau da, dantza talde baten ardura izatea tokian-tokiko dantzak dantzatzearena (eta kasu horietan dantza taldekoa ez den beste inork ez du dantzatzen).

Edozein kasutan ulertzen dut zure kezka, izan ere, Iruñean dantzari eta talde asko baitago. Guk ez dugu esaten hau Iruñeko dantza bakarra izan behar duenik, edozeinek egin dezake bere proposamena, guk gurea egin dugun gisan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.